Plastikoaren neurrigabeko erabilera, jomugan

Ander Zarraga 2024ko urt. 17a, 09:00
Pinporta horiek produktu plastikoak fabrikatzeko erabiltzen den lehengaia dira. © IREKIA

Galiziako kostaldea zuritu duten plastikozko pinportak daude egunotan denon ahotan, baina hori hondamendi ekologiko baten izebergaren punta besterik ez da.

Hasieran piztutako alarmaren ostean, Portugalgo kostaldetik hur merkantzia-ontzi batek galdutako kargan zeuden plastikozko pinportak ez dira masiboki heldu euskal kostaldera, eta adituek ez dute aurreikusten halakorik gertatzea, Galizian eta Asturiasen ez bezala. Hala ere, plastikoaren arazoa ez da nolanahikoa, eta, Greenpeace talde ekologistak ohartarazi duenez, "hau itsasoetako plastikoaren arazoaren izebergaren punta besterik ez da".

Manu Soto biologoa eta Plentziako Itsas Estazioko zuzendariondokoa da, eta azpimarratu du azken asteotako albisteak larriak izan arren, hamarkadak daramatzagula horrelako pinportak eta beste hainbat plastiko gure hondartzetan jasotzen, "eta hau ere gure kostaldeko hondartza guztietara helduko da, neurri txikian bada ere". Sotok azpimarratu du mikroplastikoak aspalditik daudela gure hareatzetan eta horiek erraz ikus daitezkeela. "Orain, istripuaren kontura ematen du denok zoratu egin garela, 26 tona dira, baina pentsa, Prestigen kasuan 70.000 tona fuel izan ziren, beste dimentsio batez ari gara. Hartara, ez dut uste pinportak modu esanguratsuan nabarituko ditugunik", adierazi du zientzialariak.

Dena dela, ohartarazi du plastikoaren gehiegizko eta zentzugabeko erabileran dela benetako arazoa: "Plastikoa neurriz kanpo kontsumitzen dugu eta hori da benetako arazoa. Zergatik garraiatu behar da plastikoa itsasontzi batean herrialde batetik bestera? Ezin da gertuago ekoiztu? Azkenean, hori gure errua ere bada, denok gara horren erantzule, eta honelako istripuek horretaz kontzientziatu behar gaituzte, gure esku baitago hori murriztea".

Plastikoa animalietan

Sotok lerratzen dituen proiektuen artean, urte bi daramatza plastikoen aztarnak batzen euskal kostaldean, tartean, Urdaibain: "Hainbat lagin hartu ditugu, eta ia-ia muskuilu eta izkira guztien organoetan mikroplastikoak aurkitu ditugu". Dioenez, ikerketaren aurretiazko emaitzak dira horiek, eta azterketa gehiago egin behar dituzte behin betiko ondorioak ateratzeko, plastikoak ez diren beste hainbat material ere aurkitu baitituzte.

Gaineratu du pinportakaz eta, oro har, itsasoan dagoen plastikoaren arazoetako bat dela arrainek eta hegaztiek jatekoagaz nahastu dezaketela. Horiek jatean, digeritu ezin dituztenez, sabela bete egiten zaie, tapoi moduko bat sortu eta gosez hiltzen dira.

Plastiko horiek bektore gisa ere funtzionatzen dute eta, uretan dauden bitartean, geruza organiko bat sortzen da beraien inguruan, eta horri uretan dauden bakterioak atxikitzen zaizkio. "Bakterio horiek animalientzako edo guretzako arriskutsuak izan daitezke. Gainera, plastiko horiek metal astunak, pestizidak edota hidrokarburoak izan ditzakete atxikita edo beren osagaien artean".

Era berean, mikroplastiko horiek degradatzen doazen heinean nanoplastikoetan zatitzen dira eta muskuiluek ere irensten dituzte ura iragazten dutenean, beraz, ingurumenari kalte egiteaz gain, gizakioi ere eragiten digu zuzenean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun