Ibilaldia 2021

Ibilaldiak lau gune izango ditu, eta aurrez izena eman beharko da horietan

Iker Rincon Moreno 2021ko mai. 12a, 13:06

Maiatzaren 30ean Sopelan ospatuko den Ibilaldiaren nondik norakoen berri eman dute gaur Bilbon. Prentsaurrekoan zehaztu dutenez, jaialdiak ez du ibilbiderik izango, ez janari eta edari zerbitzurik, ezta kontzertu erraldoirik ere. Hala ere, lau gune nagusi egongo dira herrian. Izurritea dela eta, ezinezkoa izango da gune batetik bestera mugitzea, beraz, erabiltzaileak aukeratu beharko du nora jo. Horretarako, aldez aurretik izena eman beharko da, gaurtik aurrera, hemen.

Pandemia bete-betean gaudela, aurtengo Ibilaldiak ez du ibilbiderik izango, ez janari eta edari zerbitzurik, ez kontzertu erraldoirik… Halere, lau gune nagusi izango ditu herrian banatuta. Ezinezkoa izango da gune batetik bestera mugitzea, eta erabiltzaileak aukeratu beharko du nora jo. Zentzu horretan, Ibilaldiaren egunean guneren batean parte hartu ahal izateko, bertan izango diren aktibitateez gozatzeko, aurretik Ibilaldiaren webgunean izena eman beharko da. Izan ere, izena ematen ez dutenek, ez dute aukerarik izango gune horietan sartzeko.

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan antolatzaileek azaldu dutenez, pandemiari aurre egiteko ezarritako osasun-neurriak bermatzeko aukera ematen duten lekuak hautatu dituzte lau guneok ezartzeko. Bestalde, horiek izendatzeko lau elementu klasikoetara jo dute: lurra, ura, sua eta haizea. Gune bakoitzeko egitarauan aktibitate mota bi txertatuko dira: bata parte hartze zuzena eta aktiboa eskaintzen duena, hala nola tailerrak; eta bestea, ikuskizunak, pasiboagoa eta ikus edo entzutea eskatzen duena.

Adin guztietako lagunek parte hartu ahal izango dute Ibilaldiko ekintza horietan; hala, hauxe izango da gunez guneko egitaraua:

  1. SUA GUNEA. Ander Deuna Ikastola. 
    1. Zurezko jokoak eta dantza tailerra eskainiko dira bertan, baita Deabru Beltzak taldearen ikuskizuna ere. 
    2. Hasiera ekitaldia ere gune honetan izango da. 09:15ean emango zaio hasiera eta, ohi legez, lagun kopurua guztiz mugatuta egongo da; instituzioetako eta gizarte eragileetako ordezkariak izango dira bertan. Ekitaldi honetan, Ander Deuna eta Betiko ikastolek lekukoa pasatuko dio 2022ko Ibilaldiko antolatzaile izango den Bilboko Abusu ikastolari. 
  2. URA GUNEA. Barinetxeko goiko aparkalekua, hondartza gainean, itsasoari begira eskuineko aldea.
    1. Haurren hondartza tailerrak izango dira bertan. Bi aktibitate jasoko dira nagusiki. Batetik, munduko beste herri batzuetako kultura ezagutzea; Saharar herriaren kulturaren ezagutza, hain zuzen. Aurretik, Bizkaiko ikastoletako Lehen Hezkuntzako ikasgeletan landutako gaia da hori. Bestetik, haurren hondartza diseinatuko dute umeek. Hondartzan ur-jolasak ere izango dira. 
    2. Azaldu dutenez, bertako ikuskizuna ez dago oraindino zehaztuta, baina uragaz zer ikusia duen zer edo zer egin gura luketela azaldu dute. 
  3. HAIZEA GUNEA. Barinetxeko goiko aparkalekua, itsasoari begira ezkerreko aldea. 
    1. Kometa eta perkusio tailerrak izango dira.
    2. TURUTUKUPA ikuskizuna bertan izango da. 
  4. LURRA GUNEA. Larrabasterrako Urgitxieta plaza eta ingurua. 
    1. Talo eta Tai Xi tailerrak izango dira.
    2. Gora Kasete ikuskizuna bertan izango da. 

Horrez gainera, Sopelako udaletxe plazan azoka bat egingo dute, 25 postu izango dituena. Horretan, produktuak ikusi eta erosteko aukera egongo da. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun