Elkarrizketak

"Politika murriztaileen eraginez emakume batzuk pairatzen ari diren giza eskubideen urraketa ikusarazi nahi izan dugu"

Iker Rincon Moreno 2020ko urr. 16a, 11:57
Itxaso Díaz, grabaketa-lanetan. © HIGINIA GARAY

XII Festival Internacional de Cine Invisible, Film Sozialak izenekoan aukeratutako hainbat dokumental ikusi ahal izango dira gaur, barikuan, Romo Kultur Etxean, 19:00etatik aurrera. Horien artean, Itxaso Díaz zuzendariaren La historia de todas nosotras proiektatuko dute. Ospitalez kanpoko erditzeetan euren umeak galdu ondoren abortu-delitua egin izana leporatu eta gerora hilketa larriagatik espetxeratuak izan diren El Salvadorrek hiru emakumeren testigantzak jaso ditu lan horrek. Dokumentalaren nondik norakoak azaldu dizkigu Díazek.

Zuk zuzendutako La historia de todas nosotras dokumentala aukeratu dute Film Sozialak jaialdiaren 12. edizioko "Genero Berdintasuna" kategorian lehiatzeko. Lan hori gaur eta bihar proiektatuko dute Itzubaltzeta/Romon eta Bilbon, hurrenez hurren. Zelakoa izan da dokumental hori garatzea?

Dokumental hau Las mujeres decididas lanaren jarraipena da, 2018an Film Sozialen Genero Berdintasuna saria irabazi zuena. Dokumental biak Bilboko Mundubat GKEk eskatutako proiektuak dira, El Salvadorren duten delegazioaren bitartez. Kasu bietan Erdialdeko Amerikan ematen den haurdunaldiaren etetearen penalizazioa jorratu dut, hain zuzen ere El Salvadorren eta Hondurasen.

Noiz hasi zineten hori grabatzen?

2018ko amaieran ekin genion proiektua planifikatzeari. 2019an hura garatzeko beharrezkoa genuen finantzazioa lortu genuen eta urte horretan bertan, irailean, El Salvadorrera joan ginen produkzioa egitera. Aurtengo maiatzean, pandemiaren erdi-erdian, hura bukatzea lortu genuen.

Daborduko dokumentala aurkeztu duzue inon? Zelako harrera izan du horrek?

Bai, nazioarteko hainbat jaialditan aurkeztu dugu. Momentuz 16 alditan aukeratu dute Argentina, Mexiko, Kolonbia, Txile, Ingalaterra eta Austrian, besteak beste. Nazio mailan Valentzia, Madril, Ciudad Real, Bilbo eta Leonen aurkeztuko dugu. Azken horretan “Retina con Igualdad. Cine con perspectiva de género” saria irabazi genuen Ponferrada Film Festivalean. Oso pozik gaude lortzen ari garen harrera onarekin.

El Salvadorren emakume askori abortu-delitua egozten hasten dieten arren, batzuetan hilketa larriagatik zigortzen dituzte, eta kartzelatik pasatzen diren horiek estigmatizatuta daude gizartean.

Dokumental horretan Elsi, Cinthia eta Mariana emakumeen errealitateak kontatzen dituzu; hala ere, horiek munduko edozein emakumerena izan daitezke. Zer mezu zabaldu gura izan duzu lan horregaz?

Politika murriztatzaileen eraginez emakume batzuek pairatzen ari diren giza eskubideen urraketa ikustaraztea da garrantzitsuena nire ustez; bereziki sexu- eta ugalketa-eskubideei dagozkienak.

Zergatik erabaki zenuen zehazki hiru emakume horien historiak ezagutaraztea?

Kameren aurrean euren ahotsa eta irudia emateko prest egon diren hiru boluntario ausartak dira Elsi, Cinthia eta Mariana. Euren errealitateak kontatu dizkigute, baita zeintzuk bidegabekeriei egin behar izan dieten aurre ere. El Salvadorren emakume askori abortu-delitua egozten hasten dieten arren, batzuetan hilketa larriagatik zigortzen dituzte, eta kartzelatik pasatzen diren horiek estigmatizatuta daude gizartean. Hori dela eta, emakume askok nahiago dute anonimotasunean segitzea, eta ez da erraza izan grabaketetarako boluntarioak topatzea, euren testuingurua, irudiak eta senideak erakusteko. Hori dela eta, eskerrak baino ez ditugu dokumentalaren hiru protagonistentzako.

Abortatzeagatik kartzela zigorra dago El Salvadorren; zeintzuk herrialdetan baita ere?

Haurdunaldiaren etetearen zigorraren gaia konplexua da eta aldaera asko dago mundu mailan. Batzuetan onartzen da egoera jakin batzuetan, hala nola etikagatik; bortxaketa kasuetan; amaren bizitza arriskuan dagoenean; eugenesia-kasuetan; eta fetuak malformazioak dituenean eta horiek umearen bizitzan eragina izan dezaketenean. Kasu horiek ematen ez direnean, abortuak kartzela zigorra ekar dezake leku askotan. Hala ere, El Salvador, Honduras eta Nikaraguan ez dago inolako salbuespenik eta kasu batean ere ez ezin da aborturik egin; halakorik egitekotan kartzela zigorra 2 eta 10 urtekoa izan daiteke.

Dela dela, ez gara hain urrutira joan behar abortua ilegala den herrialdeak topatzeko; Europan, besteak beste Maltan, Vatikano hirian eta Irlandan (2018ra arte, erreferendum bidez despenalizatu egin zen). Hala ere, azkenengo kasuotan ez dago kartzela zigorrik.

Zer dela eta erabaki zenuen El Salvadorrera joatea proiektu hau garatzeko?

1998tik aurrera abortua 2 eta 10 urte arteko kartzela zigor gisa tipifikatuta dago El Salvadorren. Hala ere, epaitutako emakumeak hilketa larriagatik zigortzen dituzte, eta kondenak 30 eta 40 urte artekoak izan ohi dira.

Errealitatearen zinema deitzen diote askok dokumentalari; agian horregatik fikzioan baino fideltasun handiagoarekin heltzen da mezua.

Dokumentala ikus-entzunezko formaturik erosoena dela esan duzu inoiz. Zer dela eta?

Nire ikus-entzunezko lengoaiarik naturalena da; asko identifikatzen naiz horrekin. Uste dut aukera asko dituen formatua dela, abagune asko ditu kreatibitaterako eta bestelako narratiba batzuekin esploratu ahal izateko. Gauzak kontatzeko hamaika aukera eskaintzen ditu dokumentalak.

Zelako gaiak landu ohi dituzu zure dokumentaletan?

Askotarikoak izan daitezke, hala nola giza eskubideen urraketak, elkarbanatutako memoriak, migrazio-mugimenduak, identitateak, zahartzea, tolerantzia, kontzientziazioa... Proiektuaren arabera.

Bestelako proiekturik duzu buruan?

Duela hiru urte abiatu nuen dokumental bat bukatzen ari naiz orain: Lanak, cambios de paradigmas en las tipologías laborales. Horretan, nazioarteko 10 kasu jorratu ditut, ikerketa eta analisiaren bitartez, askotariko lanak garatzeko moduak ezagutarazteko.

Ikus-entzunezkoak ikustarazteko askotariko plataformak diseinatu, komisariatu eta koordinatu dituzu 2004tik hona. Zailtasun handiak dituzue sortzaileek zuen lanak ezagutarazteko?

Nire ustez, arazoa da ikus-entzunezkoen eskaintza oso handia dela eta horiek ikustarazteko eremuek eta plataformek ia gehienetan formatu zinematografikoak aukeratzen dituztela. Halakoetan, formatu estandarrak jarraitzen ez dituzten ikus-entzunezkoek ez dute lekurik izaten.

La historia de todas nosotras [Trailer]

La historia de todas nosotras [Trailer] from Mundubat on Vimeo.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun