Dena prest hondartza-sasoia hasteko: hiru orduko egonaldiak eta kirolik ez

Unai Brea 2020ko eka. 13a, 20:30

Maria Unzueta diputatua Plentziako hondartzan. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Elena Unzueta, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasun eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak eta Maria Presak, erakunde bereko Ingurumen zuzendariak, ekainaren 15ean hasiko den aurtengo hondartza-denboraldia aurkeztu dute gaur Plentzian. Funtsean, maiatzaren amaieran iragarritako neurriak gogorarazi dituzte.

Hondartzetan pandemia-egoerara egokitzeko hainbat gomendio eta arau adostu zituzten Aldundiak eta udalek maiatzean. Aipagarrienetako batzuk dira pertsona bakoitzak gehienez hiru ordu eman ahal izango dituela hondartzan, segurtasun-tartea mantenduta ahalik eta jende gehien joan ahal izateko; kirolik ezin izango dela egin ordutegi ofizialaren barruan, hau da, 11:00etatik 20:00etara; eta kolore-sistema bat erabiliko dela erabiltzaileei adierazteko zein den momentu bakoitzean hondartzen okupazio-maila. Oso beteta daudenean megafoniaz ere jakinaraziko da, bertan daudenak irteten has daitezen.

Gaur zehaztu dutenez, gainera, sorospen-guneetan osasun-laguntza emateko protokoloa ere aldatuko da koronabirusa dela eta. Hala, bertara sartzeko muga adierazten duten seinaleak ipiniko dituzte, laguntza behar duten pertsonek eskuak gelez garbitu beharko dituzte, eta sorosleek emandako maskara edo eurek eroandakoa jantzi beharko dute gunera sartu aurretik.

Gunean pertsona bi bakarrik egongo dira: soroslea eta laguntza behar duena. Salbuespen bi egon daitezke: laguntza emateko teknikak direla eta pertsona bat baino gehiago behar direnean (orduan, sorosle bat baino gehiago egon daiteke), eta laguntza behar duena adingabea edo mendekotasuna duen pertsona izatea (orduan, heldu bat egon daiteke harekin).

Bestalde, aurreko urteetan legez Hondartza Denontzat zerbitzua ipiniko dute martxan hondartza batzuetan, arazoren bat dutenei bainua hartzen laguntzeko, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra eta gaur egungo osasun-egoerara egokituta betiere. Uribe Kostaren kasuan, Ereagak eta Plentzian izango da zerbitzu hori.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun