Irailaren 16tik 19ra bitartean, Getxoko Fadura kiroldegian jokatu da Lurreko Munduko Sokatira Txapelketan. Bertan, Basque Country taldeak hiru domina eskuratu zituen nazioen arteko txaplektan, eta gainontzeko euskal tadeek beste lau domina banatu zituzten. Bereziki, zapatuan egin zen nazioen arteko lehian, Euskal Herriko taldeko tiralariek ikustaldi ederra eman zuten, eta urrezko domina bi gurean geratzea lortu zuten, 560M eta 500W kategorietan.
Belaunaldi berriek ere beraien potentziala agerian utzi zuten, eta, besteak beste, Erandioko Goiherri taldeak brontzea eskuratu zuen 23 urtez azpikoen 600 kiloko txapelketan. Gainera, Laukizeko Gaztedik lau domina eskuratu zituen taldeen arteko lehiaketan: urrea eta brontzea 560M mailan eta urrea 500W mailan; 540W kategorian ere laugarren postua eskuratu zuten.
Getxo eta Mutriku izan dira parte hartu duten beste euskal taldeak, baina tamalez ez dute dominarik eskuratu txapelketa honetan. Unai Ardeo Getxoko Herri Kirol Sokatira taldeko tiralariak adierazi zuenez, "polita da munduko txapelketa bat hemen egitea"; hala ere deitoratu zuen ez dutela taldera egoera hobetzea lortu, mundiala Getxon egingo zela iragarri zenetik berdin jarraitzen dutelako: baliabide eta jokalari gutxigaz, hain zuzen ere.
Antolakuntza-lana
Pandemiaren testuinguruan antolatutako lehiaketa izanik, lortutako arrakasta nabarmendu dute antolatzaileek, bai kirol arloan bai antolakuntzari dagokionez ere. Azpimarratu dutenez, "muturreko" neurriak hartu behar izan dituzte osasun-neurri guztiak bete daitezen, izan ere, guztira, 17 herrialdetako 630 pertsonek eman zuten izena txapelketan. Gainera, gogoratu beharra dago, pandemiaren ondorioz, urtebete atzeratu behar izan dutela sokatira mundialaren antolaketa.