Euskal kostaldean agertu daitezkeen plastikozko pinporten aurrean, lehenengo bilera egin du gaur Itsasertzak, itsasertzaren kutsadurari aurre egiteko larrialdi plan bereziaren aholku batzordeak, eta bilkura amaitzean eman ditu azalpenak Erkorekak. Horrek adierazi duenez, Bizkaian hartutako laginen lehen azterketek ondorioztatu dute bolatxoak ez direla Galiziatik heldu. Hala, aholku batzordeak erabaki du larrialdi plan berezia alerta egoeran mantentzea, ez baitu uste beharrezkoa denik larrialdi fasera salto egitea. Dena dela, ziur daude datozen egunetan kostaldera iritsiko direla pinportak, baina "oso kopuru txikian".
Rogellio Pozo Aztiko zuzendariak azaldu duenez, egunotan Bizkaiko kostaldean aurkitutako plastikozko zatitxoak mikropolietireno geldoa dira eta gehigarriak dituzte, baina, azpimarratu duenez, oraindino ezin dute zehaztu zein eta zenbat gehigarri mota duten. Era berean, azaldu du bolatxoak denbora luzez egon direla hondarretan, eta eguzkiak higatu egin dituela.
Hala, agerraldian azaldu dute hartutako laginak Galizian jasotakoakaz alderatzeko elementuak falta dituztela eta horiek jasotzea espero dutela datozen orduetan, azterketa konparatibo osatuagoak egin ahal izateko.