Kike Amonarriz: "Baditugu baldintzak euskarak jauzia eman dezan"

Ander Zarraga 2022ko aza. 17a, 09:28

Amonarrizek Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria izateari utziko dio 2023an.

Telebista-aurkezlea izateaz gain, Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria ere bada 2019tik. Euskal Herriko euskara elkarteak batzen dituen erakunde horren zereginetako bat da Euskaraldiaren koordinazio-lana egitea. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den ekimenari buruz eta euskararen egoerari buruz gehiago jakiteko beragaz egon da HIRUKA.

Nolakoa izango da hirugarren Euskaraldia?

Lehenik eta behin, esango nuke izango dela normaltasun osoz aurrera eraman ahal izango dugun Euskaraldia. Aurrekoa pandemia bete-betean egin genuen, eta nahikoa arrakasta izan zen egin ahal izatea bera; beraz, alde horretatik, aurtengoa normaltasunez egin ahal izango dugu. Horretaz gain, nahiko genuke Euskaraldi masiboa izatea, eta sinistuta gaude horrela izango dela, Euskal Herri osoan egingo baita. Gainera, aurtengoa ariketan zentratuagoa egongo dela uste dut; azken finean, jendeak ulertu du Euskaraldia ez dela euskararen aldeko kanpaina bat, ez dela hizkuntzarekiko aldekotasuna erakusteko egitasmo bat, baizik eta norberak eta entitateek euskararen aldeko erabileran urratsak emateko ariketa soziala, hizkuntza-ohituretan aldaketa datzana, hain zuzen ere. Uste dut hori gero eta hobeto ari dela ulertzen, eta horrek eramango gaituela ariketan zentratuago dagoen Euskaraldi batera.

Berritasunik izango du aurtengo Euskaraldiak?

Lehen ediziotik bigarrenera urrats handi bat eman zen: norbanakoen Euskaraldia izatetik, norbanakoen eta entitateen Euskaraldia izatera pasatu zen; hor ariguneen kontzeptua sortu zen. Hala ere, pandemiagatik hainbat lekutan ezin izan ziren ezta martxan jarri ere. Hala ere, kontzeptua zabaldu zen eta hainbat lekutan nola edo hala egin zen, baina ez pentsatzen genuen moduan. Orduan, esango nuke aurtengo berritasuna ariketa bere osotasunean eta sakontasunean eraman ahal izatea izango dela. Gainera, aurtengo Euskaraldian ezagutarazi nahi dira aurreko edizioetan bai norbanako mailan, bai entitateen mailan ere izandako lorpenak eta jarritako erronkak ere. Hain zuzen ere, helburua izango da erakustea Euskaraldia euskararen erabileran urratsak ematea dela.

"Jendeak ulertu du Euskaraldia  ez dela euskararen aldeko kanpaina bat, ez dela hizkuntzarekiko aldekotasuna erakusteko egitasmo bat, baizik eta norberak eta entitateek euskararen aldeko erabilera-urratsak emateko ariketa sozial bat".

Zeintzuk izango dira goraipatuko dituzuen lorpen horiek?

Batetik, ikerketek erakusten digute Euskaraldian parte hartzen duten pertsonek ekimenak irauten duen bitartean euskararen erabileran jauzi handia ematen dutela; bestetik, aurreko edizioan ariguneen bitartez ikusi ahal izan genuen, ordura arte, euskararen erabilera baxuagoa zen hainbat lekutan hizkuntzari ateak zabaldu zizkiola eta urratsak eman zirela zentzu horretan. Horretaz gain, ikerketek adierazi digute denbora bat pasatzen denean Euskaraldian lortutako aldaketa batzuk mantentzen direla, baina beste batzuk erdararekiko inertziak jaten dituela. Nolanahi ere, Euskaraldia amaitu eta hortik hilabete batzuetara, egoera beti da ekimenaren aurretik baino hobea, horrek esan nahi du funtzionatzen duela kolpe bat bezala, eta erabilera maila bat igotzen duela, baina Euskaraldi dezente beharko ditugula hizkuntzaren erabilera-ohituran aldaketa horiek finkatzeko. Gero, eboluzioari dagokionez, aurreko Euskaraldian nekeza izan zen batzordeak martxan jartzea, eta horien funtzionamendua oso motela eta ahula izan zen, egoerak ere baldintzatuta. Aurten, nahiko genuke euskara bultzatzeko egitura antolaturik ez dagoen auzo eta herrietan sortzen diren euskara-batzorde horietatik ahalik eta gehienek iraun dezaten Euskaraldian sortu diren dinamika horiek mantentzeko, hain zuzen.

Uste duzu euskararen oztoporik nagusienetako bat hizkuntza eroso erabiltzeko eremuen gabezia izan daitekeela?

Bai, eta nik uste dut Euskaraldiak ariguneen eta arnasguneen bidez heldulekua eskaintzen diela era guztietako entitate eta erakundeetan lanean ari diren euskaltzaleei, beraien eragin-eremua ere zabaltzeko, egiten ari diren politikez hausnartzako.

Hizkuntza hegemonikoak
"Hizkuntza oso indartsuek inguratuta bizi gara, eta ez badago hautu kontziente bat maila politikoan, sozialetan eta indibidualean, inertzia guztiek beti hizkuntza hegemonikoetara bultzatuko gaituzte"

Nolakoa uste duzu izango dela laugarren Euskaraldia?

Zaila da esaten. Aurretik, hirugarren Euskaraldi honek zer ematen duen aztertu beharko dugu, eta orduan hasiko gara laugarrenaren definizioan. Egia da Euskaraldiak tempus bat sortzen duela non euskara eramaten dugun agenda komunikatibo eta soziopolitikoaren erdigunera, eta horrek hausnartzeko eta urratsak emateko aukera eskaintzen digu, baina hori oraindik ere puska luze batean egiten jarraitu beharko dugu. Beraz, Euskaraldiaren edizio bakoitzean fokua non jarri erabakitzen joan beharko gara bere ezaugarri propioekin. Horretaz gain, nazioartean ere hainbat hizkuntza-komunitatek ere interes handia agertu dute Euskaraldiaren inguruan, eta litekeena da etorkizunean ere antzeko ekimenak ikustea Euskal Herritik kanpo ere. Hizkuntza oso indartsuek inguratuta bizi gara, eta ez badago hautu kontziente bat maila politikoan, sozialetan eta indibidualean inertzia guztiek beti hizkuntza hegemonikoetara bultzatuko gaituzte. Horregatik uste dut horrelako ekimenak beharko ditugula etorkizunean ere.

Askok telebistatik ezagutzen zaituzte, baina Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria ere zara 2019tik. Nola uztartzen dituzu biak?

Nik bizitza guztia bi hanken gainean egin dut: batetik, umorea eta telebista, eta, bestetik, euskalgintza eta soziolinguistika. Niretzako biak oso lotuta daude, eta batean ikasitakoa bestera eramaten saiatu naiz beti. Niretzat hori egitea oso esperientzia polita izan da, hasieran, askok esaten zutelako euskaraz ezin zitezkeela txisteak egin, baina guk erakutsi genuen posible zela.

Hedabideen betebeharra
«Esango nuke Euskal Herri mailan euskarazko eskaintza komunikatiboa oso ahula dela eta euskararen presentzia hedabide handietan urgentziaz handitu beharko litzatekeela. Jauziaz ari garenean, nabarmena da komunikabideetan euskararen presentzia zein urria den, eta hor aurrerapausoa berebizikoa dela uste dut. Komunikabideetatik harago, uste dut sare sozialetan era guztietako edukiak sortzen dituztenak ere behar ditugula, eta horiek ere bultzatu eta indartu beharko genituzkeela, badagoelako euskarazko Egunean Behin bezalako edukiak eskatzen dituen masa kritiko bat». 


Topagunea ezagutzen ez duen bati nola azalduko zenioke zer den?

Euskal Herri osoan hedatuta dauden euskara elkarteen federazioa da. Batetik, elkarteak koordinatzen ditu, mugimendua indartu eta hedatu dadin, eta, bestetik, Topaguneak mugimendu sozial bat ere osatzen du ikuspegi nazionala duena eta Euskal Herri mailan ekimenak antolatzen dituena, eta horietatik ezagunena Euskaraldia da. Horretaz gain, hainbat alorretan egiten dugu lan euskalgintzaren alde; besteak beste, Tokikom tokiko hedabideak biltzen dituen erakundea ere bada Topagunearen parte. Laburbilduz, esan dezakegu euskararen erabileran ardazten den mugimendu sozial bat dela, Euskal Herri osoan hedatuta dagoena.

Egia da idazkari moduan egingo duzun azken urtea izango dela?

Bai, hala da. Duela hiru urte hartu nuen lehendakaritza, eta laugarren bat ere erantsiko diot, baina uste dut era honetako erakundeetan garrantzitsua dela errotazio bat egotea, eta horretarako une egokia da. Hala ere, bertan lanean jarraituko dut.

Euskararen erabilerari buruzko azken datuek adierazi dute kale-erabilera mantendu dela, eta duela sei urtekoaren parekoa izaten jarraitzen duela. Nolako irakurketa egiten duzu zuk horren inguruan?

Erabileran aldaketak oso astiro ematen dira. Hizkuntzen erabilera-ohiturak ez dira goizetik gauera eta masiboki aldatzen, mantsoak izaten dira. Horretaz gain, kontuan hartu behar da aurreko urteetan erabileraren jaitsiera batetik gentozela, eta azken lau urteetan joera hori gelditu eta mantendu egin dela. Gehientsuenok beherakada bat espero genuen, azken lau urteotan pandemiak euskararengandik urrun bizi ziren familia eta haurrak erabat urrundu zituelako eta lotura ahul horiek ere erabat eten zirelako. Horrek erakutsi digu, erabileran jauzi bat eman nahi badugu, hemen aldaketa sakon bat egin beharko dugula, bai hizkuntza politiketan, bai atxikimendu sozialean baita maila indibidual zein kolektiboan hartu beharreko erabakietan ere. Horregatik, ekimenak ezinbestekoak dira, baina gakoa izango da nola eman jauzi handi bat euskalgintza prozesuan. Topaguneak berak ere hurrengo urtean kongresu bat egingo du, horren inguruan hausnartzeko eta pentsatzeko hizkuntzaren biziberritzean jauzia nola eman, eta horretan zein izango den Topagunearen eta Euskaraldiaren funtzioa. 

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun