Getxo eta Leioako EH Bilduk kezka azaldu dute itsasadarraren azpiko tunelak eragin ditzakeen ondorioengatik

Ander Zarraga 2023ko urr. 19a, 13:37

Getxo eta Leioako EH Bilduko kideek itsasadarreko tunela beharrezkoa ez dela eta "kostu neurrigabea" duela salatu dute. © EH BILDU

EH Bilduko kideek azaldu dute proiektuak zonalde horretako trafikoa eta zarata handitzeaz gain, Artatzako parkea eta Artatza-Romoko institutuko patioaren zati bat "suntsituko lituzkeela", eta ez dituela oinezkoentzako konexioak bermatzen. Horregatik, eta "beharrezkoa ez delako, kostu handia duelako eta ibilgailu pribatuaren erabilera bultzatzen jarraitzen duelako", hori geldiarazteko eskatu eta dirua garraio publikoa indartzeko egitasmoetara bideratzearen alde egin dute.  

Getxoko eta Leioako EH Bilduko ordezkariek "kezka" azaldu dute Bizkaiko Foru Aldundiak egin gura duen itsasadarraren azpiko tunelak udalerri bietan eragin ditzakeen kalteengatik. Zera salatu dute alderdiko kideek: "Proiektu honek eragin zuzena izan dezake Artatzan, Landabarrin edota Antiguo Golf inguruan bizi diren auzokideengan, 700 metro eskasetan tunela lurrazalera irtengo baita Avanzadako tunelean berriro sartzeko, horrek sor dezakeen kutsadura akustikoarekin".

Era berean, tunelaren trazadurak eta hori egin bitartean lanetarako erabili beharreko lur-eremuek Artatzako parkeari eta Aratza-Romo institutuko patioari ere kalte egingo lioketela iragarri dute. "Eragin larria egingo dio parkeari, eta kontuan hartu behar dugu berdegune hori inguru horretan geratzen den bakarrenetarikoa dela", azaldu dute.

Horregaz batera, deitoratu dute proiektuak ez duela jasotzen Getxo eta Leioa arteko oinezkoen loturak nolakoak izango liratekeen, ezta biribilgunearen inguruko oinezkoentzako tunelak mantenduko liratekeen. Erantsi dute egitasmoak bakarrik jasotzen dituela tunelaren ezaugarriak "ibilgailu pribatuaren erabilera lehenetsiz eta bi herrien arteko oinezkoen pasabidea bermatu gabe".

400 milioi euroko proiektua

Bizkaiko Foru Aldundiaren Artatzako biribilgunea eta Portugaleteko Ballonti eremua lotzeko tunelaren proiektua Bizkaiko saihesbide handien esparruan kokatzen da. Azpiegitura berri hori, Supersurraren bigarren faseagaz batera dago aurreikusita, eta teorian Arrontegiko zubiaren hautabide faltak eragindako arazoei aurre egitea du helburu.

Hala ere, Getxo eta Leioako EH Bildutik zalantzan jarri dute proiektuaren "erabilgarritasuna eta lehentasuna". Azpimarratu dutenez, "Aldundiak aurreikusten du proiektua eraikitzeak 400 milioi baino gehiagoko kostua izango duela, eta hori guztia ondorengo gainkostuak kontuan hartu gabe. Azpiegitura horretan egindako inbertsioa ez dago inola ere justifikatuta, are gutxiago mugikortasun iraunkorraren ikuspegitik. Proiektu faraoniko zaharkitua da, iraganeko politiketan oinarrituta".

Horren aurrean, Avanzada inguruan sortzen diren auto-pilaketak saihesteko garraio publikoa bultzatzea lehenesteko eskatu dute koalizioko kideek, hala nola Zamudioko Parke Teknologikora edo aireportura konexio berriak sortzea. "Aldundiak planteatzen duen inbertsioarekin, beharrezkoagoak diren beste proiektu batzuk egin litezke, hala nola metroaren ibilbidea lurperatzea Lamiako, Algorta edo Negurin", gaineratu dute.

Bukatzeko, koalizio abertzaleko kideek iragarri dute hainbat ekintza egingo dituztela Getxon eta Leioan, "herritarrei proiektuaren ondorioen berri emateko". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun