Uribe Kostako pediatria-zerbitzuan dauden "gabeziak" salatu dituzte

Iker Rincon Moreno 2023ko ira. 1a, 14:38
Gaur eguerdian egindako elkarretaratzea.

Osakidetzak azaldu duenez, Gorlizko bizilaguna hipogluzemia zuen hiru urteko semeagaz udalerriko osasun-zentrora joan zen unean, anbulatorioak familia-mediku bi eta hiru erizain zituen, eta horietako bat "pediatriako kontsultetan egon ohi da". Hala ere, adingabeari ez zion medikuetako batek ere ez lagundu, erizain horrek baizik, "kontingentzia-plana" jasotzen duen protokoloari jarraituta. Egoera hori salatzeko, elkarretaratzea egin dute herritarrek gaur Plentziako osasun-zentroaren aurrean, eta "Osakidetzaren prekaritatea" salatu eta pediatria-zerbitzua urte osoan manten dadila eskatu dute, besteak beste.

Osakidetzak ohar baten bidez informatu duenez, Uribeko ESIak 35 pediatra ditu Lehen Mailako Arretako 10 osasun-zentroetan banatuta. Kasu honetan, oporraldi betean, Gorlizko osasun-zentroan ez zegoen pediatrarik eta, horren harira, arduradunek azpimarratu dute ekainetik irailera bitarteko aldian "agendak egokitzen" dituztela eta "eskaera aztertzen" dela, "pediatriako arreta ez ezik, profesionalen atsedenerako eskubidea ere bermatuta gera dadin". Agendak astez aste berrikusten dituzte, "eskari handiena duten zentroak indartze aldera".

Hala eta guztiz ere, Osasun Saileko iturriek zehaztu dute Urdulizko ospitaleak —Gorlizetik gertuen dagoena— ez duela pediatrarik, "baina pediatrian berariazko prestakuntza duten larrialdietako medikuek artatzen dituzte pediatriako larrialdi kasuak", eta gaixoa egonkortu ondoren, mediku horiek baloratzen dutela Gurutzetako ospitalera eraman behar den ala ez. Era berean, Osakidetzak nabarmendu du Gorlizek, osasun-zentroaz gain, etengabeko arretako gunea (EAG) duela, 15:00etatik 24:00etara.

Gaurko agerraldia eta protesta, Plentziako osasun-zentroaren aurrean. Bideoa: Aroa Sotelo eta Iker Torre

Pediatria-zerbitzua urte osoan berma dezala eskatu diote Osakidetzari

Gorlizko familiari joan den abuztuaren 23an gertatutakoa publiko egin ostean eman du erantzuna Osakidetzak, eta, bere aldetik, herritarrek ama-semeak jasandakoa euskal osasun-zerbitzuak bizi duen "prekaritatearen beste adibide bat" dela salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur, eguerdian, Plentziako osasun-zentroaren aurrean.

Bertan batutakoek deitoratu dute Osakidetzak ez duela "inolako autokritikarik egin", eta salatu dute arazoaren ardura bere gain hartu beharrean erantzukizun guztia langileen esku utzi izana "jokabide zikina" dela. Era berean, eskerrik beroenak helarazi dizkiete umea artatu zuten profesional guztiei, "umearen ongizateari begira hartutako erabaki guztiengatik". Azpimarratu dute zituzten baliabideakaz euren esku zegoen guztia egin zutela, eta horri esker umea ondo dagoela gaur.

Salatu dutenez, abuztuaren 23 horretan bizi izandakoa ez da salbuespena, "ezta gertaera isolatua ere; icebergaren punta da". Deitoratu dute urtean zehar askotan Barrika, Gorliz, Lemoiz eta Plentzian ez dela pediatria-zerbitzurik bermatzen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez dituelako medikuen oporraldiak betetzen, eta arazo hori areagotu egiten da udaldian, "gure udalerrietako biztanle kopurua biderkatu egiten baita".

Gogoratu dute 2019an ere mobilizazioak egin zituztela pediatria-zerbitzuak zituen gabeziak salatzeko, eta, diotenez, "Osakidetzak urte bereko uztailaren 26an formalki erantzun zuen egoera horrekin amaitzeko neurriak hartuko zituela". Hala ere, gaurko protestan batutakoek deitoratu dute orain dela lau urteko "egoera berean edo okerragoan" daudela eta agindutako neurriak ez direla bete. Hori dela eta, Osakidetzari eskatu diote Gorlizko eta Plentziako pediatria-zerbitzua urte osoan zehar berma dezala, langile guztien bajak, murrizketak eta oporraldiak betez.

Era berean, jakinarazi dute gaia Eusko Legebiltzarrera eroango dutela, EH Bilduk gonbidatuta. "Kasu honek era gordinean azaleratu ditu Uribe Kostan eta beste eskualde batzuetan pediatrian dauden gabezia handiak”, adierazi du Rebeka Ubera koalizio abertzaleko legebiltzarkideak.

Udan pediatra bakarra, Plentzian

Gorlizko osasun-zentroan adin txikikoa egonkortu ezin zutela ikusita, Osakidetzak kontingentzia-plana aktibatu eta Plentziako anbulatoriora bideratu zuten ama eta semea, "han baitago hurbilen dagoen pediatra". Bertan, Osasun Sailak azpimarratu du pediatrak adin txikikoaren arreta lehenesten duela beti, "larrialdi guztietan egiten den bezalaxe, egun horretarako hitzordua zuten pazienteen aurretik", eta gaineratu du inoiz ez direla gainerako adin txikikoak artatu gabe uzten. "Egun horretako agendan zeuden asistentzia-eskaerak aukera eman zuen larrialdiari eta gainerako herritarrei arreta emateko".

Behin umea egonkortuta eta Gurutzetako ospitalean alta eman ostean, bai Osakidetzak baita familiak ere azaldu dute pediatria bidezko jarraipena 24/48 orduetan egingo zitzaiola. Ildo horretan, familiak deitoratu zuen haurrari dagokion pediatra irailaren erdialdera arte ez dela lanera itzuliko, eta Gorlizko anbulatorioak ez duela ordezkorik. Osakidetzak, bere aldetik, zehaztu du, ospitaleko altaren osteko protokoloak ezartzen duenez, erizaina jarriko dela familiagaz harremanetan eta arreta anbulatorioagaz jarraituko dutela: "Kasu horretan, Gorlizko osasun-zentroaren telefono-deiaren ostean, hitzordu presentziala eman zitzaion Plentziako medikuarekin, alta txostenean gomendatutako epearen barruan".

Padiatria-zerbitzuaren prekaritatea, Legebiltzarrera

Kasu honen harira, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak azalpenak eskatu dizkio Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, argitzeko zergatik ez zegoen pediatrarik Gorlizen data horretan, zer datetan ez den pediatrarik egon eta ea egokia iruditzen zaion hori udaran gertatzea, "hain justu Gorlizen biztanleria gehien handitzen denean". Uberak Osakidetzako zuzendariaren agerraldia ere eskatu du, azaltzeko zer nolako neurriak hartuko dituen horrelako egoerak errepikatu ez daitezen.

EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, “Gorlizko kasu honek era gordinean azaleratu ditu Uribe Kostan eta beste eskualde batzuetan Pediatria zerbitzuetan dauden gabezia handiak, eta garrantzitsua da guztiok argi edukitzea Gorlizen gertatu dena edonon gerta daitekeela, anbulatorioetan pediatrarik ez egotea ez delako salbuespen bat, hori, tamalez, ohiko bilakatu delako hainbatetan, eta horrek Gorlizkoa bezalako arrisku egoera larriak ekar ditzake, noski”.

“Funtsezkoa da –Uberaren iritziz– Osakidetzan dagoen pediatra falta estrukturala eta planifikazio gabezia mahai gainean jartzea, horrek dituen ondorioak ezagutzea eta neurriak behingoz hartzea herritarrek osasun zentro batera jotzen dutenean espero duten arreta bermatu ahal izateko. Osakidetzan normalizatzen ari da pediatren bajak eta oporraldiak ez ordezkatzea, Gorlizen gertatu den bezala, edo medikurik ez egotea anbulatorioetan, etengabeko arreta guneetan edota anbulantzia medikalizatuetan, baina hori ez da normala eta ezin dugu normaltzat hartu”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun