TOKIKOM Sariek badituzte irabazleak!

TOKIKOM Sarien 2019ko edizioaren sari-banaketa.

Debagoieneko Puntua astekariak irabazi du Azalik onenaren saria, Anbotok Edukirik onenarena, Ikus-entzunezkorik onenaren aipamena Erlo TB eta Baleikek jaso dute, eta, azkenik, Aiurrik Komunitatearen saria irabazi du. Zorion bana laurei!

Garaiotara egokituta bada ere, azken urteotan hasitako bideari jarraiki, TOKIKOM Sariak banatu ditu aurten ere TOKIKOMek, euskarazko toki komunikabideen lanaren bikaintasuna aldarrikatzeko eta gizarteratzeko asmoz.

Segurtasun neurriek hala behartuta, Sariak banatzeko ekitaldi presentzialaren ordez, toki telebistetan eta TOKIKOM sareko webguneetan batera emititu den telebista saio baten bidez jakinarazi dituzte saridunen izenak. Saio horretan, eta umore klabean beti ere, Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik errepaso zabala eman diote euskarazko toki komunikabideek urtean egindako lanari, arreta berezia jarriz saria eskuratu duten edukietan.

TOKIKOM Sarien epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Edorta Aranak eta Tania Arriagak, eta Mondragon Unibertsitateko Zuriñe Maguregik osatu dute. Lan zaila izan dute aukeraketa egiten, kalitate handiko eta eduki zein formatu oso ezberdinetako lanak aurkeztu baitira sariketara.

Sariak 2016n sortu zirenetik, beti izan dituzte hiru kategoria, denak ere toki komunikabideen lan mota ezberdinekin lotutakoak: azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena. Bada, aurtengo edizioan laugarren kategoria bat ere gehitu zaie horiei: Komunitatearen Saria. Hamar egunez, toki komunikabideen hartzaileak diren herritarrei beraiei eman zaie aukera haien lanik gogokoena bozkatzeko finalista guztien artean, eta bozka gehien jaso duen lanak lortu du sari berria.

Azalik onena: Puntua, “Suizidioa”.

Azalik onenaren saria Debagoienako Puntua astekariak lortu du, Azkoitiko Maxixatzen eta Sakanako Guaixe aldizkariekin lehia estuan. Epaimahaiak azal honen lan grafikoa goraipatu du: oso elementu sinple gutxirekin oso irudi adierazgarria osatuz, alde estetikotik garbitasuna, oreka eta dotorezia galdu gabe.

Edukirik onena: Anboto.“Zaldibar”

Edukirik onenaren saria, berriz, Durangaldeko Anboto astekariarentzat izan da. Tamalez, 2020 arraro honek pisu handiko albiste asko eman ditu, tartean Zaldibarko hondakindegiko gertakari latzak. Otsaila erdialdean, auzia gertutik bizi duen Anbotok hiru orrialdeko tarte zabala dedikatu zion, ikuspuntu, testigantza eta kazetaritza molde ezberdinak uztartuz. Lan horri eman dio edukirik onenaren saria epaimahaiak, Uribe-Kostako HIRUKArekin eta Orio eta Aiako Karkararekin norgehiagokan.

Ikus-entzunezkorik onena: Erlo TB eta Baleike.“Marea errotaren arrastoaren bila”

Ikus-entzunezko onenaren saria Zumaia aldera joan da aurtengoan. Erlo Telebistak eta Baleike aldizkariak erreportaje ikusgarria sortu dute, herrian garai batean zegoen marea errotaren berri emanez. Epaimahaiak ikus-entzunezkoaren beraren faktura bikaina eta atzetik sumatzen den dokumentazio lan izugarria nabarmendu dute saria lan honi emateko orduan. Kategoria honetan Beterri-Buruntzako Aiurri eta Sakanako Guaixe ere aritu dira lehian.

Komunitatearen saria: Aiurri.“#Bertsovid-19”

Esan bezala, TOKIKOMek irakurleei ere hitza eman dien lehen aldia da, Komunitatearen Saria emateko. Epaimahaiak aukeratutako bederatzi lan finalistak hamar egunez egon dira bozketagai, azaroaren hasieran, publikoak gogokoena aukeratzeko. Guztira, 1.256 bozka jaso dira. Lehen hiru postuen artean oso alde txikia izan bada ere, bozka gehien jaso duen lanak 267 jaso ditu, guztien %21. Ondorioz, TOKIKOM Sarien 2020ko Komunitatearen Saria Beterri-Buruntzako Aiurrirentzat da, “#Bertsovid-19” ekimenagatik.

TOKIKOMetik zorionak eman nahi izan dizkiete saria jaso duten zein parte hartu duten toki komunikabide guztiei. Azpimarratu dutenez, “zabalduta dagoen aurreiritziaren kontra, euskarazko toki komunikabideek kazetaritza lan aparta, eta sari hauek berriz ere utzi dute oso argi, euskarri eta formatu guztietan, gainera”. Antolatzaileek gonbita zabaldu dute sarien webgunea bisitatu eta bertan arakatzeko lan finalista guztiak, “benetan ederrak eta denbora eskaintzeko modukoak baitira”.

Erlazionatuak

Eta TOKIKOM Sarien irabazleak dira...

Uribe Kosta

Toki komunikabideen lana aldarrikatzeko eta gizarteratzeko sariketak bosgarren edizioa egin du aurten, testuinguru berezira egokituta. Oraingoan er...

Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.

Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda, edo gure 5. urteurrena dela eta martxan ipini dugun Eman Bostekoa HIRUKAri kanpainan parte hartzera (bost euroko ekarpena eskatuko dizugu). Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz.


Izan zaitez HIRUKAlagun