Korrikak apirilaren 7an zeharkatuko du Uribe Kosta

Ander Zarraga 2022ko urt. 19a, 12:49

Martxoaren 31tik apirilaren 10era, Amurriotik Donostiara joango da 22. Korrika. Bidetik, euskararen aldeko ekimenak Uribe Kosta igaroko du apirilaren 7an; zehazki, goizaldeko 06:30ean sartuko da Getxon, Bizkaia Zubitik. Ibilbidearen xehetasunak gailu adimendunetarako Korrika aplikazioan ikus daitezke. Bestalde, AEK-k jakinarazi duenez, kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko da.

Ohi bezala, aurreko Korrikaren edizioa bukatu zen herrialdeak hartuko du aurtengo Korrikaren hasiera: Bizkaia; kasu honetan, Amurriotik abiatuko da euskararen aldeko ekimen erraldoia. Hamaika egunez, Euskal Herriko bazter guztietatik igaroko da, apirilaren 10ean Donostian bukatzeko.

Uribe Kostatik apirilaren 7an igaroko da 22. Korrika. Hala ere, lehendabizi, Erandio zeharkatuko du apirilaren 6ko 19:00etan, Bilbora bidean. Hurrengo egunean, Portugaletetik Getxora joango da Bizkaia Zubia zeharkatuz 06:30ean; hortik, Leioara, Algortara, Berangora, Sopelara eta Urdulizera joango da. Eskualdea Gorlizetik utziko du 09:40ean, Mungiara bidean.

AEKk jakinarazi duenez, ibilbidearen xehetasunak eta unean uneko informazioa kontsultatu ahalko da telefono adimendunentzako Korrika aplikazioaren bitartez. Aurten, programak hainbat berritasun dakartzala azaldu dute: bilatzaile hobetua eta estaldura-arazoak ekiditeko sistema berria, kasu. Aplikazioaz gain, ibilbidea herrika eta eskualdeka kontsultatu daiteke www.korrika.eus webgunean.

Bestalde, AEKtik jakinarazi dutenez, kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko da. Interesdunek Korrika bulegoakaz harremanetan jartzea besterik ez dute, kilometro zehatza gorde eta AEKren euskaltegien aldeko diru-ekarpena egiteko.

Korrikaren 22. edizio honen leloa "HitzEkin" izango da, hizkuntza bat hitzakaz osatu arren, ekintzek eraikitzen baitute hizkuntza baten komunitatea. AEKko antolatzaileek adierazi dutenez, euskarak aurrera egin gura badu, "euskaldun (pro)aktibok behar ditu konbentzimendutik ekintzara, praktikara salto egingo dutenak".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun