Elkarrizketak

"Uste baino jende gehiagorekin egin dezakegu euskaraz"

Ander Zarraga 2021ko urt. 22a, 13:00

Pandemiaren testuinguruan, eta harremanak inoiz baino mugatuagoak egon diren momentu batean, euskara plazara ateratzeko baliabideak zeintzuk izan diren eta Euskaraldiaren bigarren edizioa aurrera bideratzeko gakoak jakinarazi dizkio Arrate Illarok HIRUKAri. Parekorik izango ez duen 2020ko edizioak erronka asko ekarri ditu, baita ekarpen asko ere.

Zein balantze egiten duzue azken Euskaraldiaren inguruan?

Argi dago 2020aren hasieran espero genuenetik oso ezberdina izan dela Euskaraldiaren bigarren edizioa, bai barne antolaketan eta baita gizarte aktibazioari dagokionean ere. Mundua aldatu zitzaigun momentu horretan, eta, martxoan zalantzak izan genituen arren, hitz egin eta gero argi gelditu zen egin beharra zegoela. Alde batetik, ahal zelako. Azken finean, eguneroko harremanetan oinarritzen delako Euskaraldia, eta horiek hor jarraituko zutelako, nahiz eta desberdinak izan. Eta bestetik, behar genuelako: euskarari buruzko gogoeta hori bultzatu, hedabideetan ere euskarari presentzia eman; bestela, pandemia honek gauza asko irentsiko lituzke, eta hizkuntza izan zitekeen horietako bat. 

Gu oso gustura gaude emaitzarekin. Iruditzen zaigu lan ikaragarria egin dutela batzordeek; oso zaila izan da beraientzat, eta oso eskertuta gaude, ez langile moduan, herritar moduan ere. Gainera, erakutsi dugu herri-gogo bat dagoela euskaraz bizitzeko, eta ariketa egin dugu, baldintzatuagoa eta ez hainbeste aukerarekin. Baina egin behar genuela eta asmatu dugula iruditzen zait. 

Euskaraldiaren balantzea positiboa da beraz?

Bai, izan duen harreragatik, eta baita izan duen eraginagatik ere. Herri-batzordeak lehen edizioan baino gehiago izan dira; herri gehiagotan egin da Euskaraldia: aurrekoan 405 ziren, eta, oraingoan, 423 herritako gizon-emakumeeek parte hartu dute.

Aurten, lehen aldiz, Ariguneen kontua ere jarri dugu martxan. Izaera askotako 6.800 entitatetan sortu dira 25.000 arigune. Kontutan izanda entitateak nolako egoeran dauden, oso harrera ona iruditzen zaigu. Badakigu entitate batzuetan ezin izan dela egin; adibidez, kirol-talde askok ezin izan dituzte ateak ireki azaroan; ondorioz, ezin izan dituzte ariguneak egin. Baina, orokorrean, herritarren artean ere harrera oso ona izan dela uste dugu.

Zuzeneko harremana ezin izan dugu mantendu, baina beste tresna batzuetaz baliatu zarete hori konpontzeko. Bai, ariketa ingurune digitalera ere eramaten saiatu gara, eta jendeari adierazten gure egunerokotasunean sozialki oso mugatuta egon arren, badaukagula aukera WhatsApp bidez, edo merkataritzara, edo lanera goazenean, euskaraz egiteko; hor ere harremanak daudelako. Saiatu gara aurrez aurre eta ingurune digitalean ariketa hori egiten. Beraz, iruditzen zaigu bere emaitzak eman dituela aurtengo edizioak ere.

Euskaraldian falta direnak "Euskalgintzatik hain hurbil ez dauden geruza horietara gehiago kostatzen ari zaigu heltzea. Hala ere, egia da aurtengo ikusgarritasunarekin zailagoa zela; hor badaukagu erronka bat"

Pandemiak beste bide berri batzuk bilatzera derrigortu zaituztela esango zenuke?

Bageneukan buruan ingurune digitala gehiago astintzea, baina egia da pandemiak urgentzia hori areagotu duela. Beraz, lehentasun gehiago eman diogu horri. Gure barne-antolaketan, herri-batzordeekin normalean zuzenean egoteko ohitura dugu, eta, orain, dena online egin dugunez, normalean urruntasunagatik etortzen ez ziren herri-batzorde batzuekin egon ahal izan gara. Alde horretatik ere, harreman zuzenagoa eduki dugu barne-antolaketan, eta dinamika horietako batzuk mantenduko ditugu normaltasunera bueltatzen garenean ere. 

Aurten ere dibertsitatea mantentzea lortu duzue?

Izen-emateari dagokionean, datuak antzeko samarrak izan dira lurralde edo adinari dagokionez; generoan, berriz, gehiengoa emakumezkoak izan gara, % 62a, hain zuzen ere: lehen edizioaren datu berdina. Hala ere, aniztasun gehiago nahiko genuke rolen kontuan (% 77 ahobizi izan dira, eta % 22 belarriprest); uste dugu oraindik aukera dugula belarriprest gehiagorengana iristeko. Agian, euskalgintzatik hain hurbil ez dauden geruza horietara gehiago kostatzen ari zaigu heltzea. Hala ere, egia da aurtengo ikusgarritasunarekin zailagoa zela: hor badaukagu erronka bat. 

Zeintzuk baliabide dituzue hurbiltzeko euskaraz jakin baina erabiltzen ez dutenengana?

Horrelako jende askok parte hartzen du Euskaraldian, baina bai iruditzen zaigu tarte handia dugula hor irabazteko. Euskaltzaleok plazan elkartzeko ohitura handia daukagu, eta ikusgarritasun hori aurten ez da posible izan. Herri askotan ezin izan dira mahaiak jarri informatzeko; kontatzeko zertan ari garen. Orduan, herritarrengana heltzea askoz gatzagoa izan da, eta gertuko ahoz ahokoak funtzionatu du. Publizitatea ere egin dugu, baina horiek baino tresna eraginkorragoak bilatu behar ditugu. 

Ariguneak "Ariguneak oso testuinguru zailean sortu ditugu, baina uste dut gelditzeko etorri direla"

Aurtengo berritasunen artean, aplikazio bat ere sortu duzue. Nolako emaitza izan du?

Jendeari tresnak eskura jartzea zen aplikazioaren helburua; horiek mugikorrean edukitzea. Alde batetik, izena emateko aukera ematen genuen, eta, bestetik, gomendioak, aholkuak, jartzen genituen hor. Erronka batzuk ere planteatu genizkien aplikazioa deskargatu zutenei, Euskaraldiak iraun zuen 15 egun horietan bete beharrekoak. Ariketa praktikoarekin lotutakoak ziren horiek, “elkarrizketa elebidun bat mantendu dut” motatakoak. Hala, jendea animatu nahi genuen gaztelaniaz egiten duten kasuetan ere, ulertzen dutenean, euskarari eusteko. “Lehen hitza euskaraz egin diot ezezagun bati” modukoak ere planteatu genituen. Hautuak eta gomendioak eskura edukitzea zen asmoa.

Egunean Behineko lehiaketagaz ere elkarlanean jarraitu duzue aurten. Bai, Egunean Behinekoek egin ziguten Euskaraldian Behin izenekoa, eta Euskaraldiako lehen astean taldeak antolatu genituen eskualdeka. Euskal Herrian 20 bat talde osatu genituen; horretara jendea sartzen zen, eta Euskaraldian parte hartzen zuen jendearen arteko Egunean Behin lehiaketa egiten zen, hain zuzen ere.

Aliantzak zabalduz zoazte beraz; zuen lana bultzatzeko entitate gehiago lortu dituzue?

Esango nuke euskalgintzako eragile guztiak, edo, gehien-gehienak, badaudela Euskaraldian inplikatuta modu aktiboan. Eta horrek ematen dio indarra eta dimentsioa ere. Ekimena aurkeztu genuenetik argi utzi genuen hau ez dela Topagunearen kontu bat, ezta Jaurlaritzarena ere; hau euskalgintzaren parte bat da, elkarrekin egin behar duguna, eta horrela ari gara egiten. 

Nola erantzun dute Uribe Kostako biztanleek Euskaraldian?

Zentzu horretan hainbat aldagai daude. Adibidez, lankidetza ereduarena: guk planteatzen dugu hau dena lankidetzan egitea, eta hori dela bide bakarra, horretan sinesten dugulako, Euskaraldia aurrera atera eta herritarrak aktibatzeko aldaketak eragin daitezen. Orduan, gure eskualdean, herri batzuetan, euskalgintza eta erakunde publikoen arteko lankidetza ohikoagoa da, bide luzeagoa eginda dago, eta, kasu horietan, horrela jarraitu da. Beste batzuetan, aldiz, gehiago ari da apustua egiten, lankidetza hori oraindik ere gehiago indartzeko. Orduan, gu saiatzen gara lankidetza hori sustatzen, baina badakigu ikas-prozesu bat dela. Bi eragile batzen direnean, biak egokitu behar dira, eta biek ikasi behar dute. Lankidetza horrek ikas-prozesu bat behar du. Beraz, uste dugu hortik badagoela zeregina, nahiz eta gero eta naturalagoa izan.

Dena dela, badaukagu lantzekoa. Bestetik, parte-hartzaile gisa, azpimarratuko nuke gure eskualdearentzako benetan sekulako trena dela Euskaraldia. Niri asko ahalduntzen nauen gauza bat da. Oso aproposa da daukagun egoera soziolinguistikorako, eta oso ariketa egokia iruditzen zait. Euskararen erabilera baxua den arren, uste duguna baino jende gehiagorekin egin dezakegu euskaraz. Azkenean, ez da “euskaraz egiteko gaitasuna dudanez ahobizi izan behar dut”; gehiago da.

Bi puntu horiek azpimarratuko nituzke: alde batetik, lankidetzan jarraitu beharra, eta lankidetza horretarako bi hankak sendo egotea inportantea dela. Izan ere, garrantzitsua da erakunde publikoek modu egokian inbertitzea Euskaraldian. Eta, bestetik, gizarte eragileak eta euskaltzaleak antolatuta egotea. Erakunde publikoekin lankidetzan egoteko antolaketa bat behar da, eta gure eskualdean antolaketa hori trinkoa da; elkarteak osatuta daude. 

423 herritako biztanleek parte hartu dute 2020ko Euskaraldian, aurrekoan baino 18 gehiago.
% 62 emakumezkoak izan dira Euskaraldian parte hartu dutenak, eta, rolei dagokionez, ahobizi  izan dira gehienak: % 77.
25.000 arigune sortu dituzte, izaera askotako 6.800 elkartetan.

Hurrengo edizioari begira, zein ondorio atera duzue azkenengotik?

Orain ari gara balorazioak egiten, lankidetza-sarea erraldoia delako. Baina bai, baditugu identifikatzeko kontu batzuk: lehenik, belarriprest rolari bultzada eman behar diogu, eta rola nola gizarteratu berraztertu behar dugu. Bestetik, Ariguneek ekimenari osotasun handia ematen diotela iruditzen zaigu; azkenean, hau ez da herritarren nahia bakarrik, herritarren nahia entitateek ere babestu behar dutelako.

Guretzako posible izan behar da gure lanean, merkataritza-establezimenduetan, kirol-taldeetan edo kultur elkarteetan euskaraz egin ahal izatea. Orduan, babes-neurri horiek behar ditugu. Ariguneak oso testuinguru zailean sortu ditugu, baina uste dugu gelditzeko etorri direla. Hala ere, sinplifikatu behar ditugu; azkenean, guk barne-prozesu konplikatu samarra egin genuen, baina horrekin jarraitu beharra dago. Izen-ematean ere hausnarketa egin behar dugu; pentsatu behar dugu jendeak zertarako ematen duen izena. Baina, oinarrian, iruditzen zaigu ariketa praktikoa izan behar dela, eta ez aldika egiten den zerbait. Lankidetzan egiten den zerbait izaten jarraitu behar du. Esango nuke oinarrietan nahiko seguru gaudela, eta aldaketa gehiago izango direla ekimena kualitatiboki aldatzeko. Aldaketak egitea ez da erraza, horrelako ekimen masibo batean jendea apurka-apurka doalako konturatzen Euskaraldia zer den. Edizio batetik bestera goitik behera aldatzen baduzu, ez da ondo irtengo.

Erlazionatuak

Oztopoak oztopo, Euskaraldiari ekin!

Iker Rincon Moreno 2020 aza 19 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun