Eguzkia bidelagun izan dute gaur Sopelan Ibilaldian parte hartu duten lagunek, eta ezin baino hobeto gozatu dute udalerrian egokitutako lau gune berezietako egitarau oparoagaz. Goizean goizetik, eguzkiaren lehenengo izpiak agertu direnetik, Ander Deuna eta Betiko ikastoletako lagunak ibili dira jaialdiari hasiera emateko atontze-lanak egiten, eta, egindako lan horri esker, aurreikuspen guztiak betetzea lortu dute antolatzaileek.
#Ibilaldia -ren koreografia dantzatzen eman diote hasiera gaur @Ibilaldia -ri Sopelako Ander Deuna ikastolan.
— Iker Rincon (@irincon_) May 30, 2021
10:00etan zabalduko dituzte 4 guneak herrian. pic.twitter.com/4rfFBhNlCZ
Harrera-ekitaldiagaz ekin diote jaialdiari, 09:15ean, Ander Deuna ikastolan. Bertan izan dira, besteak beste, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua, Paul Bilbao Kontseiluko idazkaria, Josu Landaluze Sopelako alkatea, Iban Rodriguez Leioako alkatea, udal bietako zinegotziak, ikastoletako idazkariak eta gizarte eragileetako ordezkariak. Berbaldian parte hartu dutenak bat etorri dira esatean euskararen berreskurapen-lanak trabak dituela eta atzerapausoak ematen ari direla gune askotan. Horren aurrean, elkarlanerako deia egin dute, eta nabarmendu dute inoiz baino beharrezkoagoa dela instituzio eta gainerako eragileen arteko elkarlana euskararen berreskurapen eta erabileraren urrats sendoak emateko. Azkenik, ekitaldiaren amaieran, Ander Deuna eta Betiko ikastoletako ordezkariek Bilboko Abusu ikastolako lehendakariari pasa diote Ibilaldiaren lekukoa, zentro horrek hartuko baitu datorren urteko jaialdia antolatzearen ardura.
Hasiera ekitaldia amaitu aurretik 2022ko @Ibilaldia antolatzeko lekukoa eman diote Bilboko Abusu ikastolari; "urtebete barrukoa berezia izango da", iragarri dute. pic.twitter.com/TwG0Z11BkJ
— Iker Rincon (@irincon_) May 30, 2021
Pandemia bete-betean, ibilbiderik gabeko Ibilaldia izan da gaurkoa, ezohikoa. Hala, lau gune nagusitan banatuta, 10:00etatik hasita, askotariko tailerrez eta ikuskizunez gozatzeko parada izan dute aldez aurretik izena emana zuten herritarrek. Izurriteari aurre egiteko ezarritako osasun-neurriak bermatzeko aukera ematen duten lekuak hautatu dituzte antolatzaileek lau guneok ezartzeko –Ander Deuna ikastola, Larrabasterrako Urgitxieta plaza eta Barinatxe hondartzako goiko aparkalekua–, eta aktibitate mota bi antolatu dituzte horietan guztietan: bata, parte-hartze zuzena eta aktiboa eskaintzen duena; eta bestea, ikuskizunak, pasiboagoa eta ikus edo entzutea eskatzen duena. Gune bakoitzak bere egitarau propioa izan du, gustu eta behar ezberdinei egokituta.
Txandaka, aldez aurretik izena emana zuten 1.800 lagun inguru parte hartzen ari da gaurko ezohiko @Ibilaldia -n #Sopelan
— Iker Rincon (@irincon_) May 30, 2021
4 gune egokitu dituzte, eta txanda bi antolatu: 10:00etatik 12:00etara eta 12:30tik 14:30era. pic.twitter.com/Xe8HHSVEJ3
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, aurreikuspen guztiak bete dira gune guztietan, eta aldez aurretik izena eman duten 1.800 lagunak hurbildu dira bakoitzari zegokion gunera, 200 pertsonetako txandetan banatuta; lehenengo txanda 10:00etan hasi da, 12:00ak arte, eta bigarrena, aldiz, 12:30ean, 14:30era artekoa. Errespetua izan da nagusi guztietan, eta txandak eta segurtasun-tarteak mantendu dira uneoro. Era berean, parte-hartze librea eskaintzen zuen azokan jende mordoa batu da Sopelako udaletxearen aurreko plazan, 10:00etatik 15:00etara, 27 postutxotan salgai egon diren hamaika produktu ikusi zein erosteko. Saltzaileek azaldu dutenez, goizean goizetik egon da jendea zain barrura sartzeko, eta, ondoren, tantaka-tantaka herritar asko gerturatu da ortuariak, eskulanak, kontserbak, gaztak, loreak eta bestelakoak kuxkuxeatzera eta erostera. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, aldez aurretik egindako lana agerian gelditu da, eta ez da inolako arazorik egon gune batean ere ez. "Ezarritako babes-neurriak bete dira uneoro, inor ez da kexatu jarritako baldintzengatik", goraipatu dute guneetako arduradunek.
Ez da egun bakarreko jaia
Gaur, maiatzaren 30ean, izan da egun handia, baina, iragarri dutenez, Ibilaldiaren jarduna ez da hemen amaituko. Izan ere, datorren astean, ekainaren 5ean, Burdin Hesia ezagutzeko ekimena egingo dute DBHko ikasleakaz batera. Horretan, aldez aurretik landutako gerra zibil garaiko adierazpen kulturala aintzat hartuko dute, besteak beste.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, berriro ere, esperientzia oso aberatsa izan da bi ikastolen artean Ibilaldia antolatu izana. Ildo horretan, azpimarratu dute hezkuntza- eta hizkuntza-arloan dituzten erronkei aurre egiteko behar-beharrezkoa izango dela bi zentroen arteko elkarlana, bide bera ibiltzen jarraitzea. “Gaurko egunekoa, eta aurreko hilabeteetan egindako bidea ere, izan daitezela gure ale-ekarpen txikiak euskaraz eta euskal kulturaz bizitzeko, eta baita hainbat ekimenez euskaraz gozatzeko ere”, aldarrikatu dute.
Eguneko argazki-galeria eta laburpen-bideoa ikusgai izango duzue laster.