Hasiera batean, GATX egitasmoak izango zuen erantzunak ezinegona sortu bazien ere, ekimena antolatzeko arduradunak oso pozik daude egitasmoak izan duen emaitzagaz. "Hasi zenetik amaierara arte, 100 gaztetxok era jarraituan parte hartzea lortu dugu eta esperientzia oso positiboa izan da", azaldu du Juanlu Aranburu euskara-teknikariak.
Aurreko otsailean hasi zen Gazteon Abentura Txapelketan 12 eta 15 urte arteko Gorliz, Plentzia, Barrika, Lemoiz, Sopela eta Urdulizko 100 gaztek parte hartu dute. 10 taldetan banatuta, itsasoan, hondartzan, pinudian, mendian zein kaleetan askotariko esperientziez gozatzeko aukera izan dute, hala nola piragua, orientazio ibilbideak, eskalada, herri kirolak, surfa eta gaueko ibilaldiak. Aranburuk azaldu du zeregin hori antolatzeko Plentziako institutura jo zutela, gazteakaz batera ekimena antolatzeko.
Teknikariak azaldu duenez, egitasmoaren helburua gaztetxoei esperientzia "paregabeak" eskaintzea izan da, “betiere elkartasuna, errespetua, bizipoza, laguntasuna eta ingurunearekiko zainketa balioan jarrita”. Horretaz gain, lagunen artean euskararen erabilera bultzatzea ere zen ekimenaren zereginetako bat. "Lagun-talde berriak sortu dira eta beraien harremanetarako euskara erabiltzea bilatzen genuen; zentzu horretan, esperientzia ona izan da eta helburua bete dugu".
Domekan, uztailaren 24an, Gorlizko Santiago jaietan, azken jarduerak egingo dituzte goizean, eta, iluntzean, 20:00etan, aurtengo parte-hartzaileen arteko sari-banaketa egingo dute. Aranburuk baieztatu duenez, guztientzako egongo da zer ala zer.
Lehen edizioaren emaitza positiboa ikusita hurrengo urteetan ekimena errepikatzeko prest azaldu da euskara-teknikaria: "Emaitza oso positiboa izan da, denok pozik gaude eta hurrengo urtean jarraipena emateko prest gaude".