Emakume Langileen Nazioarteko Eguna 2021

Uribe Kostako mugimendu feminista kalera atera da "sistema arrakalatzeko"

Iker Rincon Moreno 2021ko mar. 9a, 10:00

Euskal Herriko mugimendu feministak azpimarratu duenez, COVID-19ak askotariko krisiak azaleratu ditu eta eragin zuzena izan du eremu feminizatuetan. "Krisi hau ez zen pandemiarekin hasi, eta Euskal Herriko mugimendu feministan orain ez gara isilik egongo", iragarri zuten martxoaren 8ko zitaren bezperako egunetan. Hala, zaintza publikoa eta komunitarioa aldarrikatzeko, euskal hiriburuetako zein hamaika udalerritako kaleak morez jantzi zituzten atzo; tartean, Erandion, Getxon, Leioan, Sopelan, Plentzian, Gorlizen eta Urdulizen.

Azken egunotan bizi izan duten kriminalizazioari aurre eginez, COVID-19aren izurriteari aurre egiteko osasun-neurri guztiak beteta kalera atera ziren atzo, martxoaren 8an, milaka emakume euren aldarrikapenak ozen oihukatzera. "Pandemiaren aitzakiaren pean, etxean zokoratu nahi izan gaituzte, ikusezin bihurtu. Baina hemen gaude, bizitza ospatzen. Alaitasunez. Borrokatzeko prest!", adierazi zuten Getxoko mugimendu feministakoek manifestazioa amaitu ondoren. Algortako kaleak alderik alde zeharkatu zituzten, milaka pertsonatik gora batuta, ondoren Telletxe plaza kolorez morez janzteko. Eskualdeko gainontzeko udalerri nagusietan ere mobilizazioak egon ziren, askotariko emakumeen arteko sareak osatzeko borondatea argi utzita. "Konplizitateak ehuntzen ditugu, sistemaren kontra konspiratu eta horri eraso egiteko", adierazi zuten atzo, "dena aldatu nahi dugu, eta horretan gaude! Patriarkatua arrakalatzen ari gara".

Komunitatea eta zaintza kolektiboa aldarrikatu zituzten atzo kalera irten ziren milaka feministek. Leioan zaintza-sareen beharra mahaigaineratu zuten, hori delakoan benetako zaintza, "eta ez saldu nahi digutena, eredu indibidualista, gizarte-rolean eta gazteen kriminalizazioan oinarrituta dagoena". Algortan batutakoek ere, ildo horretan, sistema osoa zalantzan jarri zuten, "mendekotasun- eta botere-egitura baita". Horren aurrean, ozen oihukatu zuten planto egingo diotela "bizitza kolapsatzen duen sistema heteropatriarkal, arrazista, kapitalista, kolonialista eta kapazista honi". Denok bizitza duina erdiesteko borrokan segituko dutela aldarrikatu zuten, eta, hori lortu artean, kalean jarraituko dutela iragarri zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun