Aurtengo Korrika atzeratu behar izateak kalte ekonomikoa eta ikusgarritasun falta ekarri die AEK-ko euskaltegiei. Horren eragina eta irtenbideari buruz gehiago jakiteko egon gara Iratxe Marta Uribe Kostako AEKko arduradunagaz.
Aurten ez da Korrikarik egin, baina AEKn ez zarete geldirik geratu. Zertan ibili zarete?
Otsailean hasi ginen Bultza Euskaltegiak! Bultza Euskara! izena duen kanpainarekin. Gure helburua ez da Korrika ordezkatzea, hori ezinezkoa delako, baina pentsatu genuen hori egongo ez den urtean ezin zitekeela ahaztu euskaltegiok herrietan dugun lanaren garrantzia. Horretarako abiarazi dugu kanpaina, pentsatu genuelako COVID-19aren garaiotan ostalaritzak eta beste batzuek sufritzen dutena entzuten denez, guk ere gure egoera kaleratu behar genuela; jendeak horren kontzientzia ere har dezan. Pentsatu genuen kalera atera behar genuela ikusarazteko Korrikak egiten duen lana euskararen sustapenean eta normalizazioan.
Zertan datza kanpaina?
Dinamikak hiru ardatz nagusi ditu: alde batetik, administrazioei beraien inplikazioa eskatzeko gutun bat bidali diegu, ikasturte honetan bizitzen ari garen egoera ikustarazteko; bestetik, martxoaren 28an ekitaldi xumeak egin genituen Euskal Herriko 80 herritan baino gehiagotan; eta, bukatzeko, Korrikaren alde ekonomikoa dago, horrek AEKrentzako bultzada ekonomiko oso garrantzitsua suposatzen du. Guk behar genuen diru hori banketxeei eskatu diegu, orain zorretan gaude, eta kanpaina horren bitartez herritarrei eskatu diegu ekarpen ekonomikoak egitea, zulo horretatik atera ahal izateko. Horrek oraindik jarraitzen du, eta apirilean eta maiatzean ere martxan egongo da AEKren webgunean, besteak beste.
“Korrikaren alde ekonomikoak AEKrentzako bultzada ekonomiko oso garrantzitsua suposatzen du. Guk behar genuen diru hori banketxeei eskatu diegu, eta, orain, zorretan gaude”
Zer dio erakunde publikoei bidalitako gutunak?
Eragile eta erakunde publikoei bidali diegun gutun hori Rikardo Arregik duela 40 urte idatzi zuen gutun bera da, euskalduntze alfabetatzearen garrantzia zein zen azaltzen zuena. Hainbat urte pasa diren arren, garrantzia bera izaten jarraitzen duela uste dugu. Urtero 55.000 pertsona daude euskaltegietan matrikulatuta, beraz, horien beharra dago. Jendea ez da eskoletan edo hezkuntza arautuan euskalduntzen, lan hori euskaltegietan egiten da. Beraz, gutun horretan eskatzen genuena zen gure egoeraren jabe egitea, eta bereziki sare pribatuko euskaltegietan dauzkagun baldintzak kontutan har ditzaten. Adibidez, ikasleen doakotasuna ere aipatzen dugu, urteetan AEKren aldarrietako bat izan dena.
Korrika ez egiteak, arazo ekonomikoez gain, ikusgarritasuna ere kendu dizue?
Bai, Euskaltegiek kalera ateratzeko genuen tartea zen, eta hori aurten gertatu ez denez, apur bat ahaztuta sentitu gara. Urteak daramatzagu esaten Korrikak AEK gainditu duela, mundu guztia akordatzen delako Korrikarekin. Aurten hori ez egitea zartada izan da guretzako; erabaki hori hartzea oso gogorra izan zen guretzat. Esango nuke jendeak tristura handiarekin hartu duen gauza ere dela, hala transmititu didatelako. Hala ere, jendeari jakinarazi nahi genion Korrika egon ez arren Korrika martxan dagoela, eta gu ere ari gara eskolak ematen. Horregatik, martxoaren 28an hainbat herritan ekitaldiak egin genituen, hemen, Sopelan, egin genuena bezalakoa.
Nola aurreikusten duzue datorren urteko Korrika?
Korrika bat amaitzen denean hurrengoa hasten gara prestatzen. Urte biko prestaketa da, eta ibilbidea, mezua, leloa eta guztia prest geneukan. Makinaria guztia martxan zegoen, eta, atzerapenaren ondorioz, beste lan batzuk egin behar izan ditugu. Martxoaren 28ko ekitaldietan iragarri genuen bezala, 2022an Korrika egingo dugu, eta orain horretan gabiltza buru-belarri. Espero dugu egoera honek baimentzea, eta normaltasunez egitea.
“Urtero 55.000 pertsona daude euskaltegietan matrikulatuta. Jendea ez da eskoletan edo hezkuntza arautuan euskalduntzen; lan hori euskaltegietan egiten da”
Nola konpondu zarete euskaltegietan izurritearen erdian?
Klaseak ematen jarraitu dugu, eta martxoko konfinamenduaz geroztik ez dugu izan itxialdi larririk, ezta sustorik ere. Ikasleek ere eskatu digute nahiago zituztela klaseak aurrez aurre ematea; online formatua ez dute hain gustuko. Irakasleok etxetik zerbitzua ematen jarraitu genuen, asmatu genituen moduak tresna ezberdinekin, eta ekainean ere ebaluazioa egin genuen; momentu hartan irakasleek egin zuten esfortzua ikaragarria izan zen. Jendeak jaramon egiten geniela sentitu zuen, eta oso pozik egon ginen horregatik. Uste dut hizkuntza bat ikasteko aurrez aurreko jarduera oso garrantzitsua dela. Zorionez, orain, euskaltegiak zabalik daude, jendea klaseetara etortzen ari da, eta pozik gaude lanean jarraitu ahal izan dugulako. Hori ere ikusarazi nahi genuen ekimen horien bidez.