Irailaren 16tik 22ra

Mankomunitateak Ukanauto sustatu gura du zerbitzuaren 10. urteurrenean

Ander Zarraga 2021ko ira. 14a, 14:22
Josu Landaluze Ukauto zerbitzuko ibilgailu hibrido bat erakusten.

Europako Mugikortasun Iraunkorraren Asteagaz bat etorriz, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak hainbat ekintza prestatu ditu; besteak beste, familientzako ginkana eta Mugikortasun Iraunkorrari buruzko I. Argazki Lehiaketa egingo dituzte. Gainera, Ukanauto zerbitzuaren 10. urteurrena dela eta, zerbitzua bultzatzeko informazio-standak jarriko dituzte.

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak bat egin du irailaren 16tik 22ra egingo den Europako Mugikortasun Iraunkorraren Asteagaz. Hala, "Zure osasunaren alde, mugi zaitez modu iraunkorrean" leloagaz, eta egun horietarako ekintzak antolatu dituzte: familia guztiarentzako ginkana eta argazki lehiaketa, besteak beste.

Gainera, aurten, Ukanauto ibilgailuen alokairu eta erabilera partekatuaren zerbitzuak 10 urte betetzen ditu. Hori dela eta, Berangon, Gorlizen, Plentzian eta Sopelan zerbitzuari buruzko informazio-standak jarriko dituzte. Bertan, Ukanauto zerbitzuari buruzko informazioa emango zaie herritarrei, erabiltzaile berriak erakartzeko asmoagaz.

Aldi berean, familientzako ginkana bat ere antolatuko dute, modu ludiko batean mugikortasun jasangarria "sentiberazteko". Bertan, parte hartzaileek, hainbat proba eta galderen bidez, material birziklatuakaz egindako auto eoliko bat muntatzeko piezak lortu beharko dituzte. Arratsaldez izango da, 17:30etik  aurrera, honako egun eta kokapenetan: irailaren 16an, Plentziako Ontziola plazan; 17an, Gorlizeko Iberrebarri plazan; 20an, Berangoko Simon Otxandegi dantza taldearen enparantzan; eta 21ean, Sopelako udaletxeko plazan.

Ukanauto zerbitzuaren hamar urteak

"Ukanauto ibilgailu pribatuaren aukera izateko helburuarekin sortu zen, alternatiba praktikoa, eraginkorra eta ekonomikoa. 100 erabiltzaile inguru ditu gaur egun, eta horren erabilera sustatzen jarraitu nahi dugu. Horregatik, hilaren hasieran zerbitzuaren bertuteak azaltzen dituen eskuorri bat zabaldu genuen Uribe Kostako etxebizitza guztietara", azaldu du Josu Landaluze Mankomunitateko lehendakariak.

Gaur egun, Ukanautok zazpi ibilgailu ditu: bost hibrido eta gasolinazko bi. Gainera, une honetan, Lemoiz izan ezik Mankomunitateko udalerri guztietan dago zerbitzu horretako geraleku bat. Zerrendatu dituzten abantailen artean, zerbitzuaren jasangarritasuna, ekonomikoa izatea eta ingurumenarekiko errespetua azpimarratu dituzte.

"Etorkizunean geroz eta indar gehiago hartuko duen zerbitzua da, garraio publikoaren osagarri baten modukoa izango baita", azaldu du Iker Maguregi Ukanautko zerbitzuaren kudeatzaileak. Gaineratu duenez, ez da berdina hirietan edo herrietan bizitzea, "gure eskualdean autoaren menpekotasuna handia da, eta hori aldatzea gizartearen ohituren kontu bat da; izan ere, Europan 12 milioi erabiltzaile eta 400.000 ibilgailu zeuden 2018an".

Bestalde, erabiltzaileen profilari dagokionez, Naiara Gaya Mankomunitateko Ingurumen teknikariak zehaztu duenez, jendea dago modu permanentea erabiltzen duena bidai puntualak egiteko, edo bigarren ibilgailu bezala erabiltzen dutenak ere daude. Hamargarren urteurrena dela eta, erabiltzaileei esker-gutun bat bidaliko dietela ere azaldu du Gayak.

Iragarri dutenez, hilabete osoan zehar zerbitzuaren lehen bi orduak doakoak izango dira, eskualdeko herritarrei zerbitzua erabiltzeko gonbita egiteko. "Hilabete batez, erabiltzaileek ibilgailua erabiltzen duten denboragatik bakarrik ordainduko dute, probako lehen bi orduak izan ezik, horiek doakoak izango baitira", zehaztu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun