Uribe Kostako hiru preso Euskal Herriratuko dituzte

Erredakzioa 2021ko abe. 30a, 16:31

Izadiren, Iñigo Gutierrezen alabaren, eskubideen aldeko hainbat protesta egin dituzte urteotan. © IZADI GURASOEKIN ETXERA

Espainiako Espetxe Zuzendaritzak jakinarazi du Iñigo Gutierrez preso algortarra hirugarren gradura pasa eta laster espetxetik irtengo dela; horrez gainera, iragarri du beste sei euskal preso Euskal Herriko espetxeetara eroango dituztela, tartean Arkaitz Goikoetxea getxoztarra eta Gorka Martinez urduliztarra.

Espetxe Zuzendaritzak eta Lakuako Gobernuko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, administrazio bakoitzaren eskumenen esparruan, zazpi euskal preso Euskal Herriko espetxeetara eramatea erabaki dute, tartean Uribe Kostako hiru. Hala, Eusko Jaurlaritzak erabakiko du orain bakoitza zein espetxetara mugituko duten: Zaballa (Araba), Basauri (Bizkaia) edo Martutene (Donostia).

Pedro Cano eta Arkaitz Goikoetxea Logroñoko espetxetik, Joseba Segurola eta Gregorio Vicario Burgosetik, Gorka Martinez El Duesotik eta Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez Aranjuezetik. Azken bi horiek Izadiren gurasoak dira; urtarrilaren 23an hiru urte beteko ditu umeak eta gurasoengandik bananduko dute.

Gutierrezek 2022ko uztailean amaituko du zigorra, eta daborduko hiru laurden baino gehiago bete dituenez, baldintzapeko askatasunean egon beharko luke aspaldi. Espainiako Barne Ministerioak dioenez, hirugarren gradura igarotzea ere ebatzi da eta kartzelatik atera beharko litzateke laster.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun