Euskaraldiko bigarren edizioan, 2020ko azaroaren 20an hasi eta abenduaren 4an amaitzen den honetan, herritarren parte hartzea % 20 jaitsi da lehenbiziko edizioarekin alderatuta, antolatzaileek zabaldu dituzten azken kopuruen arabera: 179.780 lagunek eman dute parte hartzeko izena, horien artean % 77k hautatu dute ahobizi rola eta % 23k belarriprestena.
Antolatzaileen esanetan, 180.000 partaideen artean % 29k –50.000 inguru– izan direla Euskaraldian izena lehen aldiz eman dutenak eta duela bi urteko kanpainan gertatu bezala oraingoan ere emakumeak izan dira nagusi, % 62 zehazki. Datuei llurraldeka begiratuta, parte hartzaileen ia erdiak –% 44– Gipuzkoakoak izan dira, % 34,25 Bizkaikoak, % 11 Nafarroakoak, % 8,5 Arabakoak, % 1,5 Lapurdikoak, % 0,5 Nafarroa Beherekoak eta % 0,1 Zuberoakoak. Izen emaileen arteko % 0,25ek Euskal Herritik kanpoan bizi direnak izan dira, euskal diasporakoak.
Euskaraldiaren partaidetzaren adinei erreparatuz gero, izen emaileen % 23 16 eta 29 urte artekoa izan da, % 35 30 eta 44 urte artekoa, % 29 45 eta 59 urte artekoa eta % 12k 60 urte baino gehiago zituen.