Hasteko, Ansoleagak berretsi du titular gero eta deigarriagoak ari direla ematen, bai hainbat marka klimatologiko hausten ari direlako bai gero eta fenomeno muturrekoagoak gertatzen direlako ere. Zulaikak datu kezkagarri bategaz borobildu du baieztapen hori: "Copernicusen informeak aipatu du aurtengo urria inoizko beroena izan dela, ohi baino 0,85 gradu gorago kokatu da termometroa mundu mailan eta 1,3 gorago Europan".
Zulaikaren esanetan, ekaitz handiak eta uholdeak bezalako fenomenoak beti gertatu izan dira gurean, "baina egia da mundu-mailan tenperaturaren igoerarekin batera, atmosferan dagoen hezetasuna handitu egingo dela eta horrek muturreko egoera gehiago ekarriko dituela". Ansoleagak hori berretsi du eta Nafarroako kasua aipatu du, non datuek adierazten duten 1950. hamarkadatik gero gutxiago egiten duela euria: "Muturreko egoeren kopurua areagotu egin da, hau da, egun askotan egiten du euri asko, eta lehengo zirimiri hori gero eta gutxiago dugula nabaritu dugu".
Tenperatura altu horiek, gainera, baso-suteak eta lehorteak ere eragin ditzakete, eta kazetari sopeloztarrak ohartarazi duenez, "gero eta muturreko egoera gehiago bizitzen ari gara, eta biziko ditugu, honek ez baitu atzera egingo".
Bukatzeko, biek azpimarratu dute gizakiak eragindako kutsaduran dela klima aldaketa horren atzean dagoen arrazoi nagusietako bat, eta, orain artekoa leheneratu ezin daitekeen arren, etorkizunera begira hainbat neurri hartu beharko genituzkeela. "Egoera kezkagarria dela argi dago, mundu mailan esaten ari den gauza bat da. Esate baterako, Munduko Meteorologia Agentziak esan du kutsadura maila jaisten ez baldin bada, datozen urteak gero eta beroagoak izango direla, eta horrek muturreko egoera gehiago eragingo dituela gure egunerokotasunean; eta Euskal Herrian ere hasi gara aldaketa horiek nabaritzen", ohartarazi du Ansoleagak.