Koronabirusa atzerrian

"Ezin gara gure egoeraz kexatu"

Bedford 1978 auto-karabana bat egokitu eta horretan bizi dira Australian.

Australiako Gold Coast aldean dabiltza Iñigo Calvo de la Quintana eta Julen Arrizabalaga Gonzalez. Duela 3 urte egin zuten salto antipodetara, bertan lan egitera eta auto-karabana batean abentura berriak bizitzera. Diotenez, koronabirusak agerraldia egin du bertan, baina daborduko ia dena normaltasunean dagoela aitortzen dute. Izan ere, Australiako egoerak ez dauka zer ikusirik berton bizi izan dugunagaz: 25 milioi biztanletik 7.119 COVID-19 kasu atzeman dituzte gaur arte, eta 105 pertsona hil dira.

Australian konfinamendua ere ezagutu dute, eta hori indarrean egon da duela gutxira arte. Hala ere, etxealdia “nahiko lasaia” izan dela aitortu dute gazteek, “orain dela hilabete inguru hasi zen, baina jada amaitu da”. Gobernuak hartutako neurriak tabernak, gimnasioak eta horrelakoak ixtea izan zela azaldu dute: “krisiaren bi aste gogorrenetan ia dena itxita egon zen, supermerkatuak eta oinarrizko gauzak saltzeko dendak izan ezik”. Hala ere, kalera atera, kirola egin eta lagunen etxera (2 lagun gehienez) joan zitezkeen, baita hondartzara joan olatuez gozatzera. Apurka-apurka larrialdia baretuz joan da bertan eta daborduko normaltasuna bizi dutela aitortu dute, “distantzia soziala mantenduz noski”.

“Familia edo lagun bati zerbait pasako balitzaio gu oso urrun gaude eta horrek beldurra sortzen digu”

Lanari dagokionez, biek lanean segitu dute euren lanpostuetan. Azaldu dutenez, Iñigo “guztiz normal” dabil lanean Auto Marine Electricalen. “Eskuak gehiago garbitu eta distantzia mantendu beharra dago, baina bestela normal ari gara hemen”. Julen, aldiz, etxetik ari da lanean Vitality 4 Life enpresan marketin arduradun gisa. Astean birritan joan behar izaten du bulegora, baina bestela den-dena etxetik egin dezakeela aitortzen du, “ez da aldaketa askorik nabaritu”.

Okerrena etxetik urrun egotea izan dela azpimarratu dute biek, “familia edo lagun bati zerbait pasako balitzaio gu oso urrun gaude eta horrek beldurra sortzen digu”.

Erlazionatuak

"Jendea pozik dago Gobernuak egindako kudeaketarekin"

Uribe Kosta

Duela urte eta erdi joan zen Rocio Gandarias Zeelanda Berriko Auckland hirira lanera. Joan den martxoaren 25ean ezarri zuten herrialde horretan kon...
“Zorte handikoa naiz lanpostua eta soldata mantendu dizkidatelako”

Getxo

AEBetako Chicago hirian harrapatu du COVID-19aren pandemiak Beñat Azkargorta. Duela hiru urte joan zen bertara master bat ikastera; ordutik ...

Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.

Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda, edo gure 5. urteurrena dela eta martxan ipini dugun Eman Bostekoa HIRUKAri kanpainan parte hartzera (bost euroko ekarpena eskatuko dizugu). Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz.


Izan zaitez HIRUKAlagun