23. Korrika

Korrika: herriz herri, batzordez batzorde

Ander Zarraga 2024ko mar. 18a, 08:30

Bi urterik behin, Korrikak milaka herritar, eragile eta elkarte batzen ditu euskararen aldeko ekimen erraldoi horren antolaketan. Hori dinamizatzeaz, antolatzeaz eta gizarteratzeaz arduratzen dira hainbat euskaltzalek osatzen dituzten herriz herriko batzordeak. Ezagutu itzazu hemen Uribe Kostan Korrika antolatzen duten taldeetako kide batzuk.

Martxoaren 14tik 24ra bitartean, Irunetik Baionara, Euskal Herri osoa zeharkatuko du Korrikaren 23. edizioak, eta, beste behin, euskararen aldeko kontzientziazio- eta aktibazio-ekimenak ehunka herri, auzo eta txokotik zabalduko du bere mezua.

Korrika AEK-k antolatu arren, prozesu kolektiboa ere bada, milaka herritarrek borondatez beraien ahaleginak batzen baitituzte herriz herri egiten diren batzordeetan. Uribe Kostan hainbat dira konpromiso hori hartu eta Korrikaren berri emateko ekimenak antolatzen dituztenak, besteak beste, kilometroak margotuz eta herritarrak mugiaraziz. Askok urte andana daramatzate zeregin horretan, eta, aitortzen dutenez, sentimendu handiagaz hartzen duten konpromiso bat da.

Zeregin horretan hainbat urte daramatzan horietako bat da Mikel Agirre Garabieta lemoiztarra. Kontatu duenez, hasiera batean, Ikasleen Gurasoen Elkarteak antolatzen zituen Korrikaren inguruko ekintzak; horiei Andraka, Armintza eta Urizarreko jai-batzordeak eta Udala batu zaizkie, eta horien artean erosten dituzte kilometroak. Agirrek kontatu du batzordeetara elkarte horietako ordezkariak eta herritarren bat ere joaten dela, hala ere, jarduerak antolatzeko herritar gehiagoren parte-hartzea eskertuko luketela dio. Aurten, Korrika oso goiz sartuko da eskualdera, eta Lemoizko Andraka auzotik etorriko da Maruri-Jatabetik, martxoaren 21eko 05:24ak inguruan. Agirrek aurreratu duenez, "aurrekoetan bezala, lau katu egongo gara Lemoizko hiru kilometroak egiteko, baina, gero, Gorlizera eta Plentziara joango gara disfrutatzera".

Korrikak Gorlizko eta Plentziako kale nagusiak zeharkatuko ditu puntatik puntara, eta hortik ere goiz igaro arren, jende askok parte hartuko duelakoan dago Egoitz Uribarri udalerri horietako batzordeko kidea. Bera AEKko irakaslea da Jentilbaso euskaltegian, eta pozez hartu du udalerri bietako batzordea berriz ere osatzea lortu izana, euskaltegiko ikasle, irakasle eta herriko euskaltzaleakaz. Beraiek martxoaren 15ean egingo dute Korrika gizarteratzeko jaialdia, eta haien helburua da "herriko eragile eta elkarteak inplikatzea eta herritarrak aktibatzea".

Jurdana Altonaga Royo, Berangoko korrika batzordea: "Niretzat, euskarak batu egiten gaituen gauza bat da, eta Korrika da horren elkar-puntua. Euskarak munduaren beste ikuspegi bat ematen digu, eta hori zaindu eta bultzatu behar dugu. Gainera, nire gurasoek ere parte hartzen zuten, eta horren alde egiten irakatsi ziguten"

Plentziarrek 06:08an hartuko dute lekukoa Plazatxoan, eta, hortik, Urdulizera bidean joango dira BI-2704 errepidetik; bidetik, Barrikako lurrak ere zeharkatuko dituzte. Asier Garcia Zabala hainbat urtetan aritu da Korrikako kontuak antolatzen bertan, besteak beste, kilometroak errepidean margotzen. Orain, herritarrak, jai-batzordeak eta Barrika Futbol Eskolak ere osatzen dute batzordea, eta horiek ere antolatzen dituzte ekintzak. "Barrika herri txikia izanik, ez gaude asko antolaketa-lanetarako, eta Euskaraldiarako elkartzen garenok ere aritzen gara Korrika antolatzen. Orain, nahiko talde majoa osatzea lortu dugu", azaldu du barrikoztarrak. Aurten, Korrika Barrikako herrigunetik igaroko ez den arren, Garciak jakinarazi du Udalak kilometroa erosi duela eta horren berri emateko jaialdia egingo dutela.

Euskara eta askoz gehiago

Urdulizen, Korrikak erdigunea zeharkatuko du eta, euskararen aldeko mezuaz gain, lan-gatazka baten berri emateko ere baliatuko dute. Josu Iratzagorria Jauregik azaldu duenez, "beren lanpostuagatik borrokan ari diren Mecanerreko langileek beti parte hartu izan dute kilometro bat erosten, eta, aurten, kilometro-banaketan leku berezia eman gura izan diegu beraien borrokari ikusgarritasuna emateko". Iratzagorriak dioenez, "hainbat urte daramatzat koordinatzaile edo militante moduan, baina, gaur egun, zinegotzia ere banaiz, beraz, batzordearen eta Udalaren arteko lotura-lanak egiten ditut". Halaber, batzordekideak adierazi du Korrikak betidanik izan duela parte-hartze handia Urdulizen, "eta argi dago herria handitzen doan heinean gero eta jende gehiagok parte hartzen duela; nabaritzen da bizitzera etorri diren asko euskaldunak direla".

Urdulizetik, Korrikak Sopelara egingo du salto. Bertako batzordeko kide den Lizar Begoñak zera azaldu du: "Batzordeak bertakook osatzen ditugu, hurbileko jendeagaz lan egin ahal izateko; horrez gain, nik militantziagatik ere egiten dut, sinisten dudalako Korrika garrantzitsua dela jendea mugiarazteko eta euskarak bere lekua eta oihartzuna ere behar dituelako". Beragaz batera, batzordean militantziatik eta euskararen alorrean lan egiten duten beste herritar batzuk daude, "baita Sopelako Kuadrillak bezalako elkarteetako kideak ere". Otsailaren 25ean, Sopelan Korrikaren berri emateko ekitaldia egin zuten, eta, horretarako, eskualdeko artisauen azoka, zirku-kalejira eta animazioa izan zituzten. Horrez gain, Josetxu AEKko lankide ohiari omenaldia ere egin zioten, "berak asko eman baitzuen euskararen alde".

 Iratxe Marta, Lamia AEK euskaltegiko irakaslea: "Guretzat, Korrika antolatzea lan izugarria da, tentsio handia izaten dugu eta, batzuetan, txarto pasatzen dugu; baina merezi du, gero, bueltan, asko ematen digu. Jendeak eskatzen diozunari nola erantzuten duen ikustea itzela da"

Egunsentiko lehen argiek Berangora bidean harrapatuko dute Korrika, udalerri horretan 07:10ak inguruan sartuko baita. Jurdana Altonaga Royo batzordekideak kontatu duenez, "duela hainbat urte emakume-talde batek antolatzen zuen Korrika Berangon, baina aurreko edizioan egiteari utzi zion, eta orain talde berria osatu dugu". Kantaguneko, dantza-taldeko edo IGEko kideak dituzte batzordean, eta azpimarratu du beraien asmoa dela "deialdi zabala egitea, edonork parte har dezan". Hurrengo urtera begira, Udalagaz elkarlana areagotu nahiko luketela ere iragarri du Altonagak. Berarentzat, Korrika euskararen alde egiten den ekimen oso berezia da, familiatik jaso zuena, "eta taldean ere oso barneratuta daukagu herriaren gauza bat dela, euskararen alde guztioi batzen gaituena".

"Badago borondatea"

Korrikaren lekukoa 07:30 inguruan hartuko dute Getxon, eta Algortako kaleetatik hainbat kilometro egingo ditu aldapan gora eta behera. Lohitzune Rodriguez eskualdeko Korrikako koordinatzaileak jakinarazi du Algortan ez dagoela batzorderik, Egizu, Bizarra Lepoan eta ALBE bezalako euskara elkarteek betetzen dutelako Korrikaren dinamizazio- eta aktibazio-lana. "Hain herri handia izanda, zaila da antolatzea; hala ere, badaude horretarako prest dauden herritarrak, badago borondatea, eta, behar bezalako lanketa eginez gero, batzorde emankor bat sortu daitekeela uste dugu", dio Rodriguezek.

Aitzitik, Itzulbatzeta/Romon aspalditik dago batzordea, eta horretako kide da Begoñe Eguskiza. 30 urte baino gehiago daramatza AEKn, eta orain arte laguntza-lanak egiten bazituen, aurten batzorde horretako arduraduna izatea egokitu zaio. Dioenez, "batzorde horrek ibilbide luzea du, eta berezko dinamika dauka aspalditik; "nik koordinazio lanak besterik ez ditut egin". Batzordeetan bost edo sei herritar egon ohi direla eta norbanako modura joaten direla kontatu du Eguskizak, "euskaltzaleak eta erromozaleak dira". Gaineratu du Korrikak auzoan ikusmin handia sortzen duela eta jende askok parte hartzen duela: "Aurkezpena oso polito atera zen, jendea hurbildu zen eta urdaiazpikoarekin eta guzti ospatu genuen. Korrikak lan handia suposatzen du, baina, erantzuna ikusten duzunean, konturatzen zara denak bere fruituak ematen dituela".

Getxotik atera, eta Lamiakotik sartuko da Korrika Leioara, udalerri horretako hainbat kaletatik bere mezua zabaltzeko. Tokiko Lamia AEK euskaltegiko irakasle Iratxe Marta da hango batzordeko dinamizatzailea, eta honela deskribatzen du beraien zeregina: "Korrika etorri aurretik herria kultur eskaintza txiki batekin dinamizatzen dugu". 30 urte daramatza AEKn, 13. Korrikan hasi zen egitasmo horren antolaketa-lanetan, eta, azpimarratu duenez, Leioako batzordea oso egonkortuta dago: "Leioan ez dago euskara elkarterik, beraz, guk betetzen dugu hutsune hori, eta erantzun ona izaten dugu herriko eragile eta elkarteen aldetik. Korrika baliatzen dugu herria astintzeko". Leioan, Korrikaren aurkezpenean askotariko 28 eragile inguru batu zituztela gogoratzen du, eta euren artean euskaragaz lotutako erronka bat botatzea proposatu zietela elkarri.

Josu Iratxagorria, Urdulizko Korrika Batzordea: "Beren lanpostuagatik borrokan ari diren Mecanerreko langileek beti parte hartu izan dute kilometro bat erosten, eta, aurten, kilometro-banaketan leku berezia eman gura izan diegu beraien borrokari ikusgarritasuna emateko"

Leioa utzi eta Korrika Udondotik Erandiora sartuko da. Astrabudua eta Altzaga auzoak hartzen dituen batzordeko kidea da Mikel Zarate, eta, bera bezala, Bertsoneko eta herriko beste hainbat elkarteko kideek osatzen dute hori. Dioenez, "15 bat kide izango gara, eta Euskaraldia eta horrelako ekintzak egiteko batzen gara. Hala ere, Korrika da jende gehien erakartzen duena, hori antolatzeak harrotasun moduko bat sortzen duelako, zerbait berezia da". Erandion, hurrenez hurren, martxoaren 9an eta 16an egingo dituzte Korrika aurkezteko jaialdiak, Altzagan eta Astrabuduan.

Eskualdeko azken kilometroak Erandiogoikoan egingo ditu Korrikak, eta, beste urte batez, Nuria Amorrortu Juezen etxe aurretik izango da horietako bat. Amorrortu auzo horretako batzordeko arduraduna izan da azken urteotan, baina bera 16 urte zituenetik dabil horretan sartuta. "Sentimendu handiarekin hartzen dudan gauza bat da; niretzat ikaragarria da herria horrela parte hartzen ikustea", adierazi du. Auzo horretako batzordea Txorierrikoakaz dago sartuta, eta, Amorrortugaz batera, Auzokoa Herrikoi Elkarteko kide bat eta "betidanik euskalgintzan egon den emakume bat" daude; hala ere, ekintzak antolatzeko orduan, IGEkoen eta Emakatz elkarteko nesken laguntza ere izaten dute. Kilometroak banatzeko orduan, aldiz, hainbat enpresa eta elkartek parte hartzen dutela azpimarratu du, "beraz, ez dugu arazorik izaten kilometroak betetzeko. Arazo gehiago izan ohi dugu tarteak banatzerakoan, denek nahi dutelako herrigunean lekukoa eraman".

10:00etan, gutxi gorabehera, Korrikak eskualdea utziko du, eta Euskal Herriko beste hainbat udalerritako batzordeen borondatezko lan anonimoari esker, bere ibilbidea jarraituko du, otsailaren 24an Baionan amaitu arte.

Ibilbidea Uribe Kostan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun