Uribe Kosta-eskuinaldeko Pentsiodunen Plataformak eskualdeko manifestazioa egin du Berangon

Hodei Torres · Ander Zarraga 2021ko ira. 20a, 18:01

Gaur, 170 lagun baino gehiago elkartu dira Berangon eskualdeko Pentsiodunen Plataformak deitutako manifestazioan. Mobilizazioagaz bat egin dute Oneka, Euskal Herriko emakume pentsiodunen plataformako kideek, eta Itzubaltzeta/Romoko Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideek ere.

Eguraldiak lagundu ez arren, Uribe Kosta-eskuinaldeko Pentsiodunen Plataformak 170 lagun baino gehiago elkartu ditu, gaur, irailaren 20an, Berangon egindako manifestazioan. Gogoratu dutenez, hiru urte baino gehiago daramatzate etenik gabe mobilizatzen eta beraien aldarrikapenak adierazten. Orain, beste mugimendu batzuekaz indarrak elkartzen jarraitzeko beharra azpimarratu dute.

Argazki-galeria

Pentsionistak Manifestazioa Berango

Manifestazioa Sabino Arana kaletik Lantzarte zelaira arte joan da. Bertan, Iñaki Bernaola idazleak eta beste kide batzuek manifestua irakurri dute beraien aldarrikapenakaz –gutxieneko pentsioa eta soldata, % 100 alarguntasun-pentsioa, lan- eta pentsio-erreformak indargabetzea, bizi-baldintza duinak eta gizarte- eta osasun-zerbitzu publikoak eta kalitatezkoak, besteak beste–. Gainera, beste kolektibo batzuei, eta, oro har, langileei gogoratu gura izan diete beraien eskaerak ez direla pentsiodunen kolektiboarenak soilik, gizarte osoari eragiten dioten eskubideak baitira.

Ondoren, Pilar Villadangos eta Iñaki González Itzubaltzeta/Romoko Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideek, Getxoko Udalak Lope de Vega 12. zenbakiko eraikina eraisteko planak azaldu dituzte. Azken urteotan egindako jarduera soziokulturala deskribatu dute, eta eraikin horrek Romo eta Getxon duen garrantzia azpimarratu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun