Koronabirusa Uribe Kostan

Uribekostarrak Bizkai osotik mugi daitezke gaurtik aurrera

Iker Rincon Moreno 2020ko mai. 18a, 10:10

Elkarregaz batzeko aukera bakarra oraindino tabernetako terrazetan egitea izango da. HODEI TORRES

Konfinamendua arintzeko lehenengo fasea are gehiago malgutuko du Eusko Jaurlaritzak gaurtik, maiatzaren 18tik aurrera. Hala, besteak beste, herritarrek euren bizilekuari dagokion lurralde historikoaren barruan mugarik gabe mugi ahal izango da, baita bigarren etxebizitzan gaua igaro ere.

Eusko Jaurlaritzak joan den maiatzaren 10ean publiko egindako 8/2020 Dekretuaren hainbat artikulu aldatu ditu konfinamendua arintzeko lehenengo fasearen erdian. Neurri horiek udalerrira eta udalerri mugakideetara mugatu egiten zuen herritarron mugikortasuna, salbuespenakaz. Orain, aldiz, joan den zapatuan publikatutako Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aldaketa batzuk egin zituzten publiko; hala, gaurtik, maiatzaren 18tik, aurrera herritarrak bizilekua duten lurralde historikoaren barruan mugi daitezke. Ohiko joan-etorriak egiten diren udalerri mugakideen arteko mugikortasuna ere baimendu dute, lurralde historiko desberdinetan egon arren.

Jarduera fisikoa eta kirola egiteko mugikortasuna baimendu du Eusko Jaurlaritzak, norberaren lurralde historikoaren barruan edo bizilekuaren mugakide diren beste lurralde historiko batean dauden udalerrietan ere, "betiere osasun-agintariek ezarritako segurtasun-, osasun- eta higiene-neurriak errespetatuz".

Kudeaketa pribatukoak diren aire zabaleko kirol-instalazioak maiatzaren 9ko aginduak ezarritako moduan ireki ahal izango dira, eta horiek kokatuta dauden lurralde historiko osoko herritarrek erabili ahal izango dute, bai eta bizilekua udalerri horren mugakide den beste udalerri batean duten herritarrek ere, nahiz eta udalerri hori beste lurralde historiko batean egon.

Banakako kirol-jarduera, aurrez hitzordua eskatuta eta kudeaketa pribatuko kirol-zentroetan egin ahal izango da baita ere, bizilekua dagoen udalerriari dagokion lurralde historikoaren barruan, bai eta udalerri horren mugakide izanik beste lurralde historiko batean dauden udalerrietan ere.

Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean ezarritako berritasunak

Espainiako Osasun Ministerioaren agindu berria argitaratu du aste-akabuan Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE). Horretan, konfinamendua arintzeko 1 Fasearen bigarren astean baimenduko diren neurriak azaldu dituzte. Hala, ezarritako berrikuntzen artean honakoak nabarmendu daitezke EAEn:

  • 400 metro koadro baino gehiagoko merkataritza-establezimendu eta lokalek ateak ireki ditzakete, betiere segurtasun-distantziak mantendu ahal izango dela bermatuta.
  • Ehiza eta kirol-arrantza baimendu da.
  • Familia osoa atera daiteke paseatzera 14 urtetik beherako haurrakaz, orain arte ezarritako ordutegietan.
  • Ospitaleratutako gaixoei bisitak egin daitezke, betiere COVID-19ak kutsatuta ez daudenean. Bisitaria pertsona bakarra izan beharko da.
  • Bigarren etxebizitzetara joan ahalko da, baita lo egitera ere; bakarrik bizi garen lurralde historiko berean baldin badago.
  • Bizikideak ibilgailu berean joan ahal izango dira.
  • 400 metro koadro baino gutxiagoko saltokietan ez da beharrezkoa izango aldez aurreko hitzordurik. Hala ere, edukieraren %30eko muga bete beharko da eta metro biko segurtasun-distantzia mantendu ere.
  • Aire zabaleko merkatuak baimenduko dira, udalen oniritziagaz. Edukiera eta segurtasun-distantziak mantendu beharko da eta ohiko postuen kopurua %25era mugatuko da.
  • Loteria-administrazioak irekiko dira.
  • Gaubeilak baimenduta daude, baina joan daitezkeen senideen kopurua mugatu egingo da: 15 lagunekoa aire zabalean, eta hamarrekoa leku itxietan.
  • Hiletak eta ehorzketak ere mugatuko dira: gehienez 15 pertsona joan ahalko dira, eta, nahi den kasuan, apaiza ere batu ahalko zaio talde horri.
  • Gurtza-lekuak irekita daude, baina fededunen joan-etorria heren batera murriztuko da.
  • IAT egitera edo kontzesionario batera joan daiteke, aurretik hitzordua eskatuta. Dena dela, berritzeko epea luzatu du Espainiako Gobernuak.

BOEn argitaratutako neurri guztiak sakonago ikusteko sakatu hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun