Urtebete egin duzu Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatearen presidentetzan; COVID-19aren pandemia bete-betean hartutako kargua duzu. Nolakoa balantzea egiten diozu lehenengo urteari?
Egia esan, ez dira garairik erosoenak tokiko administrazioak kudeatzen ditugun arduradunontzat. Pandemiak erronka handiak ekarri dizkigu, hankaz gora jarriz gure aurreikuspen guztiak. Hala ere, oro har, gure eskualdeko herritarrek zein Mankomunitateak zentzuz eta arduraz erantzun diogula uste dut sortutako krisi ekonomiko zein sozialari. COVID-garaian bi premisa nagusiren inguruan lan egin dugu: batetik, Uribe Kostako herritarrak babestea; eta bestetik, lehen minututik eskualdeko kolektibo zaurgarrienei arreta emateko gizarte-zerbitzuen funtzionamendua bermatzea. Horretarako, berdintasun eta Gizarte Zerbitzutako sailetatik lehentasun politiko eta sozialak egokitu eta bideratu behar izan ditugu. Ezohiko zerbitzuak abiarazi behar izan ditugu eta osasun arloko arduradunekin harreman estua izan dugu inor atzean ez uzteko. Beraz, atzera begiratuz gero, balantzea gogorra bezain baikorra izan dela esan dezakegu.
Zeintzuk izan dira agintaldiaren hasieratik finkatutako helburuak?
Uribe Kostako Mankomunitateak bost departamendu izan arren, helburu bera partekatzen dugu: eskualdea osatzen duten herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen jarraitzea. Mankomunitatean ordezkatuta dauden udalerrien kezkak eta eskaerak entzun eta lehenbailehen erantzun bat ematea, hori da gure betebehar nagusia. Horretarako, langile profesionalak ditugu erakundeko sail guztietan, gizarte zerbitzuetan zein Iraunkortasun, Euskara, Berdintasun eta Kontsumo sailetan.
Zein da Mankomunitateak kide diren udalerriei ematen dizkien zerbitzuak?
Arestian esan bezala, bost departamendu ditugu, eta bakoitzak zerbitzu ezberdinak eskaintzen ditu. Eskualdeko herritarrek hauen berri izateko, orain dela hilabete batzuk zerbitzuen gida bat argitaratu genuen, zerbitzuen nondik norakoak deskribatuz. Hala ere, egia da gure aurrekontuaren zatirik potoloena gizarte zerbitzuetara eta Iraunkortasun Sailera bideratzen dela. Izan ere, etxerik gabeko pertsonei arreta emateko gaueko harrera zerbitzua eskaintzen duen aterpetxe bat daukagu, eguneko arreta zerbitzua ere badaukagu gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonentzat, harrera-etxeak ditugu gizarte-larrialdi egoeran edo bazterketa arriskuan dauden edo indarkeria matxistaren biktima diren pertsonentzat, etxez etxeko laguntza-zerbitzua ere badaukagu, zahartze aktibo eta osasungarrirako ekintzak antolatzen ditugu eta laguntza teknikoen alokairuak edo boluntarioen laguntzak eman. Horretarako, hitzarmen desberdinak ditugu Bizkaiko Gurutze Gorriarekin edota Getxoko Udalarekin, besteak beste. Pertsonengan inbertitzen jarraituko dugu, okerren pasatzen ari direnei arreta eskaintzeko.
Euskararen alorrean, helburu nagusia da euskararen erabilera errealitateko eremu guztietara zabaltzea, eta euskara harreman-bide gisa zabaltzea. Iraunkortasun Sailean, udalerrien garapen iraunkorra bilatzen dugu. Kontsumo departamenduaren bitartez, ondasunak erostean edo zerbitzuak erabiltzean herritarrei kontsumitzaile eta erabiltzaile gisa dituzten eskubideak babesteko moduari buruzko informazioa eskaintzen dugu. Eta azkenik, Berdintasun Sailaren bitartez, zerbitzua modu aktiboan txertatu nahi dugu emakume eta gizonen arteko berdintasun printzipioa udal egituretan eta egitura mankomunatuetan, bai eta ekintza publikoko maila guztietan ere. Eta horretarako, herritarren sentiberatzea eta parte hartzea bultzatzen dugu, gaur egungo ezberdintasun egoerak aldatzeko.
"Zerbitzuaren kalitatea nabarmen hobetuko da, egungo beharretara egokituz. Gogoratu behar da aurreko kontratuan, enpresa esleipenduna arduratzen zela papera saltzeaz; orain, berriz, Mankomunitatea bera izango da lehengai hori saltzeagatik diru-sarrerak jasoko dituena"
Besteak beste, hondakinen bilketa kudeatzen du Mankomunitateak. Iaz kartoia eta papera biltzeko lizitazioa berritu zenuten. Zeintzuk izan ziren berrikuntzak?
Hala da, esleipen prozesuaren azken txanpan gaude, eta laster abiaraziko dugu zerbitzu berria hobekuntza desberdinekin. Zerbitzuaren kalitatea nabarmen hobetuko da, egungo beharretara egokituz. Gogoratu behar da aurreko kontratuan, enpresa esleipenduna arduratzen zela papera saltzeaz; orain, berriz, Mankomunitatea bera izango da lehengai hori saltzeagatik diru-sarrerak jasoko dituena. Kontratuari atxikitako langileak handitu egingo dira. Lanaldi osoko gidari bat egongo da, eta lanaldi erdiko bigarren bat. Horri esker, egunero edukiontzi gehiago bildu ahal izango dira eta papera birziklatzeko lantegira eramateko denbora murriztu ahal izango da. Horretaz gain, merkataritzako atez ateko zerbitzua ere indartu egingo da, astean bi egun eskaintzetik gutxienez hiru egun eskaintzera igaroko baita: astelehen, asteazken eta ostiraletan. Esleipendunak aldaketa horren berri eman beharko die atxikitako saltoki guztiei. Gaur egun, zazpi udalerri mankomunatuetako 159 dendek parte hartzen dute. Horrek guztiak birziklatze-tasa ere handitzen lagunduko digu.
Euskararen erabilera eta ezagutza sustatzeko estrategia aurkeztu zenuten iaz. Zeintzuk dira jorratzen ari zareten ildo nagusiak?
Bost oinarri nagusi ditugu. Lehena, dinamika integral bat sortzea eskualde osoan, dinamika bateratu bat, Mankomunitateko Euskara Sailetik koordinatuta. Bigarrena, euskararen komunitatea saretzea, euskaltzaleen eta euskara eskuratu nahi dutenen sarea sortzea alegia, elkarren arteko harremanak indartuz. Hirugarrena, eragile sozialen eta politikoen arteko elkarlana sustatzea. Laugarrena, adin tarte eta sektore guztientzako ekimen eraginkorrak antolatzea, euskara balorean jartzeko. Eta bosgarrena, Uribe Kostan euskararen komunitatea eta dinamika identifikatzeko “Uribe Kostan Euskaraz Blai!” marka indartzea bilatu dugu, eskualdea ikusgarria izan dadin euskara arloan.
Ikastetxe foroa martxan jarri dugu, kirol eta merkataritza arloak ere landu ditugu... kolektibo estrategikoak aukeratu dira euskara sustatzeko: gazteak, erakundeak, familiak, lan mundua.... Adostasun zabal batean oinarritutako bultzada berritua eman nahi diogu. Modu eraikitzailean planteatu dugu estrategia berria.
Ekogunearen bitartez, ingurumena eta mugikortasun jasangarriaren inguruko hainbat jarduera egiten ditu Mankomunitateak. Zeintzuk dira zure ustez aipagarrienak eta garatzeko bidean daudenak?
Jarduera ugari eta askotarikoak egiten ditugu Iraunkortasun Sailetik. Hasteko, gure eskualdearen garapen jasangarri baterako 2030 Agenda egiteko prozesua martxan daukagu, baita Eskola Agenda ere, ikastetxeekin elkarlanean jarduera desberdinak antolatuz. Bestalde, kontsumo iraunkorraren eta bizimodu arduratsuaren arloan herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko zein janaria alferrik ez xahutzeko kanpainak ere egiten ari gara. Horren adibide dira Inguru Minguru tailerrak, energia-aholkularitzako zerbitzuak, plastikozko poltsak ezabatzeko kanpainak, Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astea, Hondakinak Prebenitzeko Astea edo Aste Berdea, besteak beste. Iraunkortasunaren aldeko hezkuntza da beste zutabe garrantzitsuenetako bat, urte osoan zehar garatzen ditugun Ekoguneko ikastaroen bidez lantzen duguna. Udaletako teknikarien eta politikarien ingurumen-prestakuntza, mugikortasun jasangarria (Ukanauto) edo pilak, olioa, papera, kartoia edo beira bezalako hondakinen bilketa eta lekualdaketa dira nabarmendu beharreko beste zeregin batzuk.
"Ukanauto alternatiba praktikoa, eraginkorra eta ekonomikoa da. 100 erabiltzaile baino gehiago izan ditu, eta sustatzen jarraitu nahi dugu"
Iaz Ukanauto zerbitzuak 10 urte bete zituen. Nolakoa izan da hamarkada honetako balantzea?
Ukanauto ibilgailu pribatuaren alternatiba izateko helburuarekin sortu zen. Alternatiba praktikoa, eraginkorra eta ekonomikoa. 100 erabiltzaile baino gehiago izan ditu, eta sustatzen jarraitu nahi dugu. Horregatik, zerbitzuaren bertuteak azaltzen zituen eskuorri bat zabaldu genuen Uribe Kostako etxebizitza guztietara. Era berean, webgunea berritu dugu eta gure sare sozialetan zenbait bideo zabaldu ditugu zerbitzua bultzatzeko. Azken finean, asko dira Ukanautok eskaintzen dituen abantailak. Eraginkorra eta jasangarria da, berotegi efektuko gasak eta energiaren kontsumoa murrizten laguntzen duelako (gutxi gorabehera, urtean 120 tona CO2 isurtzea saihestu dugu). Ekonomikoa da, erabiltzen denagatik soilik ordaintzen delako; beraz, autoa erabili behar duten pertsonei mugikortasuna errazten die eta, era berean, aurrezteko aukera ematen die. Ez diote aseguruen, konponketen, zergen… kostuei erreparatu behar. Eta azkenik, ingurumena errespetatzen du. Ukanautori esker, udalerrietako bizi-kalitatea hobetzen da, inguru garbiagoa, ke eta zarata txikiagoa daukagu... Izan ere, lau eta zortzi auto bitartean kentzen ditugu errepidetik, batez beste.
Eskualdeko zerbitzuen gida argitaratu zenuten iaz. Uste duzue herritarren artean Mankomunitateak ematen dituen zerbitzuen jakintza gutxi dagoela?
Pertzepzio hori genuen, bai. Uribe Kostako herritarrek, Mankomunitateak eskualdean eskaintzen dituen jarduera eta baliabideak ezagutzeko xedearekin kaleratu genuen gida, beraien eskura dauden zerbitzu eta programei buruzko informazio eguneratua zabaltzeko asmoarekin. Tresna eraginkorra izan zitekeela uste genuen, herritarrek egiten dugun lana hobeto ezagutzeko eta horri onura atera diezaioten. Horixe da modu ulergarri, hurbil eta argigarrian argitaratu dugun gida honen helburu nagusia.
Zeintzuk dira etorkizunerako Uribe Kostako Mankomunitateak ezarri dituen erronka edo mugarriak?
Datozen urteetarako markatutako helburu nagusia gaur egun eskaintzen ditugun zerbitzuak indartzea eta hobetzea da, Mankomunitatean ordezkatutako udalerrien beharrizanei ahalik eta hobekien erantzuteko. Gure eskualdean gizarte ongizatea hobetzen jarraitzea, Uribe Kosta iraunkorrago bat izatea, euskara ezagutu eta erabiltzen duen eskualde bat izatea, benetako berdintasuna sustatzen duen eta arduraz kontsumitzen duen eskualde bat izatea. Horren alde lan egingo dugu.
Aipatzeko besterik baduzu hemen duzu tartea...
Aurten Mankomunitateak 30 urte ospatzen dituela gogoratu behar da; ez da edonolako urteurrena. Urte hauetan guztietan erakundea bere baliabideak optimizatzen eta zerbitzu-sorta bat finkatzen joan da, betiere Uribe Kostako herritarren bizi-baldintzak eta kalitatea hobetzeko asmoz. Mankomunitatea beharrezko erakundea dela egiaztatu dugu hamarkada hauetan, eskualdeko 40.000 pertsona baino gehiagori ematen diogu zerbitzua eta zeregin hauek, udalerrien garapen egokirako ezinbestekoak izan dira, eta izango dira. Eta amaitzeko, HIRUKAri eskerrak ematea, Mankomunitatean egiten dugun lanaren berri emateko aukera eskaintzeagatik. Eta Uribe Kostako bizilagunei esatea Mankomunitateko ateak zabalik dituztela, beraien zalantzak argitu edota ahal dugun neurrian, dituzten arazoei soluzioak emateko.