"Bost Minutu" filma estreinatuko dute gaur

Iker Rincon Moreno 2021ko aza. 15a, 19:11

Gaur, astelehenean, estreinatuko dute Amaia Nerekan Umaranek zuzendutako Bost minutu filma, Zinebi jaialdiaren barruan, Bilboko Arte Ederren museoan. Lan horrek Aiurren istorioa kontatzen du, sei urteko motxiladun ume baten istorioa, hain zuzen ere.

Bost Minutu pelikula estreinatuko dute gaur, astelehenean, Zinebi-Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian, Bertoko Begiradak sailaren barruan. Proiektu horrek Zinebi Industry Award 2019 saria jaso zuen, eta Amaia Nerekan Umaranek zuzendutako lana da, Marmoka Filmsek ekoiztuta.

Arduradunek azaldu dutenez, dokumental horrek Aiur motxiladun sei urteko umearen istorioa kontatzen du: "Bost minutu, Aiurrek bere aita kartzelatik deitzen duenean berarekin telefonoz hitz egiteko duen denbora da. Bost minutu pasa ondoren, deia eten egiten da". Hala ere, istorioa ez da hor geldituko, eta egoeraren buelta, aitaren itzulera, kontatuko du.

Nerekanek azpimarratu duenez, Bost Minutu begirada oso pertsonaleko lana da, Aiurrengan fokoa jarritakoa: "Sei urteko umea da, eta haurtzaroa baldintzatuta izan du aita berarekin ez zegoelako; preso dago, etxetik kilometro askotara". Hala, azaldu du egoera horretan aita-semearen arteko harremanak zelan eta nola garatzen diren hausnartzeko eta ikusteko garatu duela proiektua, besteak beste.

Horretarako, Nerekan Aiur eta bere amagaz egon da aita, Endika, aske egon aurretiko hilabeteetan: "Talde ia-amateur batekin, ahalik eta gutxien eragin barik, errealitatea erakutsi nahi izan dut, familia horren inflexio-puntu bat dakarren momentu horren sentsazioak gorde ahal izateko".

Sinopsia

Aiurrek sei urte bete berri ditu. Gauero, bere amarekin batera, sukaldeko egutegia begiratzen du, bere aita etxera itzultzeko zenbat egun falta diren zenbatzeko. Bere aita, Endika, kartzelan dago, hamabost urte daramatza preso, etxetik oso urrun, 540 kilometrora. Aiurrek aitarekin komunikatzeko bi modu besterik ez ditu: hilean behin egiten duen bisita eta bost minutuko telefono deiak. Baina, Aiurren aita etxera itzultzeko unea iritsi da.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun