Koronabirusa Uribe Kostan

"Krisi honetan langileon osasuna arriskuan jarri dute", diote sindikatuek

Unai Brea 2020ko api. 28a, 20:22

Gorlizko ospitalean egindako elkarretaratzea. © LAB SINDIKATUA

Laneko Segurtasunaren eta Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna da gaur, apirilak 28, eta sindikatuek hainbat mobilizazio egin dituzte, gobernuei eta kapitalari "gure bizitzak arriskuan jartzeko prest egotea" leporatzeko. Aurtengoan  COVID-19aren krisiak izan du protagonismoa aldarrikapen-egun honetan, eta Uribe Kostan, besteak beste, elkarretaratzeak egin dituzte Gorlizko eta Urdulizko ospitaleetan.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta HIRU sindikatuek deituta egin dituzte gaurko protestak. Honakoa esan dute koronabirusaren krisiaz: "Langile guztion osasuna arriskuan jarri dute: funtsezko zerbitzuetan ari diren osasun-langileena, garbitzaileena, garraioan dabiltzanena, elikagai-saltzaileena, farmazietako langileena, gasolindegietakoena... Arriskuan jarri dute, babes-neurririk gabe lan egiteak bizitza arriskuan jartzea baitakar".

Era berean, funtsezkoak ez diren sektoreetako langileen osasuna eta bizitza ere arriskuan ipini izana salatu dute, "prebentzio-neurri egokirik gabe lan egitera behartu dituztenean, bestelako mugimendu guztiak erabat debekatuta egonda". Langileek kaleko mugimenduak zorrotz kontrolatzea eta lantokietan, aldiz, ikuskaritza barik jardun behar izana azpimarratu dute sindikatuek.

Osakidetzari eskariak

LABek, bere aldetik, hainbat eskari zehatz egin dizkio Osakidetzari koronabirusaren krisia dela eta. Alde batetik, bertako behargin denei (baita aldi baterako dabiltzanei edo ibili direnei ere) testa egin diezaietela, bai PCR bai odoleko serologia-proba.Test horiek lehenbailehen egiteko eskatu dute, aukera denak kontuan hartuta, "eta EHUren eta laborategi pribatuen baliabideak erabilita".

"Langile guztientzat, publikoentzat edo kontratakoentzat, babes-ekipamendu egokiak eta kalitatezkoak eskatzen jarraitzen dugu", gaineratu dute. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun