Euskaraldian parte hartzeko izena emateko epea zabaldu dute

Iker Rincon Moreno 2022ko ira. 29a, 09:47

Bilboko Kafe Antzokiko ospakizun ekitaldira hurbildu ziren arduradunen eta ordezkarien talde-argazkia. © EUSKARALDIA

Aurten, azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da Euskaraldia, eta daborduko ahobizi edo belarriprest roletan parte hartu gura duten herritarrek eman dezakete izena Euskaraldiaren webgunean. Aurreko edizioetan izena eman zutenek, parte hartzea berretsi baino ez dute egin beharko. Atzo Bilbon egindako aurkezpenean, antolatzaileek azaldu zutenez, "beste behin ere, lortu nahi dugu herritarren hizkuntza ohituretan eta praktika linguistikoetan euskarak gero eta leku zabalagoa izan dezan”.

Hilabete bi baino gutxiago falta da Euskaraldiaren hirugarren edizioari hasiera emateko, eta, atzotik, eguaztenetik, aurrera dute herritarrek ariketan izena emateko aukera. Hala, ahobizi eta belarriprest rolak hartu gura dutenek, Euskaraldia bera hasi arte izango dute horretarako aukera; aurten, ordea, aurreko edizioetan izena eman zutenek, parte hartzea berretsi baino ez dute egin beharko.

Atzoko agerraldian jakinarazi zutenez, orain hasi eta ariketa bukatzen den arte Euskaraldian parte hartuko duten belarriprest eta ahobiziei informazioa eta aholkuak ematen jardungo dute ekimena antolatzen ari diren herri batzorde eta koordinazioko kideek. Izan ere, “belarriprest eta ahobizi guztiek ariketa ahalik eta modu prestatu eta erosoenean” egitea gura dute.

Entitateetan ariguneak osatzeko aukera ere, zabalik

Maiatzean ireki zuten entitateek ariguneak osatu eta ariketan izena emateko aukera eta, azpimarratu zutenez, oraindino ere, urriaren 31ra arte, mota guztietako entitateek, hala nola denda, elkarte, kirol-talde, enpresa edota erakunde, aukera izango dute ariguneak identifikatu eta Euskaraldian talde moduan parte hartzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun