Gero eta gutxiago falta da euskararen erabilera handitzeko xede duen Euskaraldiari hasiera emateko. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da, eta daborduko herriz herri osatzen ari diren batzordeak ariketarako prestaketa lanei ekin diete; gero eta gehiago dira, aurtengoan ere, Euskaraldira batzen ari direnak.
Hirugarren edizioa iragartzeko abestia aurkeztu da aste honetan. Xabier Zabalaren musika eta Andoni Egañaren hitzakaz sortutako Esazu hitz bat abestiari bost abeslarik jarri diote ahotsa: Andoni Egaña hitzen egileak berak, Zea Mays taldeko kantari Aiora Renteriak, Petti Berako musikariak, Maddalen Arzallus bertsolari eta kantariak eta Ainhoa Larrañaga hernaniar musikari eta aktoreak. KAntuagaz batera bideoklipa aurkeztu dute, eta daborduko sarean entzun eta ikusgai dago kantua eta bideoa.