Udako jaien harira

"Jaiak guztiontzat seguru, aske eta gozagarri izango dira, ala ez dira izango. Erantzukizuna denona da"

Uribe Kostako mugimendu feministako zenbait talde 2022ko uzt. 8a, 10:48

Jai herrikoetan, tamalez, askotariko eraso matxistak jazo dira urtez urte, eta, aurten, festak hasi berritan, hainbat eraso izan dira eskualdean.

Jaiak bueltan dira gure herrietara, eta, horiekin batera, tamalez, jai giroan areagotzen diren eraso matxistak. Uribe Kostan antolatuta gauden hainbat talde feministetatik egoerari erreparatu nahi izan diogu.

Jai herrikoiak ospakizunerako eta gozatzeko une eta guneak dira, baina ezin ditugu guztiok berdin bizi. Mugimendu feministatik pozik hartzen ditugu gure herrietako jaiak, baina arduraz ere begiratzen diegu. Izan ere, pandemiak aisialdia eta ospakizunak ia bi urtez mugatu ostean, jendeak festa-gose ikaragarria du, eta, beraz, desfasea ere bikoitza izan daiteke, komunitate bezala mugarik eta bitartekorik jarri ezean.

Jaietan, dena libre den aitzakiapean, eraso matxisten ofentsiba eta gorakada nabaria da: begiradak, irainak, ukituak, gutxiespenak, bortxaketak, erailketak... Ezin ditugu, ordea, eraso horiek fenomeno anekdotiko eta isolatu gisa ulertu; indarkeria matxista arazo sistemiko-estrukturala baita. Hartara, indarkeriarik gabeko testuinguruak eta giroak sortzea jarri behar dugu erdigunean.

Lamiakon, Leioan, Sopelan… hainbat izan dira gure inguruetako jaiak hasi berritan gertatu diren erasoak.

Tamalez, lerrook idazterakoan, udako jaien zikloa hasi besterik ez da egin eta jada zenbait herritan erasoak eman gertatu dira. Salatu gabeko asko eta asko izango dira, ziurrenik, garrantzia kendu zaielako edo eraso gisa identifikatu ez direlako, besterik gabe. Portaera jakin batzuk normaltzat ditugunez, sarritan, ez zaizkigu bortitzak iruditzen. Portaera horien eraginez, hain zuzen, sortzen dira hegemonikoak ez diren sexu- eta genero-identitateen kontrako jazarpena ahalbidetzen dituzten testuinguruak, onargarri egiteraino.

Are gehiago, alkohola, drogak edo gaua bezalako elementuak erasotzaileen jarrerei larritasuna kentzeko erabili ohi dira, eta horrela, sarritan, erasoa jasan dutenen salaketei legitimitatea kentzen zaie.

Egoera horren aurrean, erasoei aurre egiteko eta, are gehiago, horiei aurrea hartzeko tresnak sortzen ari gara, baita ekimen ugari  pentsatzen eta antolatzen ere.

Jaietan aktiboki parte hartzen dugun eragile eta erakunde guztiek eraso matxistak kudeatzeko protokolo bat izaten dugu helduleku. Modu horretan, erantzun irmo eta kolektiboa emateko oinarri sendoa dugu. Protokoloak fintzen ari gara herriz herri, eta ahalik eta sektore gehienekin lantzen: jai batzordeekin, txosna batzordeekin, parte hartzaile diren kuadrillekin… Protokoloa mugimendu feministatik sortzen dugu, baina berebizikoa da jaien parte diren guzti-guztiek bere egitea.

Prebentziotik lan handia hartzen dugu, horretara bideratzen ditugu indar gehienak, horretan ari gara etengabe, urte osoan zehar. Baina, aizue, jaiak guk ere gozatzeko modukoak izan behar dira, eta, horretarako, gure egitarau eta ekintza propioak sortzen ari gara jaietan. Hori bai, erasotzen bagaituzte, ez gara geldi eta isilik geratuko; antolakuntza eta autodefentsa feministaz erantzungo dugu. Eta inork ez gaitzala zalantzan jarri egokitzen zaigun biktimaren paper pasibotik atera eta geure buruak defendatzeagatik. Gorputza ere politikoa delako. Erasoen aurrean erantzun bat ematea zilegi delako. Gure gorputzak eta bizitzak dira jokoan daudenak.

Bestelako jai eredu baten alde urteak eta urteak daramatzagu lanean, mugimendu feministatik zein herrietako beste eragile eta jai batzordeekin batera. 

Jai herrikoiak auzolanean komunitatea indartzeko tresna ezinbestekoa dira, eta horiek antolatzen eta bultzatzen jarraituko dugu. Are gehiago, jai herrikoiek eraldaketa sozialerako bide eman dezakete. Baina beharrezkoa da jai ereduari buelta bat eman eta ikuspegi feminista batetik lantzea. Guztiontzat segurua, askea eta gozagarria izango den jai eredu batekiko hautua egiten dugu, eta, hori horrela izan dadin, erantzukizuna denona da. Gune seguru eta giro sanoa bermatzea denon esku dago, ez soilik norbere jarrerei begira, baita ingurua eta ingurukoengan eraginez ere. Komunitate gisa, erabili dezagun jaietako indar sortzailea eredu askatzaileak praktikara eramateko eta nahi ditugun herri eta harreman ereduak eraikitzeko. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun