Uribe Kostako Asanblada Transmaribibolloa

"Trans Legea transexualen kolektiboaren aldarrikapen historikoa da"

Iker Rincon Moreno 2021ko mai. 10a, 18:36

Uribe Kostako sexu-genero disidenteak eta mugimendu feministaren gehiengoak espainiar Estatuak proposatutako Trans Legearen aldeko eta eraso transfoboen aurka lerratu dira. Horren inguruan berba egin dugu oraingoan Uribe Kostako Asanblada Transmaribibolloaren kideakaz.

Duela gutxi publiko egindako Trans Legearen proposamenaren aldeko babesa adierazi duzue orain gutxi. Zer dela eta?

Arrazoi nagusiena da lege hau Trans kolektiboaren aldarrikapen historikoa dela, eta sexu eta genero disidentzia garen aldetik, aldarrikapen hauek gureak egiten ditugu. Trans Legearen aurka ohiko ahotsez gain –eskuin muturra, sektore atzerakoienak, etab.– feminismoaren izenean honen aurkako kritikak agertu dira, eta horregatik ere ikusi dugu berebizikoa eraso horiek salatu eta legea babestea. Diskurtso horiek TERF –Feminista Erradikal Trans-Baztertzaileak– direlakoen eskutik datoz, eta euren transfobian du oinarri.

Zer dio lege horrek?

Legeak despatologizazioan aurrerapausoa dakar –psikiatrizazio prozesua kenduz, honek suposatzen duenarekin–, baita trans pertsonen eskubideak errespetatzea ere, beraien eskubideak bermatuz. Berez, gurean ez du hainbesteko eraginik izango badaudelako lege autonomikoak (Nafarroa 2017, EAE 2012). Guretzat lege hau minimo bat da, oinarrizkoa. Horrez gain, legeak genero autodeterminazioaren onartzea dakar. Guk argi daukagu norberaren genitalek ez dutela definitzen nor edo zer garen, hortaz lege honek errazten du norbera denaren aitortza, eta hori aurrerapausoa da.

Zergatik uste duzue beharrezkoa dela mota horretako lege bat?

Trans kolektiboa jendarte hetero-patriarkalarengatik jazarria eta zapaldua da, eta lege honek pertsona horien eskubideen errespetatzea dakar. Munduko Osasun Erakundeak 2018an transexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik atera zuen –oso berandu–, hortaz ez du zentzurik gaixotasuntzat hartzen ez den zerbaitekin halako traba eta tutoretza psikiatrikoa egotea. Argi geratu behar da oinarrizko eskubideez ari garela, besterik gabe.

Zer nolako erasoak jasan ditu kolektibo horrek azken urteotan?

Trans kolektiboa historikoki zapaldua eta diskriminatua izan da. Zenbait adibide jartzearren, duela urte batzuetako Hazte Oir-en autobusa, azken boladan TERF-ak haizeratzen dabiltzan diskurtso transfoboa –bereziki sare sozialetan–, Vox eta eskuin muturraren adierazpenak, eta horien guztien ondorio zuzena diren eraso fisikoak –ezin dugu ahaztu duela hilabete batzuk Iruñean gertatutako erasoa–. Baina horrez gain, egiturazko indarkeria baten aurrean gaude, egunerokotasunean pairatzen dutena, arlo ezberdinetan: diskriminazioa lanean, administrazioan traba, psikiatrizazioa, gorputzen gaineko kontrola, erabakitzeko eskubiderik eza, … Sistema heteropatriarkalaren eta binarismoaren ondorio zuzenak dira.

Feminismoaren alde bat, baina, lege horren kontra agertu da. Zergatik uste duzue hori? Zergatik da lege hori polemikoa?

Gure ustez, heteropatriarkatuak zapaltzen dituen horien kontra egitea ez da feminismoa. Haien diskurtsoa transfobian oinarritua dago, eta euren argumentuak gezurretan oinarrituta daude. Esaten dute lege honek emakumea ezabatu nahi duela, lege iruzurra egongo dela, ... eta hori guztia ez da egia. Bestalde, goraipatu nahi dugu Euskal Herriko mugimendu feministaren zati handi batek urteak daramatzala emakume* subjektuan trans emakumeak barnebiltzen.

Euskal Herriko mugimendu feministak, ordea, zer dio horren aurrean?

Guk Uribe Kostako mugimendu feministarekin irakurketa politiko bateratua atera dugu. Eskualdeko talde guztiei planteatu zitzaien, eta gehiengo handi batek bere atxikimendua adierazi zuen: Erandioko Txoko Feminista eta Sustraiak, Itzubaltzeta/Erromoko Kresala eta IEA, Algortako Bilgune Feminista eta Haziak, eta Plentzia/Gorlizko Sorginen Alabak. Gure irakurketarekin bat egiten dute, legeari babesa adieraziz, eta honen kontrako erasoak salatuz, transfobian oinarritzen baitira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun