Erabakitzeko eskubidearen alde, ikurrinak kalera aterako dituzte zapatuan Frantziako Tourra igarotzen denean

Iker Rincon Moreno 2023ko eka. 29a, 08:00

Tourra eskualdetik igarotzen den bitartean ikurrinak ikusteko deialdiak egin dituzte Gure Esku taldekoek. © GURE ESKU

Frantziako Tourrak nazioartean duen oihartzuna aprobetxatuta, Gure Eskuk Euskal Herria zazpi lurraldez osatuta dagoela eta euren etorkizuna libre erabaki gura dutela aldarrikatuko dute aste-akabuan. Horretarako, "Euskal Herriak Erabaki - Basques decide" leloa duten 60.000 ikurrin banatuko dituzte egunotan eta, gurean, Uribe Kostan, zapatuan hiru koloredun banderakaz kalera ateratzeko deia egin dute herriz herri.

Aurtengo Frantziako Tourraren lehenengo etapak Uribe Kosta zeharkatuko du alderik alde. Hori dela eta, Gure Eskuk, bere aldarriak nazioartean entzunarazteko asmoz, kirol-probaren ibilbidea ikurrinez betetzeko deia egin du.

Tourra Erandiotik sartuko da eskualdera, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeak eguerdiko 12:00etan jarri du ikurrinakaz ateratzeko lehenengo hitzordua Erandiogoikoko Kateako biribilgunean. Ordubete beranduago, 13:00etan, Akarlandan, unibertsitateko errotondan eta Astrabuduko Axpe inguruan egoteko hitzorduak jarri dituzte.

Leioan, bere aldetik, Lamiako-Txopoeta Bizirik auzo-mugimenduagaz bat egin eta itsasadarraren ondoko errepidean batzeko deia egin dute, 11:35etatik aurrera. Kasu horretan, Gure Eskuko aldarriakaz batera, auzo horretako arazoak ozen entzunaraziko dituzte leioaztarrek.

Getxon, berriz, 11:00etatik 13:00etara ikurrinak eskutan egoteko deialdi bi egin dituzte: Areetan, Bizkaia Zubian, eta Algortan, Ollarretxe eta Salsidu arteko biribilgunean, Piruleta gozoki-denda parean. Banderakaz agertzeaz gainera, Bizkaia Zubian "Euskal Herriak erabaki" mezua daraman 30 metroko luzera duen pankarta handia jarriko dute.

Berangora 13:43ak aldera helduko da tropela, baina berangoztarrak 12:00etatik egongo dira zain Simon Otxandategin ikurrinak eskutan.

Sopelan, aldiz, Tourrak udalerritik egiten duen ibilbidean ikurrinakaz egoteko deia egin dute, 13:00etatik aurrera.

Plentzian, 12:30etik 14:30era batuko dira Paulina aldapan, eta, gainera, Errotabarri futbol-zelaian ikurrin erraldoia eta Nafarroako bandera  zabalduko dituzte.

Horrez gainera, balkoietan Euskal Herriko banderak jartzeko deialdia egin du Gure Eskuk.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun