Diagnosia egiteko, Espainiako Estatuko Etxebizitza Legeak zehazten dituen irizpide biak kontuan hartu ditu Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren mende dagoen erakundeak: 2017-2022 aldiko alokairuzko prezioen igoera KPI gehi hiru puntu –EAEn % 17– baino handiagoa izatea eta etxebizitza-gastuen batez besteko karga etxekoen unitateen batez besteko errentaren % 30a baino handiagoa izatea. Hala, baldintza bietako bat betez gero, udalek eska dezakete herri osoa edo barrutika tentsiopeko eremu izendatzea.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, daborduko 26 udalen eskaerak jaso ditu, edo osoko bilkuran onartu dute, kasu askotan, Etxebizitza Legearen aurkako helegitea aurkeztu duen EAJk gobernatutako udalerrietan. Hala ere, txostenak ezarritako baldintzak ez dituzten kasuak daude, hala nola Getxo, EAEko alokairu garestienetakoak izanda ere, errenta altuena duen udalerrietako bat delako.
Zehazki, gurean, Getxok, Erandiok eta Leioak eskatu dute izendapena. Dena dela, adituek diotenez, udalen eskaera ez da nahikoa; hartara, udalek beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, justifikazio-memoria bat, "datu objektiboen bidez eta etxebizitza hornitzeko arrisku berezian oinarrituta", eta hiru urterako ekintza-plana, "antzemandako gabeziak konpontzeko", eta "ekintzak ezartzeko kronograma edo egutegia". Horrela bakarrik emango lioke oniritzia Eusko Jaurlaritzak eskaerari.
Getxoren kasuan, iraileko osoko bilkuran onartu zuen Udalbatzak Getxo tenkatutako eremu deklaratzea, alderdi politiko guztiek –PP izan ezik, aurka bozkatu baitzuen– alde egin ostean. Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) transakzionatu zituen EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen proposamenak eta, hala, etxebizitzen alokairuaren prezioa oso altu duten guneak tentsio handiko bizitegi-eremu deklaratzea onartu zuten udal-ordezkariek, etxebizitzen tokiko eskaintza merkeago egingo duten politika bereziak gauzatzeko asmoz.