Euskaraldia 2020

Oztopoak oztopo, Euskaraldiari ekin!

Iker Rincon Moreno 2020ko aza. 19a, 14:18

CC-by Freepik.com-etik moldatuta .

Euskaraldiaren bigarren edizioa goitik behera baldintzatu du COVID-19aren pandemiak. Hilabeteotan askotariko alternatibak baliatu behar izan dituzte herri-batzordeek hizkuntz ohiturak aldatzeko ariketa sozial hori egituratzeko, baita horren nondik norakoen berriak gizarteratzeko ere. Orain, Euskaraldia hastear dagoela, oraindino zalantza ugari daude datozen egunetan egitasmoa dinamizatzeko aurreikusitako agendari dagokionez, osasun-neurriengatik ekitaldi asko bertan behera utzi behar izan baitituzte. Dena dela, ilusiorik ez da falta aurrera egiteko. 

Bigarren urtez, euskara ulertzen dutenen arteko hizkuntza- ohiturak aldatzeko ariketa soziala egingo dute Euskal Herri osoan. 2018ko Euskararen Egunean, abenduaren 3an, amaitu zen lehenengo Euskaraldia; 11 egunez, 225.000 lagunek parte hartu zuten egitasmo berritzaile horretan, ahobizi eta belarriprest rolen berri ematen zuten txapak jarrita; Getxon, gainera, irribiziren rola batu zen, euskara ulertu ez arren hizkuntzaren aldeko jarrera nabarmendu guran. Aurten, aldiz, saiakera luzeagoa izango da, hamalau egunekoa, hain zuzen ere: azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Aste bian zehar, joan den egitasmoko rolak nagusituko dira oraingoan ere, baina berritasun bategaz: ariketa taldean egiteko modua egongo da. Horretarako, ariguneak, edo euskaraz aritzeko guneak, sortuko dituzte askotariko entitateek, izan barne mailan, langileen artean; edo izan kanpora begira, herritarrei emateko zerbitzuetan. Antolatzaileek azaldu dutenez, gune berri horren helburua da entitate horien harremanetan euskararen erabilera handitzea; Uribe Kostan, denetara, 280 entitatek eman dute izena arigune gisa.

280 entitatek eman dute izena Uribe Kostan barne- edo kanpo-ariguneak osatzeko: 6 Barrikan, 4 Berangon, 63 Erandion, 136 Getxon, 3 Gorlizen, 45 Leioan, 4 Lemoizen, 4 Plentzian, 12 Sopelan eta 3 Urdulizen.

Egun bat besterik ez da falta Euskaraldiari hasiera emateko. COVID-19aren pandemiak baldintzatutako edizioa izango da aurtengoa, koronabirusari aurre egiteko osasun-neurriek kolokan jarri baitituzte bigarren ariketa sozial hau martxan jartzeko hainbat eginkizun, Uribe Kostako udalerrietako Euskaraldiako koordinatzaileek aitortu dutenez. “Zailtasunak hor daude, eta zailtasunei irtenbideak bilatzea da gure eguneroko lana orain. Bide berriak asmatzen, probatzen, okertzen eta horietatik ikasten, baina aurrera beti”, nabarmendu du Maier Arrieta Getxoko dinamizatzaileak. Koordinazio-lanak eta ekimena gizarteratzea izan dira hilabeteotan erronkarik nagusiak. Hala, kalera atera eta elkarregaz batu ezinean, udalerriz udalerri, Euskaraldiko arduradunek bide eta kanal berriak baliatu dituzte lan egiteko eta igorri beharreko mezuak etxe denetara zabaltzeko: sare sozialak. Besteak beste, konfinamendu-garaian, Etxealditik Euskaraldira kanpaina abiatu zuten eta, horri esker, ikusgarritasun puntu bat lortu zela azpimarratu du Mikel Zarate Erandioko koordinatzaileak. Orain, berriz, jarduera hastear dagoela, Uribe Kostako Mankomunitateko udalerrietako arduradunek askoren interesa piztu duen online bidezko egitasmo bi jarri dituzte martxan, herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko: Egunean Behin jokoaren txapelketa eta eskualdeko bertso-sarea. “Ea Euskaraldiari gogotsu ekiteko balio diguten”, adierazi dute horien sustatzaileek.

Izen-ematea, geldo

Euskaraldia egitasmoan izena emateko prozesua ere ez da samurra izaten ari. Paula Córdoba Leioako arduradunak dioenez, gaur egungo egoerak baldintzatu egin ditu herritarrengana jotzeko moduak ere: “Ezinezkoa dugu kalera ateratzea eta herritarrei zuzenean informazioa ematea. Parte-hartzaileak lortzeko aukerak asko murriztu dira”. Ondorioz, izen-emateak aurreko edizioan baino motelago doazela aitortu dute herri denetako arduradunek (aldizkari hau idazteko momentuan aurreko edizioan parte hartu zutenen erdiak izena emana zuen, gutxi gorabehera). “Guztiz baldintzatuta gaude egoerarekin. COVID-19a momentu oro; guztien ahoan dagoen gaia izanik, zaila da Euskaraldia jendearen buruan sartzea”, ondorioztatu du Zaratek. Dena dela, baikorrak dira denak, eta seguru daude azkenengo momentuan joan den edizioko zenbakietara gerturatuko direla: “Astiroago goaz, baina partaidetza polita izango dugulakoan gaude. Gehienek azkenengo momentura arte itxaroten dute, eta horiek izena ematera animatu behar ditugu. 

 

Baldintzatutako ariketa soziala

Euskaraldian, ariketa soziala den heinean, askotariko pertsonen arteko hartu-emanak du garrantzia. Erandioko arduradunak gogoratu duenez, aurreko edizioan esparru eta egoera askotan mugitzeko ahalmena genuen, jende ezberdinagaz topo eginez, ezagutzen genituenak euskaraz dakitela konturatuz... “Sorpresa piloa hartu genuen aurrekoan, giro ezin hobean”. 

Aurten, aldiz, harreman sozialak baldintzatuta ditugun honetan, giroa ezberdina izango da. Hurbileko jendeagaz egoteko aukera izango dugu batez ere, hala nola familia, lankide eta gertuko lagunak. Hala, Euskaraldiako dinamizatzaileen ustetan aukera paregabea izango dugu aurten gertukoakaz ohiturak aldatzeko. “Pandemia dela eta, asko murriztu da lagunen arteko hartu-emana, baina, orokorrean, gutako bakoitzak harremana gorde du pertsona hurbilenakaz. Kide horiekaz ohiturak aldatzea lortzen badugu, gure bizitzen zati garrantzitsu bat euskaldunduko dugu”, nabarmendu du Joanes Igeregi Mankomunitateko arduradunetako batek. 

Dena dela, nork bere rolaren txapa soinean eramanda, euskaraz egiteko aukerak nabarmen handituko direla uste dute koordinatzaile denek: “Bidean aurkituko ditugun ahobizi eta belarriprest txapa daramaten guztiekin egin ahal izango dugu euskaraz aurten ere, are gehiago entitateen ariguneen babesa nabarmenduta. Euskaraz gehiagorekin egingo dugu”. 

Egitarauak, aldaketak egon litezke

Erandio

Getxo

Leioa

 

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun