Marea Urdina deiturikoak manifestazio bateratua egingo du maiatzaren 26an Bilboko Moyua plazatik Ugasko kalean kokatzen den Bizkaiko Foru Aldundiko eraikinera arte. Bestalde, maiatzaren 27an, elkarretaratzea egingo dute Bilboko Sabin Etxearen aurrean, langileentzako hitzarmen-kolektibo duin bat eskatzeko asmoz.
Halaber, maiatzaren 26an, Gaudeko langileek manifestazioa egingo dute euren Leioako egoitza nagusitik hasita Bizkaiko Zubi esekira arte. Bukatzeko, maiatzaren 27an, Romoko Santa Eugenia plazan, trikipoteoa antolatu dute 14:30ak arte. Gaudeko langile batzordeko Borja Lloninek adierazi du ekintza horregaz jendea erakarri gura dutela: "Musikagaz batera, bizilagunak gu ezagutzera, borrokatzera eta laguntzera animatuko ditugu". Gainera, trikipoteoan zehar dirua bilduko dute zozketa publiko baten bidez. Modu horretan, kutxa solidario bat sortuko dute, erresistentzia- eta borroka-kutxa gisa erabiliko dutena.
Hala, Lloninek azpimarratu du soldatak Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) arabera eguneratu arte dibertsitate funtzionalaren sektorean diharduten langile guztiek borrokan jarraituko dutela.