Urriaren 3an Munarrikolandara eta Ermuara igotzeko deia egin dute, presoen alde

Unai Brea 2020ko ira. 3a, 19:41

Euskal Herri osoko 650 menditara aldi berean igotzeko deialdia egin du Sare mugimenduak, preso, erbesteratu eta iheslariak etxera itzultzearen aldeko Izan Bidea ekimenaren barruan. Hain zuzen ere, Algorta, Berango, Sopela eta Urdulizko herritarrei Munarrikolandara igotzera deitu diete, eta Gorliz, Plentzia, Itzubaltzeta, Leioa eta Erandiokoei, Ermuara igotzera.

Euskal Herriak dituen biztanle adina kilometro ibiltzea da Izan Bidea ekimenaren erronka: 3.127.326. Uribe Kostan, esaterako, oinezko martxak egin ziren ekainaren 21ean. "Orain, gure aldarrikapenak mendien tontorretara eramateko erronka ezarri diogu geure buruari", azaldu du Sarek.

Tontor horietako bat Munarrikolanda izango da, Berango eta Sopelaren arteko mugan. Bertara igotzeko txangoa 10:00etan hasiko da, Berangoko metro-geltokian. Eskualdeko beste hitzordua Gorlizko Ermua mendira igotzeko izango da. Hasiera Gorlizko hondartzako aparkalekuan egingo dute, 10:00etan ere bai.

"Kilometroak eta urratsak batzen ari gara, helburu argi batekin: euskal presoen arazoari konponbidea ematea, eta bizikidetza eta bakea lortzeko aurrerantz joatea", dio Sarek, "gizartearen aktibazioa erakundeen lanarekin uztartuz egoera honi behin betiko irtenbidea eman dakiokeela uste dugu". Presoak Euskal Herrira ekartzeko gizartearen eta erakundeen kontsentsua dagoela azpimarratu du elkarteak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun