Parakanoeko arraunlari profesionala da Higinio Rivero (Bilbo, 1982). Barrika Piragua Taldeko kideak 2016an eta 2017an Munduko Txapelketak irabazi zituen maratoi modalitatean; horren ostean, esprint modalitatera aldatzea erabaki zuen Joko Paralinpikoetan parte hartu ahal izateko. Hala, irailean, Tokioko Jokoetan egon zen munduko onenakaz lehiatzen. Aitortu du baldintzak ez zirela onenak izan, eta horregatik seigarren postuagaz konformatu behar izan zen. Hala ere, irailaren 17an, Kopenhageko (Danimarka) Munduko Txapelketan bere trebezia erakusteko beste aukera bat izan zuen, eta zilarra eskuratu ere.
Jokoak seigarren postuan bukatu zenituen, eta gerora aitortu zenuen eguraldiak eragina izan zuela. Zer gertatu zen?
Eguraldiak eragina izan zuen bai, eta domina bat eskuratzeko lehian sartu nahi izan banuen ere, errealista izanda, soilik hirugarren edo laugarren postuagatik borrokatzeko aukera nuen; zorte askogaz bigarren postua ere eskuratu nezakeela uste dut. Hala ere, egia da haizeak bere eragina izan zuela proban; izan ere, ufadek ezkerraldetik jotzen zuten, eta alde horretan harmailak zeuden, beraz, hor zeudenak babestuago zeuden; aldiz, ni eskuinaldean nengoen, eta haizeak nahiko eragiten zidan. Orain, Munduko Txapelketan, baldintza normalakaz eta aurkari berdinen aurka bigarren postuan geratu naiz. Bestalde, Tokiora joan aurretik, aste bi egon behar izan ginen Sevillan burbuila batean, eta fisikoki nahiko indartsu heldu banintzen ere, psikologikoki ez nintzen % 100ean egon, % 98an baizik, eta horrek emaitza baldintzatu dezake baita.
Irailaren 17an zilarra eskuratu zenuen Kopenhageko Munduko Txapelketan, pozik zaude emaitza horregaz?
Arantza bat kentzearen modukoa izan da. Ez nuen espero bigarren geratzea, baina bai beste lehiakide batzuen aurretik egitea, Olinpiar Jokoetan baldintza normaletan aritu izango bagina bezala. Hala ere, lehen postua eskuratu zuen Fernando Rufino de Paulo brasildarra pauso bat gainetik dago, baina hurbiltzen goaz.
Azkenaldian, parte hartu duzun lehiaketa guztietan goiko aldean kokatzea lortu duzu. Lan gogorraren emaitza da hori?
Bai, apustua egin nuen goiko aldean egoteko, eta horren emaitza dela esango nuke. Lehen 15en artean egoteko nolabaiteko profesionaltasuna behar duzu prestaketan. Oro har, pentsatzen da, eta, istripua izan aurretik nik ere pentsatzen nuen, fisikoki sendo dagoen edonork lortu ditzakeela emaitzak egokitutako kirolean, baina ez da horrela. Goian egoteko gogor eta modu profesionalean entrenatu behar duzu. Beraz, azkenaldian, urteko ia hamar hilabete egiten ditut etxetik kanpo, errendimendu handiko zentroetan entrenatzen, eta horrek eman dit dominengatik borrokatzen egoteko aukera
Eta orain zer?
Denboraldi batez piragua alde batera utzi, eta Espainiako triatloi txapelketara joan naiz. Denboraldian zehar handbike edo esku-bizikleta egiten egon naiz kirol osagarri bezala. Guk triatloietan, igeriketaz gain, gurpildun aulkia eta egokitutako bizikleta erabiltzen ditugu. Lehiatzeko beste modu bat da. Ez naiz geldituko, baina buruarentzako apur bat gelditzea ondo datorkidala uste dut, gero piragua ere gogo gehiagogaz hartu ahal izateko.