Plentzia eta Gorlizeko kuadrillek elkarretaratze-deialdia egin dute gaurko, irailaren 2rako, martitzen gauean gertatutako istiluetan, "Ertzaintzak erakutsitako neurrigabetasuna salatzeko". 19:00etan jarri dute hitzordua, Ontziola plazan.
Sare sozialetan zabaldu den deialdian onartu dute beraietariko askoren jokabidea ere ez zela "eredugarria" izan. Hala ere, salatu dute Ertzaintzak izan zuen jarrera ez dagoela "inolaz ere justifikatuta", eta, adierazi dutenez, "herriaren kontrako eraso bat izan zen".
Gogoratu beharra dago ertzainek hiru pertsona atxilotu zituztela, Plentziako Alde Zaharrean pilatutako jendea disolbatzerakoan sortu ziren istiluen ondorioz. Atxilotuei desordena publikoak eta agintaritza-agenteen aurkako atentatua egitea egotzi zieten.
Plentzia blindatuta
Martitzen gauean gertatutako istiluen harira, Elixabete Uribarri alkateak zera azpimarratu du: "Plentziarrok nazkatuta gaude gizalegearen aurkako jokabide hauekin, gizarte osoari kalte handia egiten diete, eta, bereziki, Plentziako herritarrei".
Horregatik, eta egunotan herriko San Antolin jaiak ospatuko zirelako, Plentziako Udalak segurtasun-neurriak indartu ditu, inolako ospakizunik egon ez dadin. Hori dela eta, gaurtik, irailaren 2tik, 5era arte, segurtasun-neurri bereziak ezarriko dituztela iragarri dute; hala, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak kontrolak indartuko dituzte, bai herriko sarbideetan bai metro-geltokiaren inguruetan ere, galarazteko jendea botilakaz herrira sar dadin.