Erasoen aurrean, autodefentsa transmaribibolloa aldarrikatu dute

Iker Rincon Moreno 2021ko mai. 18a, 12:15
Atzoko elkarretaratzearen irudia. © UKATU

Maiatzaren 17an, transfobia, lesbofobia, bifobia eta homofobiaren aurkako eguna aldarrikatzen da munduan. Hori horrela, elkarretaratzea egin zuten atzo dozenaka lagunek Algortako Telletxe plazan. Hala ere, oraingoan, adierazi zutenez, ez ziren bertan batu biktimaren papera betetzera, "ez gatoz inoren babesaren eske", eta azaldu zuten antolatuta daudela eraso LGTBIQ-foboakaz amaitzeko: "Heteroaraua suntsitu nahi dugu; sistema hau irauli nahi dugu".

Duela 31 urteko maiatzaren 17an, homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik kanpo utzi zuen Munduko Osasun Erakundeak. Hori dela eta, harez geroztik, urtez urte, egun horretan, transfobia, lesbofobia, bifobia eta homofobiaren aurkako eguna aldarrikatzen da munduan. Transexualitatea, berriz, 2018an atera zuten zerrenda horretatik. 

Hori dena gogoan hartuta, Ukatu Transmaribibollo Asanblada uribekostarrak elkarretaratzea egin zuen atzo, astelehenean, Algortako Telletxe plazan. Bertan deitoratu zutenez, sexu-joera eta -identitateak apurka medikuntza eta psikiatriaren diagnosietatik ateratzen doazen arren, heterosexualak ez diren pertsonek egiturazko indarkeria bati aurre egin behar izaten diote. "Gure gorputz, praktika, identitate eta desirak heteroarautik kanpo kokatzen diren heinean, zapalduak dira. Hetereoaraua botere harreman multzoa da, eta, horren bidez, gure jendartean sexualtasuna normaldu eta arautu egiten da. Harreman heterosexual idealizatuak instituzionalizatu dira, eta gizakia izateak esan nahi duenarekin parekatu da". Hau da, azaldu zutenez, heterosexualitatea sexualtasun "normal, natural eta onartu bakarra" izatea inposatu duen gizarte eta kultura erregimena da heteroaraua: "Jendarte honek desira heterosexuala produzitzen du etengabe. Eta horren ondorio dira hemen salatzera gatozen lesbofobia, transfobia, homofobia eta bifobia".

Horrez gainera, aitortu zuten azkenengo urtean aurrerapauso handiak eman direla, baina beste batzuk oraindino lortzeke daudela, berbarako gaur, martitzenean, Espainiako Kongresuan eztabaidatuko duten Trans Legea. Hala ere, atzoko elkarretaratzea ez zuten biktimaren papera betetzeko egin, ez dutelako inoren babesa eskatu gura: "Antolatuta gaude. Eta argi dugu eraso LGTBIQ-foboekin amaitzeko gakoa heteroaraua suntsitzea dela, sistema hau iraultzea, alegia". Hori dela eta, erasoen aurrean, autodefentsa transmaribibolloa aldarrikatu zuten atzo.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun