Alde batetik, aldaketarik izango ez duten udalerrietan, hala nola Getxon, Leioan, Erandion eta Berangon, EAJko alkateek errepikatuko dute agintean. Ildo horretan, berritasun bakarra izango da Berangon Anabel Landak kargua utzi eta Itziar Aginagaldek jasoko duela aginte-makila. Era berean, aipatzekoa da udalerri horietan guztietan alderdi jeltzaleak zinegotziak galdu dituela, eta batzuetan ez duela gehiengo absolutua izango, beraz, jeltzaleek beste alderdiakaz negoziatu beharko dute gehiengoan gobernatu gura badute.
Beste aldetik, EH Bilduk hainbat eserleku berri eskuratu ditu hauteskunde hauetan, baina ez hori bakarrik, Plentzian eta Lemoizen, gehiengo absolutuari esker, alkatetzak ere kenduko dizkiote EAJri. Hurrenez hurren, Aitor Garagarza eta Jesus Mari Arizmendi izango dira udalerri horietako alkateak hurrengo lau urteetan.
Alkateak erabakitzeke
Gurean, aginte makila zein eskuetan eroriko den erabakitzeke duten udalerriak ez dira gutxi: Barrikan, Gorlizen, Sopelan eta Urdulizen alderdi politikoek beraien artean adostu behar izan dute nork hartuko duen agintea. Horren harira, Elkarrekin Podemosek iragarri du gobernuen aldaketa bultzatzeko ezkerreko gobernuak babestuko dituela, eta ez duela EAJ eta PSE-EE alderdiakaz akordiorik ixteko asmorik.
Hori horrela, ziurtatu daiteke Sopelan eta Urdulizen EH Bilduk alkatetzak lortuko dituela. Lehenaren kasuan, Guruzne Carrasson koalizio abertzaleko zerrendaburua gehiengotik zinegotzi bakarrera dago, eta, daborduko, Eder Garcia Elkarrekin Podemoseko zinegotziak babesa emateko prest dagoela adierazi du.
Urdulizen, berriz, EAJk eta EH Bilduk zinegotzi kopuru bera lortu dute, eta gobernua osatzeko giltza du Elkarrekin Podemosek; horrenbestez, bermatuta egongo litzateke jeltzaleek bertako Alkatetza galduko dutela eta Itziar Iratzagorria izango dela Urdulizko alkate berria.
Barrikaren kasuan, EAJk 51 boto baino ez dizkio atera EH Bilduri, eta alderdi biek launa zinegotzi lortu dituzte; beraz, gobernu-taldearen osaketa zinegotzi bakarra lortu duen iBarrika alderdiaren eskuetan dago.
Gorlizen, EAJk gehiengoa galdu du eta Gorliz Bizirik herri-plataforma independenteak eskuratu ditu zinegotzi gehien. Ikusteko dago alderdiek orain arteko sintonia ona mantentzea lortzen duten, baina zalantza gutxi daude hurrengo alkatea Ekaitz Pau izango denik. Ildo horretan, EH Bilduk jakinarazi du independenteakaz negoziaketetan aritu direla egunotan euren abstentzioaren bitartez Pau agintean jartzeko.