Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatzeko ekintzak antolatu dituzte Erandion eta Leioan

Ander Zarraga 2021ko eka. 3a, 18:08

SOS Kurkudi plataformak ibilbide ezberdina izango duen martxa antolatu du domekarako. © SOS KURKUDI

Zapatu honetan, ekainaren 5ean, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela-eta, hainbat ekintza antolatu dituzte Erandion; era berean, domekan, Kurkudi mendira bigarren martxa egingo dute Leioan.

Zapatuan, eskualdeko hainbat talde ekologistek deituta, Nazioarteko Ingurumenaren Eguna gogoan izango dute Erandion. Hasteko, Astrabuduko Josu Murueta plazatik abiatuko dira Erandiogoikoa auzora ibilaldia eginez, horretarako hitzordua 10:00etan jarri dute. Hortik, Astrabuduko Ibarreko hezegunera bisitaldia egingo dute, eta ondoren, 12:15ean, Erandiogoikoko Euskadi plazan manifestuaren irakurketa egingo dute.

Aldi berean, Erandiogoikoako Euskadi plazan tailerrak egingo dituzte, 11:15etik aurrera; ekintza guztiak musikagaz girotuak egongo direla jakinarazi dute antolatzaileek. Auzokoa Herrikoi Elkarteak antolatuta, beste hainbat ekintza egingo dituzte goizean zehar, besteak beste, aire osasuntsuaren beharra aldarrikatzeko erakusketa.

Kurkudira bigarren martxa

Leioan, aldiz, egingo dute Kurkudi mendira martxa domekan. Leioako domingotarren ordenako komentu ohiaren ingurua babesteko SOS Kurkudi plataformak lehendabiziko aldiaren arrakasta gainditzeko helburua dute oraingoan.

Domekako ibilbidea ezberdina izango dela nabarmendu dute antolatzaileek; 11:30ean Leioako bulebarreko Pirulitik abiatuta, Sarrienatik pasatuko dira, eta San Bartolomen amaituko da martxa. Bertan, Kurkudi mendia babesteko aldarrikapena irakurriko dute, eta "Leioa en verde" umeen marrazki-lehiaketako sariak banatuko dituzte.

 

Erlazionatuak

Elkartasuna kutsaduragaz amaitzeko

Ander Zarraga 2021 mai 18 Erandio

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun