Urtebete daramagu COVID-19a gure bizitzetan agertu zenetik. Ordutik, askotarikoak izan dira gaitz horrek eragindakoak, tartean COVID iraunkorra izenez ezaguna den gaitza. Ohiko sintomatologiaz gainera, horrek askotariko eraginak izan ditzake pertsonengan, hala nola maila emozionalean sentimenduak kudeatzeko zailtasunak. Hori dela eta, taldeko esku-hartze psikologikoa eta autozaintzako prestakuntza-ekintzak bultzatzeko zerbitzua antolatu du Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak.
Arduradunek azaldu dutenez, zerbitzua doakoa izango da. Taldeko laguntza psikologikoko saioak hamabostean behin egingo dituzte, ordu eta erdiko iraupena izango dute eta ordutegia, kokapena eta eguna parte-hartzaileen arabera zehaztuko da. Horrez gainera, norbere burua zaintzeko ekintzak ere garatuko dituzte hamabostean behin; horiek ordu bi iraungo dute eta, aurreko saioetan bezala, ordutegia, kokapena eta eguna parte-hartzaileen arabera zehaztuko da.
Ekimen horren helburua da gaitza pairatu duten pertsonen artean mendekotasuna prebenitzea eta autonomia sustatzea, "esku-hartze psikologikoaren bidez". Horrez gainera, COVID-19ari lotutako sintoma eta arazoei aurre egiteko estrategietan sakondu gura dute, baita pertsonen arteko esperientziak trukatzeko gune bat sortzea ere.