Elkarrizketak

Itziar Arregi Landa: "Umeek beren neurriko arriskua bilatzen dute"

Iker Rincon Moreno 2023ko ira. 27a, 14:39

Ume bi zuhaitz baten gainean jolasean. Argazkia: Freepik

"Kontuz!", "jaitsi zaitez hortik goitik!" eta halako beste hamaika mezu entzun ohi ditugu parkean zein eskoletako patioetan, umeei zuzenduta. Baina, zein puntutaraino da hori egokia haurrak kulunkatzen edo altuera handietatik saltoka ikusten ditugunean? Itziar Arregi Landa Huheziko irakasle eta arrisku jolasetan adituak dioenez, mota honetako jokoek erregulatzeko gaitasuna ematen die umeei, beldurragaz esperimentatu eta horren aurrean erabakiak hartzeko gaitasuna garatu, besteak beste.

Guraso askok beldurrez ikusten dituzte haien seme-alabak zuhaitz baten gainean jolasten edota altuera handiko zaburen batean kulunkatzen dutenean, baita jolas horiek «debekatu" ere. Zer esango zenieke guraso horiei?

Beldurra ez dela zerbait txarra edo ekidin beharrekoa. Gurasoon beldurra gure seme-alabak babesteko beharretik dator eta bere funtzioa betetzen du. Kontua da, batzuetan, beldurra ez datorrela benetako arrisku edo umeen gaitasunekiko bat. Debekuaren aurretik ikusi beharko genuke ea umeak berak nola kudeatzen duen egoera: umeak ere beldurra du? Gai da zuhaitzera igotzeko eta jaisteko? Kasu gehienetan, umea bera gai izaten da bere beldurrarekin bere gaitasunak garatzeko eta ezin duenean laguntza eskatzeko. Are gehiago, beharrezkoa du beldurra gaitasun eta mugak esploratzen joan ahal izateko.

Zer bilatzen dute umeek arrisku jolas horien bitartez?

Jolas hauen bidez, umeak beldur pixka bat bizi du, arriskua ikusten du, bere mugak esploratzen ditu eta erabakiak hartu behar izaten ditu: «norainoko arriskua hartuko dut" edota «hemen ezetz esan behar dut nire burua babesteko". Erabaki horiek bere kabuz hartzea garrantzitsua da umearentzat, bai bere identitatearen eraikuntzarako, bai bere mugak ezagutzeko eta bai bere burua babesten ikasteko ere. Gurasook hartzen baditugu erabakiok, umeei ez diegu irizpideak garatzen lagunduko. 

"Erabakiak hartzea garrantzitsua da umearentzat, bere identitatearen eraikuntzarako, bere mugak ezagutzeko eta bere burua babesten ikasteko"

Zer eragin dezake umeei halako jolasak kentzeak?

Erabaki garrantzitsuak helduak hartzen baditu, umeak ez dira gaitzen erabaki horiek hartzen; autonomiaren garapenean badu bere inpaktua. Segurtasuna helduak ematetik nork bere buruari ematera salto handia dago. Umea gai denean zer dagokion, zer onartzen duen eta zer ez duen onartzen erabakitzeko, ahalduntze ariketa handi bat egin du. Ariketa hau etorkizunerako onuragarria da, eta bizitzako esparru askotara eraman ahal izango du; arrisku mota ezberdinen aurrean beste posizio bat hartzen lagunduko dio. Aukera hori ukatzea umeari ate handi bat ixtea da.

Noiz esku hartu beharko luke heldu batek?

Ez dago une zehatzik ume guztientzako balio duena. Bakoitzak esango digu non dagoen bere beldurra eta zeintzuk arrisku hartzen dituen. Horren arabera, ume batzuei ezin izango diegu inoiz «kontuz" edo «adi" esan, hori esate hutsarekin etengo dugulako jolasa; aldiz, egongo da umerik espero baino arrisku handiagoa hartuko duena –baina hori ere ez da orokorra–. Ume bakoitzak esango digu. Hala ere, orokorrean, esan dezakegu umeak beren buruak babesteko eta erabaki horiek hartzeko gai direla aukera ematen bazaie, eta gehiago fidatu behar garela beren gaitasunetan. 

Gaur egun, eskoletako patioek mota horretako jolasetan aritzea ahalbidetzen dute?

Ez eskolak, ez etxeak ezta kanpo eremuak ere. Hala ere, begirada aldaketa bat gauzatzen ari garela ikusten da. Eskoletako kanpo eremuetan aukerak zabaltzen ari dira, eta etxeetan zein kalean  muga fisiko asko ditugun arren, helduon begirada aldatzen goazen heinean, umeei eskaintzen dizkiegun aukerak hazten doaz. 

Zein adin-tarteko neska-mutilek garatzen dituzte mota honetako jolasetan aritzeko beharra?

Adinaren arabera gaitasunak eta, beraz, beldurrak eta arriskuak ere aldatu egiten dira. Norvegian, Haur Hezkuntzako haurren arrisku jolasa klasifikatzeko sei jolas mota identifikatu dituzte: altura edo erortzeko arriskua, abiadura, tresna arriskutsuak, elementu arriskutsuak (sua, adibidez), jolas zakarra (borroka jolasa, adibidez) eta galtzeko arriskua. Baina umea hazten doan heinean, batzuk arrisku izateari utziko diote eta beste batzuk azal daitezke. Argi dago gerora ere arriskua behar dugula, adrenalina bilatu egiten dugula, eta horrelako esperientziek interesgarriak eta beharrezkoak izaten jarraitzen dutela. Bestela ez lukete horrenbeste arrakasta izango tirolinek, puenting-ak… Garaian garaiko arriskuak hartzen ditugu, eta ume bakoitzak bere neurrikoak bilatuko ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun