Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak eskualdean dauden hainbat kirol eragile “Kirola eta Euskara” izeneko foroan elkartu zituen atzo, martitzenean, arratsaldean, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak, Bizkaiko Kirol Federazioen Elkarteagaz (ASFEDEBI), kirol federazioakaz eta Eurosportegaz batera sustatzen duen BIKEE (Bizkaian Kirola Ere Euskaraz) proiektuaren aurkezpen publikoa egiteko.
BIKEE, 2017an jaiotako proiektua da, euskararen erabilera soziala kirol mundura hedatzeko asmoz. Ordutik Bizkaiko 39 kirol-federazio proiektu horren parte dira. BIKEE programak, Bizkaiko kirol-sistema federatu osoa hartzen du, modalitate bakoitzean euskararen erabileraren normalizazioan aurrera egiteko.
Testuinguru horretan, Mankomunitateak Uribe Kostako kirol eragileak Sopelako Kurtzio kultur etxean batu zituen BIKEE programa ezagutzera emateko. Ekitaldian Josu Landaluze Uribe Kostako Mankomunitateko lehendakariak gogoratu zuen Mankomunitateak 2021eko ekainean urrats kualitatibo garrantzitsu bati ekin ziola, “Uribe Kostan Euskaraz Blai” estrategia berria abian jarriz: “Aurkezpen hartan, gutako bakoitzak bere ur tanta jarioan jarriaz euskaraz busti eta euskararen itsasoa indartzeko eta osatzeko determinazioa hartu genuen. Uribe Kostan euskaraz bizitzeko aukerak indartzera eta sendotzera goazela azpimarratu genuen, eta bide horretan eskualdeko eragile guztiei elkarlanerako eskua luzatu genien, tartean gaur hemen gonbidatuak zareten guztioi”.
Uribe Kostako Mankomunitateako lehendakariak adierazi zuenez, euskararen komunitatea sortzeko "ezinbestekoa" da herritarren eta eragileen konplizitatea eta aldekotasuna izatea. Hala, euskararen normalizaziorako kirol munduko sektorea euskalduntzea ere ezinbestekoa dela gogorarazi zuen. “Kirol mundua euskaldunduz herritar askorengana iristen gara, eta kuantitatiboki eragin handiko esparrua dugu hau, adin tarte guztietako herritarrek praktikatzen baitute kirola modu batera edo bestera”, azpimarratu zuen. Horregatik guztiagatik, Uribe Kostako Mankomunitateak Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako BIKEE proiektuagaz bat egiten duela esan eta ahalegin guztiak egingo direla proiektu hori Mankomunitateko kirol elkarte eta klubetan txertatzeko azpimarratu zuen.
Bestalde, Lorea Bilbao, Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak kirolean euskara sustatzeko beharra eta nahia dagoela adierazi zuen. “Kirol klubengana heltzeko helbururekin, proiektua Bizkaiko eskualde guztietan aurkeztu dugu, lehenengo maila politikoan, alkate eta zinegotziekin eta gero, lan-mahaiak osatuz euskara eta kirol teknikariekin eta klubetako ordezkariekin. Bizkaia osatzen duten 9 eskualdetatik 8tan aurkezpen politikoak egin ditugu eta horietako 4 eskualdetan lan mahai teknikoak ere egin dira eta 84 klub dagoeneko BIKEE programan sartu dira. Inguruen soziolinguistiko bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta kirolean euskara sustatzeko beharra eta nahia dago. Dinamika zehatzen bidez, eskualde bakoitzeko egoerari buruz hausnartu eta erronka partekatuak lantzen ari gara. Eta erronkak edo norabidea adostu ostean, hori lortzeko eragile bakoitzak zein konpromiso eta ardura hartu dezakeen eta behar diren baliabideak aztertzen dugu, denon artean, elkarrekin. BIKEE programak Bizkaian Kirola ere Euskaraz izan dadin aterki handi bat izan nahi du, eragile desberdinei prozesuan babesa emango dien aterkia”.
Lorearen ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkarien eskutik BIKEE proiektuaren aurkezpen publikoa egin zuten. Horrez gain, Bizkaiko kirolari ezagunen eta erreferentzialen zuzeneko iritziak eta testigantzak ere jaso zituzten. Horien artean egon zuren Iraia Iturregi (Athleticen emakumezkoen taldeko entrenatzailea), Pello Bilbao (Bahrain Victoriouseko txirrindularia), Danel Abando (boxeolaria), Nagore Osoro (arraunlaria) eta Andoni Aretxabaleta (Baikoko pilotaria), besteak beste. Kirola eta euskara gaia ardatz hartuta mahai inguru interesgarriaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu ziren guztiek.
Amaitzeko, proiektuagaz bat egin gura duten Uribe Kostako kirol taldeen adierazpena irakurri eta Euskaraldiaren aldeko talde argazki bategaz eman zuten bukatutzat ekitaldia.