Elkarrizketak

Lucia Astigarraga: "Momentuz, aukera gehiago izan ditut atzerrian, baina nire lehentasuna da hemen lan egin ahal izatea"

Iker Rincon Moreno 2023ko urt. 27a, 13:13

Lucia Astigarraga, Itzubaltzeta/Romon.

Lanez gainezka dabil egunotan Lucia Astigarraga eszena zuzendari getxoztarra. Joan den urtarrilaren 15ean Galerna, azken bidaia izeneko ikuskizun musikalaren aurre-estreinaldia egin zuen Kultur Leioan, Leioa Kantika Koralagaz batera. Orain, otsailaren 7an, Alemaniara egingo du salto, Manon opera prestatzen hasi eta apirilaren 2an taularatzeko. Tartean, baina, martxoaren 19an Bilbora buelta egin behar izango du, leioaztarrakaz batera landutako obra Arriaga Antzokian estreinatzeko, Loraldia jaialdiaren barruan.

Zugaz egon ginen azken aldian Moto-Membra Jesu Nostri antzezlanaren berri eman zenigun. Bilboko Arriaga Antzokian taularatu zenuten, zelako harrera izan zuen horrek?

Izugarri ona esango nuke. Jendeari asko gustatu zitzaion, eta askok galdetu ziguten ea noiz taularatuko dugun berriro, beste batzuei gomendatzeko edota berriro ikusteko ere. Eneko (Sagardoy) oso pozik dago; berriro egin nahi du, eta horretan gaude. Ez dakigu hemen inguruan izango den, baina baliteke Alemanian izatea, han aukera gehiago baititugu horretarako.

Alemanian eginez gero, lana egokitu beharko zenukete?

Ezer ez; gainera, aukera polita da, euskaraz eta gazteleraz mantenduko litzatekeelako. Alemanian oso interesatuta daude han euskara entzuteko; izan ere, han oso ohituta daude antzezlanak eta ikus-entzunezkoak oro har beste hizkuntza batzuetan ikustera, azpitituluekin. Gu baino ohituago daude horretara.

Zelan egin daiteke hori, bada, antzerkian?

Antzokietan goiko-titulu deitzen zaie horiei. Beti egon ohi da horretarako aukera eta, Alemanian, Berlinen adibidez, badago leku bat aulkietan bertan hizkuntza aukera dezakezuna. Izugarria da. Horretarako, baina, beste erregidore bat egon behar da lanean, antzezlana jarraitzen eta go, go, go ematen. Noski, gure kasuan, pertsona horrek euskara ulertu beharko luke Enekoren testua eta musika jarraitzeko.

Otsailaren 7an joango da Akisgranera Lucia Astigarraga.

Orain, baina, Akisgranera (Alemania) joango zara Massenet-en Manon opera taularatzera. XIX. mendeko lana da hori; eguneratu behar izan duzu?

Bai, kasu honetan bertsio garaikide bat aurkeztuko dut. Hala, pertsonaia bera bere maitalearen eta ospetsu izateko gogoaren artean banatuta egongo da. Obra tradizionalean, protagonistak aberatsa izan nahi du, eta, gure kasuan, Manon pertsonaiak famatua izan nahi du, popularra, gaur egungo Instagrameko celebrity moduko bat. Obsesionatu egingo da mundu horrekin, eta, izar bilakatzeko zurrunbilo horretan hil egingo da.

Lehenengo aldia izango da obra hori taularatzen duzuna?

Bai; bigarrenez joango naiz Akisgranera lanera, bertan Carmen egin nuelako aurretik. Horixe izan zen nire lehenengo opera atzerrian, eta hauxe izango da bigarrena. Leku beretik deitu didate, eta pozik nago badirudielako pozik daudela egindako lanarekin.

Apirilaren 2an, igandean, izango da estreinaldia, eta bi astean behin taularatuko dugu, 10 aldiz, ekainera arte.

Kasu honetan, kontrako norabidea egitea aurreikusten duzu? Hau da, atzerritik gurera ekartzea obra bat?

Ez dakit. Halako operak Euskaldunan egiten dira, eta momentuz ez dut inoiz haiekin lan egin. Baina bai, gustatuko litzaidake; noski baietz. Dena dela, momentuz beti izan ditut aukera gehiago atzerrian lan egiteko hemen baino; hala ere, nire lehentasuna hemen lan egitea da.

Alemanian denontzat dago opera eginda. Espainiako Estatuan, aldiz, opera elitistagoa da, han ez bezala. Han eskolako ikasleak eramaten dituzte operara; gainera, errazagoa da han opera baterako sarrera ordaintzea hemen baino.

Lucia Astigarraga, Leioa Kantika Koraleko kantariakaz lanean. © DAVID AZURZA

Orain gutxi ere Galerna, azken bidaia lanaren aurre-estreinaldia egin zenuten Leioan Leioa Kantika Koralagaz batera. Zelako harrera izan zuen antzezlanak?

Oso ona; dena saldu genuen, eta esperientzia oso polita izan da. Basilio, haien zuzendari musikala, hain da ona bere lana izugarria dela. 23 urte daramatza haiekin lan egiten, eta egin du lan oso ona. Nik astebetez egin dut lan haiekin, eta izugarria izan da. Oso onak dira, azkarrak, motibatuak eta diziplinatuak dira. Luxu bat izan da niretzat eszena zuzendari gisa jardutea eurekin.

Horren ostean, estreinaldi ofiziala egingo duzue Bilbon, Loraldia jaialdiaren baitan, martxoaren 19an. Bertan egoterik izango duzu?

Loraldiak produzitutako lana da, bai, eta nire egutegiagatik egin behar izan genuen aurre-estreinaldi hau urtarrilean, Alemanian egongo naizelako laster. Baina, ofizialki, esan bezala, estreinaldia Arriaga Antzokian izango da, bai.

Etorri nahi dut bertan egoteko, azken finean, Leioatik Arriagara alde handia dago; izan ere, espazio handiagoa dago han, eta hori dena aprobetxatzeko eta baliabide teknikoei etekina ateratzeko etorri beharko naiz lana egokitzera.

Zertan datza Galerna, azken bidaia?

Bermeoko 1912ko galerna hartan inspiratuta dago. Hala ere, gogoratu beharra dago hemen ere urtero galernak ditugula, eta horiekin guztiekin bere lotura izango du. Azken finean, itsasoari begira dagoen obra bat da, horien arriskuak erakusten dituena, jende asko hil baita horien eraginez, ez bakarrik Bermeon, baizik eta euskal kostalde osoan. Gainera, euskal mitologiarekin ere nahasketa bat egiten dugu; lamiak agertzen dira bertan, besteak beste.

Leioa Kantika Korala tartean egonda, musikak garrantzi handia izango du, ezta?

Bai. Protagonista da korua, baina badago aktore bat ere, Jon Ander Urresti, Bermeokoa, hango euskalkian aritzen dena. Gainera, tenore bat dago, Aitor Garitano, Bergarako gazte bat. Baina, bai, protagonista nagusiak koruko neska-mutilak dira; rol guztiak hartzen dituzte, transformatzen dira, eta oso ondo egina dago dena. Maila handikoak dira.

Dagoeneko Arriagako patioko sarrera guztiak salduta daude, eta gainontzekoak gutxi gelditzen dira. Kontuan hartuta bi hilabete falta direla obrarako, hori izugarria da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun