Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak egin zuen iragarpena atzo Bizkaiko Batzar Orokorretan, eta gogoratu zuenez, azpiegituraren diseinuak bost urte behar izan ditu eta behin betiko proiektua abenduan onartuko dute, behin aurkeztutako alegazioak ebazten dituztenean.
Oraingoz, proiektuak ingurumen Sailaren oniritzia jaso behar du eta 2024ko lehen hilabeteetan esleituko dituzte lanak. Zeregin horiek burutzen dituztenean hasiko dira makinak lanean.
Politikariak azaldu zuenez, azpiegitura handi horregaz, Aldundiaren helburua da egunero Rontegiko zubia egunero zeharkatzen duten 150.000 ibilgailuetatik 50.000 eta 55.000 hartzea. Gainera, Bilbo metropolitarra helmuga bakartzat ez duten gidarientzako bideratuta egongo da bereziki, eta itsasadarraren bi ertzak lotzeaz gain, ibai-azpiko tunelak Supersuragaz ere lotuko du BI-637 errepidea.
Lau urteko epea
Eraikuntza-lanek lau urte iraungo dutela aurreikusten da, 450 milioi euroko inbertsioagaz. Horietatik 25 milioi datorren urterako aurrekontuetan jaso dituzte. Gainera, Aldundiko iturriek azaldu dute Europako Inbertsio Bankuaren (EIB) Administrazio Kontseiluak aste honetan bertan baimendu duela 200 milioi eurora arteko kofinantzaketa, "proiektuaren bideragarritasuna eta sendotasuna babestuz".
Halaber, diputatuak gogorarazi du azken hiru urte eta erdian ingeniaritzaren diseinu- eta plangintza-lan sakona egin dutela Idom, Sener eta Euskontrolegaz lankidetzan, eta zundaketa geologikoak, inpaktu-azterlanak eta 3Dko modelizazioa izan dituztela ardatz. Era berean, aste honetan beste funtsezko mugarri bat lortu dutela azaldu du ingurumen-inpaktuaren adierazpena onartzeagaz.
Alegazioak
Behin betiko proiektuak izan ditzakeen berritasunei dagokienez, Pradalesek argitu du 35 alegatzailek (partikularrek, erakundeek eta administrazio publikoak) jarritako 76 alegazio jaso dituztela guztira, honelako gaien ingurukoak: erabiltzaileen segurtasuna, ingurumen-inpaktua, mugikortasuna, hirigintza-integrazioa edo babes akustikoa. Haien % 75 osorik edo partzialki txertatuko dira, proiektua bere osotasunean hobetzen dutela irizten baita.
Komunitatearen, ikastetxeen eta auzokideen erkidegoen kezkak ere entzun dituztela azaldu du, eta kezka horiei aurre egiteko neurriak hartzen ari dira; besteak beste, ingurumena zaintzeko programa bat eta obrak hasi aurretik eragindako etxebizitzen egoera ikustea.