Tourraren lehen etapa noiz pasatuko da Uribe Kostatik?

Ander Zarraga 2023ko eka. 27a, 12:56

Euskal Itzuliko argazkia. © AIURRI

Zapatuan, uztailaren 1ean, Frantziako Tourra Bilbotik abiatuko da eta mundu mailako puntako txirrindulariek Uribe Kosta zeharkatuko dute. Hori dela eta, Bilbon hasi eta Bilbon amaituko den 182 kilometroko etapak hainbat errepide-mozketa eragingo ditu eskualdean, eta eragin zuzena izango du ibilgailuen zein pertsonen zirkulazioan.

Lasterketak izango dituen lehen ondorioak barikuan, ekainaren 30ean, hasiko dira nabaritzen; izan ere, egun horretan, lasterketaren ibilbideko aparkalekuak kenduko dituzte eta ezin izango da kale horietan ibilgailurik aparkatuta eduki. Edukiontziak eta trafiko-seinaleak ere kenduko dituzte, txirrindularien segurtasuna bermatzeko.

Halaber, Tourrak eskualdea zeharkatzen duen egunean, ezarritako ordutegian ezin izango da ez oinez ezta ibilgailuz ere zirkulatu itxita egongo diren kaleetatik; oinezkoek adierazitako guneetatik bakarrik gurutzatu ahal izango dute errepidea. Garraio publikoan ere eragina izango dute trafiko-mozketek, eta murrizketak udalerriz udalerri ezarriko dira.

Lotura hauetan lehen etaparen ibilbidea eta orduak zehazten dituen rutometroa deskargatu daitezke.

Erandio

Tourra 12:55etan hasiko bada ere, eskualdeko lehen mozketak goizeko 09:00etan egingo dituzte, tropelaren aurretik auto-karabana batek egingo baitu txirrindularien ibilbide bera. Lehenengo mozketak Erandioko Enekuri eta Asua auzoetan egingo dituzte, BI-704 errepidean, 09:00etan eta 09:30ean, hurrenez hurren. Bertatik, 10:30ean pasatuko da karabana eta lasterketa 12:30ean.

Enekuriren kasuan, errepideak itxita jarraituko du 18:30ak arte, itzuli osoa egin eta gero, lasterketa Artxandatik bueltatuko baita eta Enekuritik sartuko dira berriz ere Bilbora. Gainontzeko tarteetan errepidea 14:30etik aurrera zabaltzen hasiko dira.

Ibilbideak Gatika eta Laukizera bidean (BI-707) jarraituko du eta Akarlanadatik (BI-2731) berriz ere sartuko da Erandion, unibertsitateko errepidean (BI-647) behera Astrabudua ondotik pasatzeko, itsasadarrera bidean. 

Leioa 

Astrabudutik Leioara joango dira itsasadarretik BI-711 doan errepidean. Leioan, 09:50ean polizia egongo da bidegurutze eta sarbideetan, eta 10:00etan zirkuitua itxiko dute trafikoarentzat eta oinezkoentzat. 11:39etan publizitate-karabana pasako da Leioatik eta 13:35etik 13:39etara Tourra Lamiakotik igaroko da. Azkenik, 14:40etan zirkuitua berriz irekiko dute.

Getxo

Getxoren kasuan Tourrak erdigunea zeharkatuko du Areetatik sartu eta Salsiduko biribilgunetik udalerria utzi arte. Kirol-probaren ibilbidea erabat itxita egongo da 10:30etik 15:00etara. Hala, inguruko kaleetan zirkulazioaren noranzkoa aldatu eta oinezkoentzako pasabideak murriztu egingo dituzte. Lasterketaren aurretik egingo duten karabana 11:30ak inguru sartuko da Getxon, eta tropela 13:30ean pasatuko da hirigunetik.

Hau da Tourrak Getxon egingo duen ibilbidea: Areetako Eduardo Coste kaletik sartuko da, Zugatzarte etorbidetik jarraituko du, Ereagako biribilgunean eskumara egingo dute eta gero ezkerrera Makaletako etorbidetik jarraitzeko, eta, azkenik, Salsiduko biribilgunean eskumara egingo dute Berangora bidean udalerria uzteko. 

Probak Getxon izango dituen eraginaren eta aparkaleku zein bide alternatiboen inguruko informazio zehatzagoa aurkitu daiteke albiste honetan.  

Berango

Berangoren kasuan ere lasterketaren ibilbidea itxita egongo da 10:30etik 15:00ak arte, lasterketa 13:39etan igaroko baita Simon Otxandategi etorbidetik eta Moreaga kaletik.  

Sopela

Berango atzean utzita, txirrindulariak Sopelan sartuko dira Urkoko biribilgunetik. Hortik, lasterketak udalerri osoa zeharkatuko du, Urgitxieta, Iberre, Akilino Arriola, Sipiri, Loroño eta Sabino Arana kaleak zeharkatuz, 13:43ak aldera. Horren aurretik, bi ordu lehenago, publizitate-karabanak ere ibilbide bera egingo du eta Sopelako erdiko kaleak 10:30etik 15:30ak arte egongo dira itxita. 

Urduliz

Urdulizera BI-634 errepidetik sartuko da lasterketa 13:46etan. Kasu honetan, errepidea eta Urdulizko erdigunea 10:30etik 15:30era egongo da itxita eta ezin izango bidea ez oinez ez ibilgailuz zeharkatu. Lasterketak Aita Gotzon kalea zeharkatuko du eta Hegoalde kalean ezkerrera egingo du, jarraian eskumara egiteko Kareabi kaletik, eta Elortzako biribilgunean berriz ere ezkerrera egingo dute Plentziarako bidea hartzeko.

Plentzia 

Plentzian, lasterketa BI-2704 errepidetik sartuko da eta itsasadarreko zubia zeharkatuko du Gorlizera noranzkoan. 12:00etan lasterketaren aurreko karabana pasatuko da eta lasterketak 13:54ak aldera zeharkatuko du udalerria Kautela errepidean gora (BI-2120). Plentziarako sarbidea ere itxita egongo da karabana pasatu baino bi ordu lehenago.

Gorliz

Plentzia atzean utzita, proba Gorlizera sartuko da BI-3154 errepidetik,13:56etan. Hala ere, txirrindulariak berehala gurutzatuko dute udalerria Tribiñu kaletik eta Lemoizko bidea hartuko dute BI3151 errepidetik. Gainontzeko ibilbidea bezala, Gorlizera sartzeko bidea ere itxita egongo da 10.30etik 15:00ak arte, gutxi gorabehera.

Lemoiz 

Frantziako Tourrak Lemoizen utziko du eskualdea Bakiora bidean. Txirrindulariek BI-2153 errepidetik Armintzara joango dira eta auzoa zeharkatuko dute Bakiorako bidean jarraitzeko, BI-3152 errepidetik. Armintzatik 12:10etan pasatuko da karabana; aldiz, lasterketa 14:02etan aurreikusi dute heltzea; horrenbestez, aipatutako tarteak itxita egongo dira, gutxienez 10:30etik 15:30ak arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun