Elkarrizketak

"Euskara eta euskal kulturak pairatu duen galera izugarria izan da"

Iker Rincon Moreno 2021ko api. 30a, 14:49

Euskal kulturaren eta euskararen aldeko sentimenduak hauspotzeko asmoz, Euskal Herri osoa zeharkatuko duen Kutxa Bira ekimena gerturatuko da domekan eta astelehenean Uribe Kostara. Iparra Hegoa taldeak bultzatu du egitasmoa, eta horretako partaide Zuberoa Egurbide Legarretagaz egin dugu berba, horren nondik norakoak ezagutzeko asmoz.

Zer da Kutxa Bira ekimena?

Bizi Gira Kutxa Bira proiektua aurten soilik gauzatuko den ekimen bat da. Osasun-egoera honetan, euskal komunitatearen eta herrien ametsak eta aldarriak jasoko duena, hain zuzen ere. Egurrezko kutxa izango da protagonista, eta horrek Euskal Herri osoa zeharkatuko du; 73 herrietan egingo du geldialdia –tartean, Getxon, Sopelan eta Plentzian–, eta noski, diaspora, Katalunia zein Reauko espetxeko euskaldunen mezuak jasoko ditu ere.

Zein da, zehazki, horren helburua?

Azken urte honetan, gure herri nortasunaren adierazle diren ekimen guztiak bertan behera geratu dira, eta horien galera emozional apaltzeko asmoz sortu genuen Bizi Gira Kutxa Bira ekimena.

Noiz hasi zen ekimena?

Martxoaren 20an, Argentinako Viedma Patagones herrian, hasi zen, eta bertan 3-4 egun pasa ostean, Euskal Herrirako saltoa egin zuen. Behin, Euskal Herrian egonik, apirilaren 8an abiatu zen Baionako Etxepare Lizeotik.

Maiatzaren 2-3an eskualdetik pasako da. Zeintzuk helburu ditu ekimen horrek Uribe Kostari begira?

Uribe Kostako Euskal Herriaren eraikuntzan diharduten elkarteei eta euskal komunitateari elkartzeko eta errotzeko aukera ematea. 

Zer egoera bizi du gaur egun euskal kulturak?

Gaur egun, kulturak, orokorrean, oso egoera kaxkarra bizitzen ari du, eta gureak are gehiago. Osasun-egoera honek bi estaturen menpe egotera behartuta gaudela oso agerian utzi du, eta euskara eta euskal kulturak pairatu duen galera izugarria izan da.

Horiek hauspotu beharra daude, beraz...

Noski! Azken urte honetan asko hitz egin da zaintza erdigunean ipintzearen inguruan, baina, horretaz gain, Iparra Hegoatik euskara, euskal kultura eta Euskal Herriaren eraikuntza erdigunean jarri behar genuela argi ikusi genuen. Bi estatuek inposatutako mugak gainditu.

Euskarari dagokionez, zelan indartu daiteke horren erabilera?

Herri kontzientzia eta arnasguneak sortuz.

Iparra-Hegoa taldeak antolatu du ekimen hori, iaz 25 urte bete zituena. Zer-zelako ibilbidea egin du talde horrek urteotan?

Hasierako urteetan Iparralde eta Hegoalderen arteko loturan oinarritu zen, baina, urteak igaro ahala, diaspora eta Kataluniarekin eta harremana sendotu ditugu. Gai ezberdinak jorratu ditugu, hala nola elikadura, burujabetza, ekologia... Esan beharra dago, baita ere, Iparra Hegoatik beste ekimen batzuk sortu direla, Euskal Herriko Mus Txapelketa, kantaldiak, Segurako jaialdia…

Zeintzuk erronkari egin beharko diozue aurre etorkizunean?

Euskal Herria saretzea, bi estatuek inposatzen dizkiguten mugei aurre egitea eta muga psikologiko horiek haustea elkar ezagutzaren bitartez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun