Elkarrizketak

"Herritarrok arduraz jokatzen ez badugu ezinezkoa izango zaigu pandemia honi aurre egitea"

Iker Rincon Moreno 2020ko mai. 14a, 12:01

Konfinamendua arintzeko 1 fasean sartuta gaudela, taberna askok euren terrazak zabaldu dituzten arren, oraindino badaude horretarako aukerarik ez dutenak. Azken horien artean kokatzen da Algortako Hezetasuna auzoan dagoen Gurea taberna. Bertako jabea den Alejandra Viviana Cabrerak azaldu digunez, "une honetan ez dago inolako arau finko eta zehatzik, eta ezarrita daudenakaz ez dit merezi pertsiana altxatzea".

Larrialdi egoerak gehien kaltetuetako negozioak dira ostalaritzari lotutakoak. Zelan hartu zenuen taberna itxi behar izatearen neurria?

Ostalaritzan gabiltzan denok ipurdikoa jaso genuen neurri horregaz, eta den-denok itxi behar izan genituen tabernak martxoaren 15ean.

Zaila izan zaizu aurrera egitea bi hilabeteotan?

Nire kasuan, bai. Zaila izan da eta oraindino izaten ari da nire bikotea eta biok tabernako diru-sarreretatik bizi garelako. Hala, imajina ezazu zein momentutan gauden; oso gogorra izaten ari da.

Momentuz, pisuaren eta tabernaren errenta ordaintzen ari gara gordeta genituen aurrezkietatik. Baina, noski, horri zergaz, fakturak eta bestelako zorrak gehitu behar zaizkio.

Zeintzuk neurri hartu behar izan dituzue aurrera egiteko?

Momentuz, pisuaren eta tabernaren errenta ordaintzen ari gara gordeta genituen aurrezkietatik. Baina, noski, horri zergaz, fakturak eta bestelako zorrak gehitu behar zaizkio. Hala segituko dugu ahal dugun bitartean.

Gobernuaren partetik diru-laguntzarik jaso duzu?

Momentuz ez dut inolako laguntzarik jaso, inondik ere.

Zer deritzozu arintze faserako hartutako neurriei?

Ulergarria da ez dela batere erraza hori dena garatzea, baina deitoragarria da neurriok batere ulergarriak ez izatea. Kontraesankorrak dira neurri batzuk horiek martxan jartzerakoan. Uste dut bizi dugun fase honetan horrenbesteko burokrazia alde batera utzi beharko litzatekeela eta bertako ekonomia hauspotzearen alde lan egin beharko luketela.

Zer eskatuko zenioke Gobernuari?

Hasteko, autonomoak buruan izan ditzala eta gure negozioak aurrera atera ahal izateko laguntzak ematea. Baina denok izatea buruan, baita txikiak garenak ere, oharkabean uzten gaituzte eta zergak ordaintzen ditugu, handiak bezalaxe.

Eta herritarrei?

Mesedez lagundu gaitzatela. Denon ardura da distantziak mantentzea, maskarak erabiltzea eta eskularruak eramatea. Herritarrok arduraz jokatzen ez badugu ezinezkoa izango zaigu pandemia honi aurre egitea. Hortaz, izan gaitezen arduratsuak eta osasun-neurriak bete ditzagun denok batera aurrera egin ahal izateko.

"Nigatik izango balitz oraintxe bertan zabalduko nuke; hala ere, une honetan ez dago inolako arau finko eta zehatzik eta ezarrita daudenakaz ez dit merezi pertsiana altxatzea"

Noiz zabalduko duzu taberna eta nola?

Hor dago koska. Nigatik izango balitz oraintxe bertan zabalduko nuke; hala ere, une honetan ez dago inolako arau finko eta zehatzik eta ezarrita daudenakaz ez dit merezi pertsiana altxatzea. Malguagoak izan beharko lirateke. Nire taberna txikitxoa da; hala, zelan egin dezaket? Akabuan magia egin beharko dut!

Etorkizunean “normaltasun” batera helduko garela uste duzu?

Hori gure ardura da, Gobernuarena eta herritarrona. Lanean jarrita eta gauzak ondo eginda nik normaltasun batean sinisten dut.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun