Elkarrizketak

Irene Gana: "Adin on batean nago eta hobetzen saiatu nahi dut"

Ander Zarraga 2022ko api. 20a, 09:00

Aurten ere, ur lasaietako eta surf-eskiko 23 urtez azpikoetan buruz buru arituko da.

Aparteko urtea egin ondoren, Irene Gana Barrika Piraguismo Taldeko palista gazteak emaitza onak bilatzen jarraitu gura du hasi berri den denboraldi honetan, bai itsasoan eta baita ur lasaietan ere.

Iazkoa aireratzeko urtea izan zen Irene Gana palistarentzako. Erizaintza ikasketak eta piraguismoko entrenamenduak tartekatzen dituen 22 urteko Algortako gazteak oso emaitza onak lortu zituen 23 urtez azpikoen goi mailako lehiaketetan: alde batetik, surf-eskiko mundialean hirugarren geratu zen eta Europako Txapelketan bigarren sailkatu; horretaz gain, ur lasaietako maratoi modalitateko Mundialean ere egon zen, eta bederatzigarren postua eskuratu zuen horretan. Tamalez, aurten, Europako Txapelketa ez da jokatu, Errusian egin behar zutelako eta Espainiako selekzioak horretan ez parte hartzea erabaki zuelako.

Gana ur lasaietako kayakean aritzen da, maratoi modalitatean, 22,6 kilometroko lasterketetan, baina 2020an surf-eskian ere hasi zela dio: "Nik betidanik ur lasaietako piragua egin dut Plentziako itsasadarrean, baina, gero, itsasoan ere probatzen hasi nintzen, eta asko gustatu zitzaidan". Surf-eskian, hondartza batetik bestera doazen 15 eta 25 kilometroko arteko ibilbideak egiten dituzte, eta Ganak oso emaitza onak lortu ditu lehia horietan hasieratik; lehen urtean nazioarteko frogetan aritzeko sailkatu zen.

Txikitatik arraunean

Zortzi urte zituela probatu zuen piragua lehen aldiz, eta, ordutik, Barrika Piraguismo Taldean sartuta ibili da. Dioenez, bere aitagatik murgildu zen piraguaren munduan; uda batean probatu zuten eta berari asko gustatu zitzaion. Orduan, gazteegia zenez, ezin izan zen Barrikako taldera sartu, eta, hasiera batean, lagunakaz egoteko denbora-pasa bezala aritu zen. Urteakaz taldea osatu zuten, eta lehiaketetan parte hartzen hasi ziren: "Niri asko gustatu zitzaidan, eta kategorietan sartzen hasi nintzen; hark Espainiako Txapelketara eraman ninduen, eta horrek are gehiago lotu ninduen kirolera". Ordutik, urtero lehiaketetan egon da, eta urtez urte emaitzak eta teknika hobetzen joan dela aitortzen du.

Berarentzako aurrerapauso garrantzitsua izan zen 2015ean Rafael Quevedo Europako txapeldun eta Munduko txapeldunordeagaz entrenatzen hasi zenean. "Berarekin asko hobetu dut, eta falta zitzaidan urrats hori ematea lortu dut. Rafari esker gehiago eta hobeto entrenatzen hasi nintzen eta, iaz, 2021ean, lan horren emaitzak azaleratzen hasi ziren". Une honetan, ur lasaietako kayaka eta surf-eskia egiten ari da: "Oso ondo osatzen dira eta bata egiteak besterako ere balio du".

Iazko emaitza onen ostean, aurten ere emaitza onak eskuratzeko lehiatzeko prest dago Gana; izan ere, martxoko lehen lehiaketan, Espainiako 5.000 metroko txapelketan, zazpigarren postua eskuratu zuen nahiz eta lasterketa mota hori bere espezialitatea ez izan: "Pentsa, hor distantzia guztietako kirolariak egon gara, beraz, lortutako emaitzarekin oso pozik nago"

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun